Udan ere zientzia begi-bistan

Dibulgazioa · Zientzia begi-bistan

Uxue Razkin

udan ere zientzia begi-bistan

Eboluzioa

Aztarnategietan aurkitutako animalia-hezurrak gizakiak kontsumitutakoak izan diren jakin ahal izateko bide bat da egun haragia jatean gizakiek hezurretan eragiten duten markak aztertzea. Hori da EHUko Geografia, Historiaurrea eta Arkeologia Saileko Antonio J. Romerok egin duena gidatzen duen ikerketa esperimental batean: frogatu dute gizakiek hezurretan egindako hozkadek ezaugarri bereizgarriak dituztela; haiei esker, beste animalia batzuek egindako hozkadetatik bereiz daitezkeela, eta bestalde, haragia aurrez kozinatua egoteak eragina duela marka horien agerpenean. Ikusi zuten hezurren erdiek baino gehiagok gizakien hozka-markak zituztela: bai hortz-markak, bai mastekatzeak eragindako hausturak. Eta ikusi dute marka horiek beste animalia batzuek eragindako hozketatik bereizteko moduko ezaugarriak dituztela, tamaina eta morfologia, esaterako. Berria egunkarian ere ikerketaren aipamena dugu.

Arkeologoek jarraitzen dute gure arbaso ezagunenetakoari buruzko datu berriak azaleratzen. Oraingoan, bereizmen handiko tomografia konputerizatuak eman die aukera jakiteko Lucy zuhaitz batetik erori zela. Ikertzaileen arabera, horrek indartu egiten du bere espeziea (Australopithecus afarensis), bipedoa izan arren, zuhaitzetan ere ibiltzen zela dioen hipotesia. Giza arbasoen fosilen artean, Lucyren hezurdura da zaharrenetakoa (3,18 milioi urte) eta osoenetakoa (hezurdura osoaren % 40). Erabilitako teknikari dagokionez, hezurren egitura xehetasun guztiekin hiru dimentsiotan ikusteko aukera ematen du, hezurrei inolako kalterik egin gabe. Hala, ohartu dira dituzten hausturak ez zirela hil ondoren gertatu, baizik eta bizirik edo hil-hurren zegoela.

Biologia

Enbrioietako zelulak plazentaren edo umekiaren parte izatea zelulen uzkurtzeko gaitasunaren arabera dagoela ondorioztatu dute European Molecular Biology Laboratorie-ko ikertzaileek. Ingurukoak baino gutxienez 1,5 aldiz gehiago uzkurtzen zirenek barrura egiten dutela neurtu dute. Eta zer dago uzkurtzeko gaitasun horren atzean? Proteina-apikalen kopurua. Azalpena, hemen: proteina apikal gutxien duten zelulak gehiago uzkurtzen dira, eta barrurantz mugitzen dira, umekia sortzeko. Bestalde, ikertzaileek zelulak uzkurtzea eragotzi zutenean, harrituta gelditu ziren: “Uzkurtzeko gaitasunean eragin genuenean, zelulak gainazalean gelditu ziren. Baina, espero zitekeen moduan plazenta-zelula bihurtu beharrean, enbrioi-zelula bihurtu ziren”, azaldu du Jean-Leon Maître ikertzaileak. “Horrek esan nahi du, inguruko indarrak sentitzea garrantzitsua dela zelulentzat, non dauden eta zer izan behar duten jakiteko”.

Bigarren mundu Gerraren ostean, era askotako datuak bildu ahal izan dituzte iparramerikarrek. Goarnizioetako soldaduek jaten dutena adibidez. Harreman interesgarria aurkitu dute goarnizioa zegoen tokiaren bataz besteko tenperaturaren eta soldaduek kontsumitzen zuten janari kantitatearen artean: askoz gehiago jaten dute toki hotzetan beroetan baino. Hauek dira muturreko datuak: 35 °C-ko bataz besteko tenperaturapean dauden soldaduek 3.100 kcal/egun kontsumitzen dute eta -30 °C-ko tenperaturapean daudenek, 5.000 kcal/egun. Erlazio horrek tenperatura-erregulazioaren beharrarekin zerikusia du. Izan ere, klima hotzetan bizitzeak dakarren bero-galerari aurre egin behar zaionean, gehiago jan behar da.

