Asteon zientzia begi-bistan #114

Dibulgazioa · Zientzia begi-bistan

zientzia begi-bistan 114

Astronomia eta astrofisika

Juno zunda iritsi da Jupiterrera. Planetaren sorrera eta bilakaera aztertzea da bidaia honen helburua: osaera, atmosfera eta magnetosfera ikertuko dute datozen hilabeteetan. Orain arte, Jupiterrera egin diren misioetan zundek energia nuklearra erabili dute. Junok, ordea, eguzki-plakak daramatza bere hiru besoetan. Babes berezia jarri diote zundari, oso baldintza gogorretan arituko baita lanean. Jupiterri buruzko informazioa lortzeko, bederatzi tresna daramatza Junok; tartean, mikrouhin-erradiometroak, eta infragorrizko espektrometro bat hodeiak aztertzeko; partikula energetikoen detektatzailea; eta magnetometro bat. Guztiekin jasotako datuek, Jupiterren sorrera ez ezik, eguzki-sistemarena ere hobeto ezagutzeko aukera emango dute.

Sustatuk ere eman du Juno zundari buruzko informazioa. Jupiter planetaren parte desberdinak arakatuko ditu, eta hurbileko mapa zehatz bat lortzea espero dute zientzialariek. Orbitetako hurbileneko faseetan, Jupiterren erradiazioa pairatuko du Junok, eta baliteke bere gailuetako batzuek huts egitea. Baina informazioa bildu eta transmititzeko gailurik baliotsuenak titaniozko kutxa baten barruan doaz, eta horiekin azken unera arte informazioa biltzea espero du NASAk.

Astronomia arloari jarraiki, Txinako FAST irrati teleskopioaren eraikuntza amaitu dute eta irailean martxan egotea espero dute. Munduan dagoen mota honetako gailu handiena da gaur gaurkoz. Bost urte behar izan dituzte proiektu hau eraikitzeko eta hamaika hilabete panel guztiak jartzeko. 138 metroko altuera du. Bere kokapena ere garrantzitsua da. Izan ere, Dawodang izeneko sakonunean dago, eta zonalde horretan dauden forma karstikoak oskola natural baten modukoak dira teleskopioarentzat, irrati interferentzietatik babesten baitute. Pulsar gehiago aurkitzeko balioko du irrati teleskopio berriak.

Zertan datza meatzaritza espaziala? Erantzuna artikulu honetan topatuko dugu. Asteroideetan dauden mineralak ustiatzean datza. Eta nondik datorkigu asteroideak ustiatzearen ideia? Eta non kokatzen dira objektu harritsu horiek? Marte eta Jupiter planeten orbiten artean dagoen asteroide-gerrikoan. Bertako objektuen tamaina oso aldakorra da baina esan daiteke asteroidetzat hartzeko objektuen diametroa 50 m eta 1000 km artekoa izan behar dela. Zer gertatzen da asteroideen baliabideak ustiatu ostean? Artikulua osorik irakurri orduan!

Eduardo Zubia astrofisikaria elkarrizketatu du Berriak. Astronomia irudiei buruz mintzatu da. Hubble teleskopioak egiten dituen argazki txundigarriak aipatzen dira adibide gisa. Astrofisikariak dio ez direla irudi errealistak: “Esaterako, koloreak aldatuta daude helburu zientifikoekin, aintzat hartzen baitira hainbat atomoren emisioak: sufrearena, oxigenoarena, hidrogenoarena… Eta oxigenoaren eta hidrogenoaren emisioek, adibidez, ia kolore bera dute, eta, beraz, kolore aldaketak egiten dira”. Teknologiak erraztu du argazki horiek egiteko aukera. Irudi artifizialak direla komentatzen du baina horiek informazio handia ematen dutela gaineratzen du.

Zientzia argazki horietan ere edertasuna topa genezake. Horri buruz hausnartu du astrofisikariak: “Jendea ahalik eta irudi estetikoena lortzen saiatzen dena, kolore politenak dituena; beste batzuk, berriz, irizpide etikoagoa dute, ahalik eta irudi errealenak egiten saiatzen dira, beti elaborazio teknologiko bat izango badira ere. Nolanahi ere, aintzakotzat hartu beharreko aldagai bat da edertasunarena”. Zientziak, beraz, estetika ere bilatzen du. Elkarrizketa osorik irakurtzea gomendatzen dizuegu:

Biologia

Marmotak eta hartzak izan dituzte mintzagai Zientzia Kaiera blogean. Oro har, oso toki hotzetan bizi diren ugaztunak (ez guztiek) hibernatu egiten dute. Gordelekuan daudenean, gorputz-tenperatura jaitsi, metabolismo-tasa minimo batera eraman eta ez dute jarduera muskularrik garatzen. Energia aurreztea dute helburu. Hibernatu ahal izateko gantz nabarra izateko beharrezkoa dute, hori baita esnatu ahal izateko behar dena. Horretaz gain, gantz nabarraren kokapen anatomikoa garrantzitsua da hibernatzen duten animalietan (aurreko artikuluan azaldu zigutenez). Fase hori gauzatzen duten animaliek bigarren ezaugarri komun bat dute gantz nabarraz gain: guztiak txikiak dira. Kontrakoa uste bada ere, hartzek ez dute hibernatzen.

Fisika

Denbora iraganetik etorkizunera doan lerro zuzen baten moduan irudikatzen dugu. Erlijio kristautik datorkigu hori. Lehen idazle kristauek garrantzi handia eman zieten inoiz errepikatuko ez ziren gertaera batzuei, adibidez. Artikulu honen bitartez, denboraren propietate bat aztertzen saiatu dira fisikaren ikuspuntutik: beraren norantza. Denboraren geziaren kontzeptua Eddington-ek definitu zuen denboraren asimetria bat finkatzen duten elementuei aipamena egiteko. Hau da, denboran itzulezinak direnak eta beraz soilik norantza batean gerta daitezkeenak. Horien artean azpimarratzen dituztenak hauxek dira: Kuantikoa, erradiazioarena eta termodinamika. Itzulezintasunaren paradoxa honen azterketa argia, artikulu honetan topatuko duzue.

Geologia

Klima-aldaketaren ondorioz, UPV/EHUko ikerketa batek aurreikusten den itsas mailaren igoerari aurre egiteko padurak berreskuratzea proposatzen du. Padurak ur geldiko eremuak dira, ez oso sakonak, lohitsuak eta landare ugari izaten dituzte. Hauek olatuen energia arintzen dute, eta energia handiko fenomeno klimatikoen aurkako oztopo naturalak dira. Kostaldeko ingurumena nola eraldatzen den aztertzea funtsezkoa da eskualdeko itsasertzak nolako bilakaera izango duen zehazteko. Horrela, bada, uste da Kantauri ekialdeko padurak egokitu egingo direla egungo itsas mailaren gorakadara.


Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.


Egileaz: Uxue Razkin kazetaria da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.