Ariketa fisikoa egitea osasungarria dela esaten digute behin eta berriro. Fisikoa bakarrik ez, buruari eragitea ere onuragarria da. Nagiak atera eta aurten ere, udako oporretan egiteko astelehenero ariketa matematiko bat izango duzu, Javier Duoandikoetxea matematikariak aukeratu ditu Zientzia Kaieran argitaratzeko. Guztira sei ariketa izango dira.
Gogoan izan ahalegina bera –bidea bilatzea– badela ariketa. Horrez gain tontorra (emaitza) lortzen baduzu, poz handiagoa. Ahalegina egin eta emaitza gurekin partekatzera gonbidatzen zaitugu. Ariketaren emaitza –eta jarraitu duzun ebazpidea, nahi baduzu– idatzi iruzkinen atalean (artikuluaren behealdean daukazu) eta irailean emaitza zuzenaren berri emango dizugu.
Hona hemen gure seigarren ariketa: Noiz izango ditu berriro otsailak bost astelehen? Eta…
6) Aurten otsailak bost astelehen izan ditu. Zein urtetan gertatuko da horrelakorik berriro? Hemendik ordura arte, zenbat bider izango ditu urtarrilak bost astelehen?
Gure udako azken ariketa hau, seigarrena, ez dago “Calendrier Mathématique 2016. Un défi quotidien” delako egutegitik hartuta, baina zerikusi handia du egutegiarekin.
2 iruzkinak
Ba, nire kalkuluen arabera otsailak berriz izango ditu bost astelehen 2044. urtean eta, ordurarte 12 aldiz izango ditu urtarrilak bost astelehen.
Agur!
Zorionak Miren! Zure erantzuna zuzena da: https://zientziakaiera.eus/2016/09/19/5045/. Bejondeizula!