Groenlandiako marrazoari (Somniosus microcephalus) buruzkoa da honako albistea. Bizitza luzeena duen ornoduna da: 400 urte bizi daiteke. Atlantikoko iparraldeko ur hotzetan bizi da eta bost metrotik gora izatera iritsi daiteke. Erradiokarbono-datazioa erabili dute bazterkin gisa arrantzatutako 28 emeren adina kalkulatzeko. Bi handienek, 493 eta 502 cm-koak, gutxi gorabehera 335 eta 392 urte zituztela kalkulatu zuten. Harrigarria gero! Irakurri Elhuyar aldizkarian informazioa osorik.

Pinguino enperadoreari buruzko informazioa dugu irakurgai testu honetan. Antartikan bizi da animalia hau. Ezagutu dezagun gertutik: itsasoan bakarrik elikatzen da. Pinguino arra, negua hurbiltzen denean, uretatik irten eta oinez abiatzen da, itsaso izoztuaren gainetik, izotz iraunkorrean 50-100 km-tara dagoen txitatze-gunera. Han emea dago zain, erruteko prest. Arra heltzean arrautza bakar bat erruten du emeak eta, ondoren, itsasorantz abiatzen da. Arrari uzten dio arrautza, txita dezan, eta hanken artean arrautza gordetzen du. Bi hilabete baino gehiago irauten du txitatze-aldiak eta horren bitartean pinguinoak ez du ezer jaten. Bertan negua gordina da, askotan -40 °C edo -50 °C-taraino iritsi daiteke tenperatura. Txitatze-aldia amaitzen denean itzultzen da pinguino emea itsasotik, urdaila janariaz beterik dakarrela. Orduan heltzen da pinguino arrarentzat itsasora itzultzeko txanda. Emeak, urdailean ekarri duen janariaz, txita hazten du ondorengo asteetan, arra itsasoan elikatzen den artean. Harrigarria benetan pinguino arraren portaera.

Animalia endotermoen beroa barrutik dator, zelulen mitokondrioetan gertatzen diren erreakzioetatik. Animalia ektotermoena, berriz, kanpotik. Animalia homeotermoak, tenperatura konstante mantentzen dutenak, endotermoak dira. Endotermia agertzeko arrazoiak ez daude argi. Etengabe bero mantentzeko endotermo batek egun batean jan behar du masa bereko narrasti batek hilabete oso batean jaten duen beste. 2008 urtean ideia berri bat hasi da zabaltzen endotermia belarjaletan sortu zela, euren elikatze-eskariak orekatzeko bide gisa. Duela hiru hamarkada Albert Bennet eta John Ruben ikertzaileek honakoa proposatu zuten: homeotermia muskuluaren erresistentziarekin loturik zegoela. Baina aditu guztiak ez daude ados horrekin. Izan ere, erresistentzia eta ahalmen aerobikoa eskeleto-muskulu eta bihotzaren menpe dago, baina oinarri-metabolismoa garun eta erraien menpe dago. Adibidez: zenbait narrastik gaitasun aerobiko handia dute baina oinarri-metabolismoa oso apala dute. Beste zenbait lotura egin dituzte ikertzaileek historian zehar. Zein izan da orain arteko iritzi nagusia gai honetan?

Toki hotzetan bizitzeko moldaera nabarmenak dauzkate mamutek; ilaje lodia eta koipetsua, eta belarri eta buztan txikiak beroa gordetzeko (ez galtzeko). Horiexek dira oraingo elefanteekin konparatuta, ikus daitezkeen desberdintasun morfologiko argienak. Mamuten moldaera berri bati buruz hitz egin digute testu honetan, 2010. urtean zehaztu zutena. Egungo bioteknologiako metodoei esker eskuratu dezakegu iraganeko animalia horren fisiologiari buruzko informazioa. Nola egin dute, ordea? Irakur ezazue hemen zehaztasun handiz idatzitako prozesuaren azalpena.

