Zer dira hilkortasun-atlasak? Elkarrizketa Imanol Montoya epidemiologo eta estatistikoarekin

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Bizimodua azkar eta sakon aldatu digute XXI. mende honen hasieran gertatzen ari diren teknologia-aurrerapenek. Horrela gertatu da herri garatuak deritzen hauetan, eta ohi ez bezalako abiadura bizian gainera. Hori guztia dela eta, nik uste dut une hau bereziki egokia dela Roseto efektuari buruz biologia eta antropologia-hausnarketak egiteko.

Imanol Montoya Arroniz (Gasteiz, 1977) epidemiologia eta estatistikan ari da lanean, eta duela gutxi aurkeztu du bere doktorego-tesia UPV/EHUn: “Hilkortasunaren ekonomia eta gizarte-desberdintasunen bilakaera Euskal Autonomia Erkidegoaren zonalde txikietan”. Gaur berarekin hitz egingo dugu bere ikerketaren berri eman diezagun eta konta diezagun “hilkortasun-atlasak” direlako hauek nola egiten diren.

Irudia: Imanol Montoyak egindako ikerketak erakutsi du heriotza-tasan funtsezko ezberdintasunak daudela Euskal Herriko leku ezberdinen artean eta honen arrazoia, besteak beste, eremu geografiko bakoitzaren maila sozioekonomikoa dela. (Argazkia: www.naiz.eus)

Imanol elkarlanean aritu da Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailarekin eta neurri handi batean elkarlan horretan oinarritzen da bere tesia. Hau guztia MEDEA egitasmoaren barruan egin da, espainiar estatu mailako osasun-ekimen batean. Egitasmo honek berrikuntza dakar, zeren eta aukera ematen baitu estatistika-azterketak populazio txikiko guneetan egiteko. Lupa honi esker, gure bizitokiari lotuta egon litezkeen ingurumen, gizarte eta ekonomia-eragile batzuk azter litezke, horiek guztiek osasunari eragiten diotelakoan.

Esan daiteke Imanolen ikerketa lanak lehenengo aldiz kuantifikatu duela desberdintasun hauek hilkortasunean duten eragina. Ondorio garbiak atera ditu: EAEren zonalde txiroagoetan hilkortasun-tasa handiagoak daude. Ikus ditzagun kontu hauen zehaztapenak.

I.G: Imanol badakigu hilkortasuna, hau da, denbora tarte jakin batean gertatzen diren heriotzen kopurua oso desberdina dela batetik Afrikan eta bestetik Ingalaterran, Frantzian edo Espainian. Esaterako Afrikan malariak jota hiltzen da jendea, eta hemen ez da horrelakorik gertatzen. Zonalde handiak erkatzen ditugunean, oso nabarmenak dira desberdintasunak, baina egia ote da Euskal Herriko Hilkortasun-Atlasak iradokitzen duena, hau da, desberdintasunik antzeman ote daiteke gure auzoen artean?

I. M: Tankera horietako desberdintasunik ote dagoen zehaztea izan dugu helburu, eta ikusi dugu egon badaudela, eta gainera desberdintasun oso garrantzitsuak direla. Zientzialariek susmatu egiten zuten errealitatea, baina lan hau burutu arte ez da kontua kuantifikatzeko modurik izan. Euskal Herriko Hilkortasun-Atlasak 1996-2003 eperako estimazioak egin ditu, esparru geografiko eta zenbait kausaren arabera, eta sexuaren arabera ere.

I.G: 18 heriotza-eragile nagusi ikus daitezke mapan, suizidioa, trafikoko istripuak eta diabetesa bezalako hainbat gaixotasun eta 17 minbizi mota barne. Eta denak ere auzoen arabera edo errolda-atalen arabera. Zer da errolda-atal bat? Zergatik da hain garrantzitsua kontu honetan?

I.M: rizpide argien bidez zehazten dugu errolda-atala deitzen dugun hau: geografia-ezaugarriak (ibaiak, mendiak…), gizakiak egindako eraikin iraunkorrak eta bideak (kaleak, errepideak,…). Lan hau egiteko 2001. urteko Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) 1.645 errolda-atal erabili ziren.

Errolda-atalak oso txikiak dira, 500 eta 3.500 biztanleren artean baitaude; adibidez Gasteizek 160 atal zeuzkan 2001ean. Hiri bateko auzoetan, 10-20 atal egon ohi dira.

Izan ere, ikusi izan da errolda-atala dela azalera geografiko egokiena espazioaren araberako osasun-aldaketak aztertzeko. Alde batetik, errolda-atal jakin bateko populazioa homogeneoa da bizimodu eta gizarte, ekonomia eta ingurumen-ezaugarri komunak dituztelako. Beste alde batetik, errolda-atalaren tamainak uxatu egiten ditu konfidentzialtasun arazoak. Gainera, lan hauek egiteko beharrezko gertatzen den informazioa era honetara antolatuta egon ohi da erakunde ofizialetan ere.

