Frances Arnold: Teknologia berdearen iraultzan murgilduta

Emakumeak zientzian · Kolaborazioak

Iaz lortu zuen Frances Hamilton Arnold ingeniari biokimiko estatubatuarrak Millennium Technology Saria. 2004. urtean Tim Berners-Leek –Wolrd Wide Weba garatu zuenak– lehenengo saria jaso zuenetik, ez zen agertu irabazle emakumerik zerrendan. 2016 urtera arte, jakina. Arnold sari hori lortu zuen lehen emakumea izan zen. Teknologia alorreko “Nobel” gisa ezagutzen da komunitate zientifikoan eta jendearen bizitza hobetzen duten proiektuak saritzea du xede. Arnoldek “bideratutako eboluzioa” metodoa garatzeagatik erdietsi zuen hura.

1. irudia: Frances Hamilton Arnold ingeniari biokimikoak 2016ko maiatzaren 24an jaso zuen Millennium Technology Saria Helsinkin. Saria hartu ondoren adierazi zuen: “Espero dut emakumeek ikustea zientzian eta teknologian karrera gogobetegarriak eta onuragarriak izan ditzaketela”. (Argazkia: Technology Academy Finland)

Laborategian entzima berriak diseinatzea eta hobeak sortzean datza bere lana, eboluzio naturala imitatuz, gerora produktu industrialetan aplikatzeko. Argiro azalduta, DNAren zati txiki batzuekin (geneak) eta kodifikatzen duten proteinekin lan egiten du Arnoldek. Teknologia hori –bioteknologia– biologiaren eta eboluzioaren indarraz baliatzen da arazo garrantzitsuak gainditzeko (abeltzaintza, farmazia, elikagaien-zientzia eta medikuntza arloetan, besteak beste). Adibidez, azukrea oinarri duen erregaia sortzea izan da ingeniari honek garatu duen lanetako bat, energia berriztagarriak eta teknologia “berdeen” bidetik jotzeko asmotan.

Entzimak funtzio metabolikoa (biokimikoa) betetzen duten katalizatzaileak dira, hau da, azkartu egiten dituzte organismo bateko erreakzio biokimikoak. Entzimen lana ulertzeko elikagai batzuekiko intolerantziak izango ditugu ardatz, hala nola laktosarena. Laktasa, laktosa azukre disakaridoa (glukosa eta galaktosaz osatua) digeritzeaz arduratzen den entzima da, ugaztun askok gure digestio aparatuan sortzen duguna. Horren urritasunak edo eraginkortasun ezak eragiten du laktosa ez digeritzea. Laktasak laktosa hidrolizatzen du eta hala organismoak arazorik gabe asimilatzen du.

Azalpen hau guztia teknologia alorrera ekarriz, Arnold aditua den horretara, zelulosa aipatuko dugu. Bakteria batzuek, zelulosa sintetizatzeko gaitasuna duten geneak dituzte euren genometan. Gene hauek ekoizten dituzten entzimak gai dira, pausoz pauso, zelulosa sarea ekoizteko. Gaur egun zelulosa erreakzio kimikoen bitartez ekoizten da industria kimikoetan, merkeago eta prozesu azkarragoa delako. Dena den, entzima hauen geneak aldatuz eta bideratuz ekoizpena handitu daiteke etekin gehiago lortzeko, horrela prozesua merkeago bihurtuz. Gainera, hasi dira bakteria bidez ekoiztutako zelulosa merkaturatzen. Adituen esanetan kalitate hobeko zelulosa sortzen da bio-sintesiaren bitartez. Zelulosa egun oso hedatuta dago, hala nola oinetakoak, papera eta beste zenbait produktuen oinarri baita.

Arnoldek genomen mutazioak egiten ditu, eboluzionatzen ditu entzima hobeak edo eraginkorragoak lortzeko, ondoren horiek industrian eta teknologian erabiltzeko. Ingeniariak berak azaltzen du zertan datzan bere lana BBC-ko elkarrizketa batean: “Ausazko mutazioak egiten dituzu eta aztertzen dituzu interesatzen zaizkizun propietateak eta gero, prozesua errepikatzen duzu, kontuan izanda zeintzuk diren aldaketa onuragarri horiek”.

2. irudia: Frances Arnold ingeniarik gizakiok ingurumenari sortarazten diogun kaltea izan du kezka nagusi. Hori dela eta, teknologia berdeak garatzea izan da haren helburua eta ikerlerroa.

Teknologia iraunkorrak

Arnold teknologia “berdearen” defendatzaile sutsua da eta alor honetan lan egiten duen Gevo enpresako fundatzaileetako bat izan zen. Arnolden taldeak, besteak beste, entzima bat eboluzionatu zuen, azukre landare batetik abiatu ziren hegazkinetako erregaia sortzeko, hau da, energia berriztagarria oinarri duen produktu kimikoak eta erregaiak sortzen dituzte. Bideratutako eboluzioak entzimak hobetzen ditu zelulosa edo beste azukre landareak bioerregaiak eta kimikoak bihurtzeko. Arnoldek aurkeztutako berritasuna da entzima katalizatzaileak lortzea industria- farmazeutikorako. Emaitzak izan ditu metodo honek jada. Izan ere, sendagaiak sortu dituzte, 2 motako diabetesa (DM2) tratatzeko.

Jasotako sariaren dirua ikerketara bideratu du Frances Arnoldek. Besteak beste, haren bi ikasle ohirekin pestiziden alternatiba ez toxikoak garatzen dihardu. Haren esanetan, ingeniari kimikoen %16 soilik emakume izan arren, 2016an jaso duen sariak erakusten du emakumeak gai direla alor honetan ondo lan egiteko, munduari ekarpenak egin eta egindakoen aitorpena lortzeko.

Oharra: 2018an Kimikako Nobel saria jaso zuen Frances Arnoldek entzimen eboluzio gidatua garatzeagatik. Saria George Smith eta Gregory Winter ikertzaileekin partekatu zuen.


Egileaz: Uxue Razkin Deiako kazetaria da.

1 iruzkina

  • […] Iaz lortu zuen Frances Hamilton Arnold ingeniari biokimiko estatubatuarrak Millennium Technology Sar…, hori lortu zuen lehen emakumea izan zen. Teknologia alorreko “Nobel” gisa ezagutzen da komunitate zientifikoan eta jendearen bizitza hobetzen duten proiektuak saritzea du xede. Arnoldek “bideratutako eboluzioa” […]

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.