Astronomia

Lurraren antzeko planeta bat detektatu dute Eguzkitik gertuen dagoen Proxima Centauri izarraren inguruan. Detektatutako planetak habitagarria izateko aukera du, ur likidoa izateko moduko tenperatura duelako. Planetari Proxima b jarri diote eta Puntu Gorri Ahul izeneko proiektuaren baitan aurkitu dute. Ez dute zuzenean behatu; izarrean eragiten dituen aldaketak baizik. Horretarako, Doppler metodoa erabili dute eta horren bitartez, ondorioztatu dute izarraren inguruan planeta bat dagoela. Lehen aztarnak 2013an jaso zituzten.

Klima-aldaketa

Greenpeacek hirietako garraioan jarri du mira orain. Bilboko, Bartzelonako, Valentziako (Herrialde Katalanak), Madrilgo, Sevillako eta Malagako (Espainia) garraioa aztertu du, eta Bilbori jarri dio notarik baxuena, ikerketako zerrendako azkeneko postuan agertzen da. “Klima-aldaketan erantzukizun handienetakoa duena bada ere, eta azken urteetan gasen isurketak gora egin arren, murrizketa helburu apalenak jarri izan zaizkio garraioari orain arte”, azpimarratu du txostenak. Bestalde, Bartzelona da mugikortasun planik onena duena. Hirietako mugikortasun ereduek “aldaketa sakonak” behar dituztela dio talde ekologistak.

Teknologia eta osasuna

Bizkar-muina kaltetuta duten gaixo paraplegikoen sentikortasuna eta funtzio neuromuskularrak hobetzea lortu dute garun-makina interfazeekin denbora luzez entrenatuta. Ikerketan parte-hartu duten zortzi gaixoek bizkar-muineko kalte larrien ondorioz 3-13 urte zeramatzaten erabateko paraplegiarekin. Urtebetez aritu ziren entrenatzen garun-makina interfazeekin (BMI, brain-machin interface). Interfaze ez-inbasiboak dira: txano batean jarritako elektrodoek jasotzen zituzten garunaren seinaleak. Hamabi hilabete igaro ostean, egindako azterketa neurologikoek erakutsi zuten gaixo guztiek hobekuntza nabarmenak izan zituztela, bai sentikortasunean, bai muskuluen borondatezko kontrolean.

Osasunari jarraiki, zika kasu baten berri eman du Osakidetzak. Hondurasen izan zen emakumea eta Euskal Herrira itzultzean hasi zen sintomekin. Haurdun dago baina ez dute ospitalera eraman behar izan. Gogora dezagun haurdunetan sortzen dituela Zikak arriskurik handienak, fetuetan eragiten ditu ondoriorik larrienak: mikrozefaliarekin jaiotzen dira usu.

Argitalpenak

Isabel Lete zientzialariak eleberri bat publikatu du: “La galerna y la mar” (euskaraz, Galerna eta itsasoa). Emakume arrantzaleen bizitza azaltzeaz gain, zientzialariaren aldetik, galerna zer den azaltzen digu honetan: “Nik galernak ikertu eta neurtzen ditut. Ezin nuen eleberria idatzi zientzia kontuan hartu gabe, hori baita nire esparrua. Halere, emakumeek fenomeno horri nola aurre egin zioten kontatu nahi izan dut, orain arte inork ez baitu hori azaldu”. Liburuaren egiturari dagokionez, kapituluak independenteak dira. Bakoitzak emakume baten bizitza kontatzen du eta galernaren osaerarekin tartekatu du narrazioa autoreak.

Mineralogia

Xabier Orue-Etxebarria geologo eta ikertzaileak ondorioztatu du gaur egun karobitzat jotzen diren askok burdinaren minerala erreduzitzeko labe gisa funtzionatu zutela Erdi Aroan. Historialariek galdutzat zituzten labe horiek baina ikerlariak topatu egin ditu: “Bertan egon dira beti, baina ez dira gai izan zer ziren argitzeko”. Egindako aurkikuntza azaldu du Burdin minerala erreduzitzeko ‘euskal labea’, teknologia hidraulikoaren aurreko teknologia liburuko artikuluan. Aurkitutako arrasto garrantzitsuenak magnetita eta burdin metalikoa izan dira: “Minerala burdina bihurtzeko azken fasean soilik agertzen dira horiek biak”. Horregatik, Orue-Etxebarriak ez zuen zalantzarik egin: labe hori burdin minerala metal bihurtzeko erabilia zen.

