Euskokantauriar arroaren sorrera Pangea superkontinentearen apurketarekin abiatzen da Paleozoikoaren bukaeran (270 Ma). Ondorengo 200 Ma-tan zehar arroaren garapena etengabea izan zen, baina ez konstantea. Estentsio-esfortzuen eraginaren arabera rifting prozesua azkartzen edo moteltzen zen. Aldaketa hauei esker, Euskokantauriar arroko bilakaeran, ondoren deskribatuko diren bi rifting-urrats nagusi eta beste bi urrats bereizten dira.
Triasikoko rifta (270-210 Ma)
Mantuko korronte astenosferikoen eraginez Pangea superkontinenteak estentsioaren eragina pairatu zuen, eta sakabanaketaren aurreko hausturak eta failak garatu ziren. Egoera honetan rift egiturak sortzen dira, bertan lehendabizi ibaietako metakinak (Buntsandstein faziesa) eta oso sakonera gutxiko (Muschelkalk faziesa) edo kostaldeko baldintzetan (Keuper faziesa) sortutako materialak metatu ziren. Gaur egun, fase honetan pilatutako arrokak Euskokantauriar arroaren ertzetan baino ez dira azaleratzen, Aiako Harriaren inguruan eta Kantabrian, asturiar Mazizoaren gainetik.
Rift-arteko urratsa (210-160 Ma)
Batez ere Jurasikoan zehar garatutako urrats honetan estentsioa moteldu egiten da, baina subsidentziaren eraginez arroaren bilakaerak aurrera darrai, nahiz eta sedimentazio-baldintzak konstante mantendu 50 Ma-tan. Itsasoak bereganatzen ditu sortutako rift-eremu hondoratuak, eta hasieran arro osoa sakonera oso txikiko karbonatozko arrapala bati dagokio, eta kostaldetik gertu pilatzen diren fazies-gerrikoak garatzen dira. Ondoren, sakonera zerbait handitu egiten da, arrapala hemipelagikoa garatuz eta belakiak edo zoophycus-ak dituzten kareharrien eta tupen arteko txandakatzea gertatzen da.
Gaur egun, urrats honetako azaleramendu nagusiak arroaren mendebaldean daude (Kantabrian eta Palentzia eta Burgos iparraldean). Hala ere, beste toki batzuetan ere azaleratzen da: Bortzirietako mendiguneko ertzetan, Tolosa eta Azkoitia artean, Aralarko mendilerroan, Urdaibaiko itsasadarrean eta Aulestin, eta Araban, Montoria edo Nograron.
Bizkaiko golkoko rifta (160-95 Ma)
Plaka tektonikoen zinematikaren berrantolaketa baten ondorioz, Iberiar plaka Eurasiar plakarekiko erloju-orratzen norabidearen aurka biratzen hasi zen, ondorioz, bi plakak elkarrengandik bereizi ziren estentsio-esfortzu nabarmenen eraginpean. Hauen eraginpean Bizkaiko Golkoa ireki zen, eta kontinente-lurrazalaren mehetze-prozesu baten bidez (hipermehetutako lurrazala), arroa, progresiboki, zabaldu eta sakondu egin zen.
Garai honetako Euskokantauriar arroaren paleogeografiak ondoko eskema erakusten du (2. irudia). Hegoaldean, Iberiako plakaren gainean, sedimentazio kontinentala zen nagusi (hareharri eta konglomeratuak; Conchas de Haro). Iparralderantz kontinente-plataforma zegoen, failek mugatutako altuguneetan eta sakonuneetan banatuta. Sakonera txikiko eremuetan sedimentazio karbonatatua zen nagusi (kareharri urgondarrak; Aralar, Anbotoko gailurreria, …) eta sakonuneetan sedimentazio detritikoa (lutita eta harearriak; Balmasedako delta). Iparralderago, arroko eremu sakonena aurkitzen zen eta estreinakoz flysch sekuentziak sortzeko beste sakonera lortu zen (Flysch Beltza). Iparralderago Landetako altugunea zegoen, orduan uraren gainetik aurkitzen zena.
