Aurrenekoz, Australiako aborigenen ikerketa genomikoa egin du nazioarteko talde batek. Duela ia 60.000 urte Afrikatik abiatu zen eta Eurasia hartu zuen lehen migrazio oldetik datoz, eta gaur egungo giza populazio antzinakoenetakoa osatzen dute, horrenbestez. Haien dibertsitate genetikoa harrigarria da: Australia hego-mendebaldeko eta ipar-ekialdeko taldeen artean dauden desberdintasun genetikoak handiagoak dira, amerikarren eta siberiarren artean daudenak baino.
Australiako aborigenak gutxietsita eta baztertuta daudela esan ohi da, eta badirudi halaxe gertatu zaiela ikerketaren alorrean ere. Orain, populazio honen aurreneko ikerketa genomikoa egin du nazioarteko talde batek, Eske Willerslev Kopenhageko Unibertsitateko genetistak gidatuta. Eta, hara non, haien DNAk asko du kontatzeko: gure antipodetako herri zaharrena ez ezik, Lurreko giza populazio antzinakoenetakoa ere bada, Afrikatik Eurasiara irten zuen lehen giza taldearen oinordekoak baitira. Nature aldizkarian eman dute ondorio horien berri.
Ikerketa honetan, gaur egungo Australiako 83 aborigenen eta 25 papuarren genomen sekuentziazioa egin dute. Hain zuzen, talde aborigenekin elkarlanean aritu dira, eta horietako asko artikuluaren egile zerrendan ere badaude. Lehenengo giza migrazioen inguruan Nature aldizkariak plazaratu berri duen artikulu sorta baten parte da hau, eta horiek guztiek bat egiten dute ondorio bati dagokionez: duela ia 60.000 urte Afrikatik abiatu zen migrazio olde bat eta bakarraren emaitza dira gaur egun munduan barreiatuta dauden populazioak. Hau da, irtenaldi bat baino gehiago izan zela dioten hipotesiei kontra egiten zaie kasu honetan.
Australiarrei dagokienez, behintzat, hala baieztatu dute Eske Willerslev eta taldekideek. Laurent Excoffier artikuluaren egileetako batek adierazi bezala, “ika-mika bizia izan da, Australiako aborigenak Afrikatik atera zen beste talde batetik ote datozen, Asiarren eta Europarren jatorri bera ez ote duten. Baina ikusi dugunez, Australiako aborigen gehienen egitura genetikoaren sustraiak handik datoz, Afrikatik abiatu zen migrazio olde beretik”.
DNA sekuentziazioek erakusten dutenez, Afrikatik atera eta gero, Australiako aborigenak eta papuarrak duela 58.000 urte bereizi ziren europar eta asiarrengandik. Ondoren, Australiako aborigenak eta papuarrak duela 37.000 urte bereizi ziren elkarrengandik, eta bitxia da hori, garai hartan bi lurraldeak bat eginda baitzeuden. Hau da, Australia eta Ginea Berria fisikoki bitan zatitu aurretik ere, bi populazioei dagokienez, nork bere bidea hartua zuen.
Handik aurrera, duela 31.000 urte inguru hasi zen Australiako antzinako populazioa azpitaldetan banatzen. Horregatik da hain handia aborigenen artean aurkitu duten dibertsitate genetikoa; oso herri zaharra delako, oso aspaldi hasi zirelako lurralde horretan hara eta hona mugitzen. “Australia hego-mendebaldeko eta ipar-ekialdeko taldeen artean dauden desberdintasun genetikoak handiagoak dira, esaterako, amerikarren eta siberiarren artean daudenak baino”, dio Anna-Sapfo Malaspinas artikuluaren beste egileetako batek.
Eske Willerslev ikertzailea, lanaren berri ematen, ingelesez
Australiako aborigenen %90 inguru pama-nyunga familiako hizkuntzen hiztunak dira, eta horra hor ikerketa honen beste bitxikerietako bat. Izan ere, familia hau duela sei mila urte inguru sortu zen, baina hizkuntza horien hiztunek 31.000 urte baino gehiago daramatzate Australian. Zer dela eta halako denbora etena? Eske Willerslevek adierazi duenez, Australiako ipar-ekialdean bizi zen populazioa lurralde osora zabaldu zen halako batean, eta migrazio horrek bat egiten du denboran, pama-nyunga hizkuntzen hedapenarekin: “Duela 10.000 urte inguru, populazioa handitu eta barreiatu egin zen, ipar-ekialdetik lurralde osora. Ziurrenik, hazkunde horrek aldaketak ekarri zituen hizkuntzan eta kulturan. Pertsona gutxi batzuek ikaragarrizko inpaktua izan zuten populazio osoan”.
Giza talde zaharrenetakoa izanik, Australiako aborigenak ikergai erakargarria dira. Baina ez horregatik bakarrik. Denbora luzean, ia ez dute harremanik izan inguruko beste populazioekin, duela bi mila urte inguru asiarrak eta geroago europarrak agertu ziren arte. “Hamarnaka milaka urtetan, mundu osotik isolatuta bizi izan dira”, gaineratu du Willerslevek. Ildo horretatik ere, badute zer aztertu.
Erreferentzia bibliografikoa
Anna-Sapfo Malaspinas et al. A Genomic History of Aboriginal Australia. Nature (2016). Published online 21 September 2016. DOI: 10.1038/nature18299
Egileaz: Amaia Portugal (@amaiaportugal) zientzia kazetaria da.