Antzinako zibilizazio gehienen aburuz, denbora ziklikoa da. Mito asko aurki daitezke historian zehar munduaren amaiera iragartzen dutenak, eta amaieraren ondoren birsortuko dela aurresaten dutenak, ziklo berri bati hasiera emateko. Ziklo haiek infinituraino errepikatuko lirateke behin eta berriro. Greziar filosofo askok ideia hau muturreraino eraman zuten betiereko itzultzea proposatuz. Ikuspegi honen arabera, gizaki guztiaz behin eta berriro jaio eta bizitza berbera bizitzera kondenaturik egongo ginateke. XIX. mendean Poincarek ideia hau matematikoki berpiztu zuen. Beste batzuek soilik uste zuten historiak eskema zikliko jakin batzuk jarraitzen zituela, baina ez zirela gertaera berberak errepikatuko; horregatik jotzen zuten denbora zirkulartzat.
Denboraren zirkulartasunaren ideiak naturaren zikloetan oinarriturik egoteagatik izan zuen onespen handia. Hots, planeta eta izarren mugimenduak, merak, urtaroak… denak ziklikoak dira: beraz, zergatik historia ez da ziklikoa izango?
Gaur egunean, ostera, denbora iraganetik etorkizunera doan lerro zuzen baten moduan irudikatzen dugu. Pentsatzeko modu hau erlijio kristautik datorkigu. Lehen idazle kristauek garrantzi handia ema zieten inoiz errepikatuko ez ziren gertaera batzuei. Haientzat jainkoaren semea behin besterik ez zen hil gurutzean eta behin besterik ez altxatu hildakoen artetik. Jainkoak momentu jakin batean sortu zuen mundua eta apokalipsiak munduaren behin betiko amaiera ekarriko du.
Denboraren gezia artikuluan zehar, denboraren propietate bat aztertzen saiatuko gara fisikaren ikuspuntutik: beraren norantza.
Denboraren geziaren kontzeptua Eddingtonek definitu zuen denboraren asimetria bat finkatzen duten elementuei aipamena egiteko. Hau da, denboran itzulezinak direnak eta beraz soilik norantza batean gerta daitezkeenak. Horien artean garrantzitsuenak ondokoak dira:
- Kuantikoa: uhin funtzioaren kolapsoaren bidez zehazten du denboraren norantza bat. Horretaz gain, K mesoi neutroa edo kaioa delako partikularen desintegrazio prozesu batzuk ez dira denboran simetrikoak.
- Erradiazioarena: nahiz eta uhin elektromagnetikoek jarraitzen duten ekuazioak bi soluzio onartze dituen (etorkizunerantz hedatzen den uhina eta iraganerantz hedatzen dena), esperimentalki soilik etorkizunerantz doan uhina neurtzen da.
- Termodinamika: termodinamikaren bigarren legea denboran asimetria bat esplizituki finkatzen duen fisikaren lege bakarra da. Haren arabera, unibertsoaren entropia beti handitzen da.
Izaten, oinarrizko partikulen jarraitzen dituzten legeak guztiz simetrikoak dira denboran. Baina partikula askoz osaturiko sistemen termodinamikaren lege itzulezinak betetzen dituzte. Asimetria honen itzulezintasunaren paradoxa planteatzen du: nola izan liteke lege itzulgarrietatik denboran asimetria bat ondorioztatzea? Hainbat zientzialarien aburuz kaos dinamikoa dugu paradoxa honen ebazpena. Nahiz eta printzipioz posiblea izan sistemaren eboluzio zehatza lortzea, praktikan saihestezinak diren akatsa esperimentalak hastapen-baldintza neuretzean eta sistemaren gainean nahitaez eragiten egongo diren kanpo interakzioak direla eta, eboluzio hori zehazki aurresateko gaitasuna galtzen dugu.
Beste ikertzaileen arabera, entropiaren handipena ez da zertan azaldu behar. Mekanika estatistikoaren interpretazioa jarraituz, naturalena entropia handitzea baita, sistemak entropia altuko entropia baxuko baino mikroegoera gehiago baitauzka eskuragarri. Ikuspuntu honen arabera, azaldu beharrekoa da gure unibertsoaren hasierako entropia baxuko egoera litzatekeela. Izatez, gure unibertsoaren hasiera izugarri berezia izan zen. Alde batetik, printzipio antropikoa: unibertsoa horrela da gu existitzen garelako. Bizitza sortzeko balditarik eskaintzen ez duen unibertso ba behatzea ezinezkoa izango litzateke berea. Bestetik, oraindik ezezaguna den grabitazio kuantikoaren teoria oso bat beharrezkoa da unibertsoaren sorrera guztiz ulertzeko, eta teoria hori izan daiteke galdera honen erantzunaren giltza.
Artikuluaren fitxa
- Aldizkaria: Ekaia
- Zenbakia: 28
- Artikuluaren izena: Denboraren gezia.
- Laburpena: Denboraren gezia denboran norantza berezi bat finkatzen duen edozein efektu edo prozesu bezala defini daiteke. Artikulu honetan denboraren geziaren kontzeptua aztertuko da fisikaren arlo desberdinen ikuspuntutik. Funtsean fisikaren legeak bi multzotan banatzen dira. Alde batetik oinarrizko partikulek jarraitzen dituzten legeak denboran simetrikoak dira. Beste aldetik partikulen sistema makroskopikoei aplikatzen zaizkienak, termodinamikaren bigarren printzipioa bereziki, denboran asimetria bat finkatzen dute. Nola izan liteke denboran asimetria bat egotea azpitik dauden legeak itzulgarriak izanik? Itzulezintasunaren paradoxa hau aztertuko da eta literaturan proposatu diren erantzun posibleak eztabaidatu.
- Egileak: David Brizuela
- Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
- ISSN: 0214-9001
- Orrialdeak: 57-81
- DOI: 10.1387/ekaia.11967
Egileaz: David Brizuela UPV/EHUko Fisika Teorikoa eta Zientziaren Historia Saileko ikertzailea da.