Kontinente-ertz pasiboa (95-84 Ma)
Garai honetan estentsio-esfortzuak moteldu egiten dira, baina arroak inoiz izan duen zabalera eta sakonera handiena bereganatzen du, kontinente-litosfera hoztu ahala hondoratzen jarraitzen duelako. Euskokantauriar arroa ozeano bihurtzeko zorian aurkitu zen, baina ez zuen lortu, bertan inoiz ez zelako ozeano-gandorrik garatu, eta ondorioz, ozeano-lurrazal jarraiturik ez delako sekula sortu.
Baldintza hauetan, hegoaldeko kostaldea aurreko urratsean baino hegoalderago aurkitzen zen, kontinente-plataforma askoz zabalagoa zen (Sunbillako kareharriak) eta arroaren erdiko aldean, inoiz lortu izan diren eremu sakonenetan, flysch segidak metatzen ziren etengabe (Zumaia, Bidart edo Barrikako flyschak). Gainera, flysch segida horiekin tartekatuta mantuan jatorria duten arroka bolkanikoak ugari dira (Meñakotz, Astrabudua, Errigoiti, Eibar, Elgoibar,…), kontinente-lurrazala apurketatik gertu egon zela adieraziz.
Ondoren, plaken zinematika berriro berrantolatu egiten da eta Afrikako plakak Iberia Eurasiarantz bultzatzen du. Ondorioz, estentsioaren eraginpean zegoen Euskokantauriar arroa konpresioaren eraginpean gelditzen da, eta nahiz eta materialen metaketak aurrera jarraitu zuen, bilakaera geologikoaren fase berri bat abiatzen da, konpresio-fasea.
Artikuluaren fitxa
- Aldizkaria: Ekaia
- Zenbakia: Ekaia 29
- Artikuluaren izena: Euskokantauriar arroko eboluzio geologikoa I: estentsioaren eraginpean.
- Laburpena: Euskokantauriar arroaren eboluzioak oso iraupen luzea du. Goi Permiarrean hasi zen, eta azken prozesuak, Miozenoan gertatu ziren. 250 Ma inguru horietan zehar, aldaketa nabarmenak izan dira bai erregimen tektoniko nagusian (luzapena, konpresioa), bai plaken arteko muga aktiboarekiko distantzian (rifta, ertz pasiboa, ertz aktiboa), eta bai azpiko lurrazalaren izaeran (kontinentala eta hipermehetua). Euskokantauriar arroak, oro har, eboluzio-prozesu konplexua du, baldintza tektoniko nagusiei egokituz pixkanaka aldatu zena..
- Egileak: Arturo Apraiz, Arantza Aranburu, Miren Mendia eta Arantxa Bodego.
- Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua.
- ISSN: 0214-9001
- Orrialdeak: 7-21
- DOI: 10.1387/ekaia.14370
Esker onak
Egileok eskertu nahi dugu Sergio Roblesek erakutsitako prestutasuna Euskokantauriar arroari buruz dakiena gurekin partekatzeko.
Egileez: Arturo Apraiz, UPV/EHUko Geodinamika saileko irakaslea eta ikertzailea da; Arantza Aranburu eta Miren Mendia Mineralogia eta Petrologia saileko irakasleak dira; Arantxa Bodego UPV/EHUko Meatze eta Metalurgia Ingeniaritza eta Materialen Zientzia saileko irakaslea eta ikertzailea da.
—————————————————–
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.
2 iruzkinak
[…] horiek onartu eta adin horietako Estratotipoak beste lurralde batzuetan definituta daude. Hala ere, Euskokantauriar Arroko azaleramenduen kalitatea balioesteko, horietako batzuk Estratotipo ofizialen osagarri izendatu ditu […]
[…] Flysch guztiak bezalaxe, Armintzakoa ere jatorri sedimentarioko eraketa geologiko bat da, arroka-geruza gogorrak eta material bigunagoen geruzak txandakatzen dituena, halako moldez non liburu baten orriak balira bezala agertzen baitira. Armintzako flyscharen berezitasuna da sedimentu iluna dela. Kretazeoaren eta Paleogenoaren […]