Ingeniaritza

Leihotik sartzen den argitasuna eta beroa kontrolatzen duen material bat asmatu du nazioarteko ikertzaile-talde batek. Azaldu dutenaren arabera, estalki bat da, orain arteko kristal adimendunak baino eraginkorragoa eta merkeagoa. Horretaz gain, malguagoa da, edozein azaletara egokitzen dena. Beroa eta argitasuna modu bereizian kontrolatzen ditu ere; argiari sartzen uzteko aukera dago, beroa kanpoan utzita, edo alderantziz. Ikertzaileek diotenez, estalkia aproposa da eraikinen energia-beharrak murrizteko. http://aldizkaria.elhuyar.eus/albisteak/leihoak-adimendun-bihurtzen-dituen-material-bat-as/

Geologia

Munduko lurrazal ozeanikorik zaharrena Mediterraneoan dago eta 340 milioi urte inguru izan ditzake. Elhuyar aldizkarian azaltzen digutenez, lurrazal ozeanikoa etengabe berritzen da eta gehienez 200 milioi urte izatera iristen da. Baina salbuespena Mediterraneoko Herodotus Arroan topatu dute. Lurrazalaren adina kalkulatzeko, datu geomagnetikoak aztertu dituzte, eta ikusi dute 315-365 urte izan ditzakeela Herodotus Arroko azalak. Ikertzaileek iradoki dute Pangea superkontinentearen garaiko Tetis itsasoaren parte izan zitekeela.

Bioetika

Maria Jesus Goikoetxeari, bioetikan adituari egin diote elkarrizketa Berrian. Kolonbian izan da berriki eutanasia legeztatzeko egiten ari diren urratsak ikertzen. Arlo honetan garrantzitsutzat jotzen du zaintza aringarriak garatzea bai osasun arloan bai gizartekoan ere: “Hori horrela egiten ez den bitartean, eutanasia eskariak egongo dira”. Aurrera egiteko, komunikazioak ere baduela garrantzia azaltzen du: “Kolonbian ikusi dut, esaterako, profesional guztiek dutela sei hilabeteko trebakuntza bizitzaren amaierari buruzko informazioa emateko orduan tresnak izateko. Eta beharrezkoa da”.

Eboluzioa

Groenlandiako hegoaldean, Isuan, 3.700 milioi urteko estromatolitoak aurkitu ditu Wollongongeko Unibertsitateko (Australia) ikertzaile-talde batek. Izotz-azpian zeuden eta izotza urtzean geratu dira agerian. Orain arte topatu diren bizi-arrastorik zaharrenak bihurtu dira. Elhuyar aldizkarian azaltzen digutenez, estromatolitoak mikroorganismoek sortutako karbonato-geruzez osatuta daude, eta orain arte ezagutzen ziren zaharrenek 3.480 milioi urte zituzten. Azken horiek Australiako kostan daude. Groenlandiakoak ikusita, ez dute zalantzarik izan ikertzaileek: organismo bizidunen ondorioz sortuak dira. Seguru asko, itsasertzeko ur ez-sakonetan haziko zirela ere zehaztu dute.

Emakumeak zientzian

Olatz Perez de Viñasprek informatika ikasketak egin zituen. IXA taldean tesia egiten ari da orain eta praktika gustagarrienak uztartzen ditu lan honetan: informatika, eta hasieratik erakarri egin zuen Euskal Filologia. Izan ere, medikuntzako terminologia ingelesetik euskarara automatikoki itzultzeko proiektu baten barruko ikerketa batekin ari da: “Tesia medikuntzaren arloan egiten ari naiz. Argi nuen euskararekin egin nahi nuela”. Hala, SNOMED CT sare semantikoa euskaratzeko lanetan dabil orain. Perez de Viñaspreren esanetan, mundu osoan erabiltzen da sare hori osasun-txostenak prozesatzeko. Eleaniztuna da gainera. Egiten ari naizenak gizarteari onura ekarriko diola pentsatzeak asko asetzen nau”. Bere tesiaren azken helburua, medikuei osasun-txostenak euskaraz idazteko aukera ematea da.


Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.


Egileaz: Uxue Razkin kazetaria da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.