I.G: Beraz, ezaugarri komunak eta populazio homogeneoa. Atal batean enpresa bat badago, edo langabezia gehiago, agian hilkortasun tasa handiagoa ote dagoen begiratu beharko genuke. Aukerarik ematen du Atlasak horrelakoak aztertzeko? Nondik lortzen dituzue datuak?

I.M: Zenbait iturritatik. Alde batetik, gizarte eta ekonomia-adierazleak erabili dira auzo txiroenak zein diren zehazteko: langabezia, esku-langileak, aldi bateko langile soldatakoen batez bestekoa. Datu hauek guztiak eta oro har, errolda bera, 2001eko Populazio eta Etxebizitza Erroldatik lortu ditugu, eta era berean, Eustateko Populazio eta Etxebizitzen Datu Estatistikoetatik.

Bestetik, Eustatek biltzen ditu INErekin elkarlanean EAEko heriotza-datuak Heriotza Datu Estatistikoetan.

Atlaseko estatistika-metodologiaz baliatuta, Osasun Sailak beste harreman funtsezko bat aztertu du: zonalde txikietako heriotza-arriskuaren eta etxebizitzetatik hurbil dauden enpresa kutsatzaileen artekoa. Kutsadura Igorpen eta Iturrien erregistrotik lortu ziren enpresei buruzko datuak (EPER Euskadi / E-PRTR). Erregistro horrek jendeari informazioa ematen dio atmosferara, uretara eta lurrera egiten diren igorpenei buruz. Zehazkiago, informazioa ematen du kutsadurako gaiez eta hondakin-transferentziez, bereiziki industria nagusiei buruz eta zenbait iturriri buruz

I.G: Badirudi beraz osasunean desberdintasunak antzeman daitezkeela ataletan zehar. Zer egin dezakegu hori jakinda?

I.M: Oso garrantzitsua da Euskal Herriko hainbat tokitan hilkortasun-arrisku handia dagoela jakitea. Horrela, aukera izango dugu desberdintasun horien aurkako neurriak hartzeko edo politika jakin batzuk abian jartzeko.

Jakitea da edozein arazo konpontzeko lehenengo urratsa. Orain dela gutxi arte, esaten zen Euskal Autonomia Elkarteko osasuna bikaina zela bestelako zonaldeekin, adibidez Espainiarekin erkatuta. Hori egia zen neurri batean, baina ez zen kontuan hartzen Euskal Herriaren barruan desberdintasunak zeudela biztanleen artean. Adibidez, Bilboko Itsasadarreko eskuinaldean jaiotako norbaitek ia 9 urte gehiago dauzka bere bizi-itxaropenean, Bilbo Zaharrean jaio den batek baino. Zonalde beraren barruko desberdintasun hauek ez dira ez bidezkoak ez etikoak, eta behartuta gaude nonbait horren aurka zerbait egiteko.

I.G: Imanol, bukatu baino lehen, esaguzu non aurki ditzakegun Atlas gehiago.

I.M: Atlas hauek gero eta ugariagoak dira. Medea egitasmoa, espainiar hiri batzuk aztertzen ari da, eta ikerkuntza-lerro hau bizkor dabil horri esker Espainia eta Europan zehar. Europako atalak, Ineqcities izena dauka.

Espainian, badaude metodologia berbera erabili duten beste lan batzuk. Oro har, liburuak eta argitalpenak dira:

  • Espainiar hirietan: “Atlas de mortalidad en ciudades de España (1996-2003).”
  • Madrilen: “Atlas de mortalidad y desigualdades socio-económicas en la Comunidad de Madrid (2001-2007).”
  • Espainia osoan: “Atlas de mortalidad en municipios y unidades censales de España (1984-2004)”. Kasu honetan, udalak dira unitatea, ez errolda-atalak.
  • Europan ere badira, eta ziur aski hauxe da onena: The enviroment and health atlas for England and Wales.
¿Las desigualdades sociales matan en Euskadi? Sí, y hay cifras

Bideoa: Imanol Montoyak 2016ko urrian emandako hitzaldia, “Gizarte-ezberdintasunek hil egiten dute Euskadin? Bai, eta zifrak ere badaude


Egileaz: Ines Garmendia (@inesgn) matematikaria eta estatistikaria da.


Itzultzailea: Juan Carlos Odriozola


Oharra: Jatorrizko elkarrizketa Desayuno con Fotones blogean argitaratu zen 2016ko uztailaren 20an. Bertatik jaso dugu elkarrizketaren atal bat gurean argitaratzeko. Eskerrak eman nahi dizkiogu blogeko arduradunei zein egileei gurera ekartzeko baimena emateagatik.

1 iruzkina

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.