Ilearen proteina aurkitu dute ezustean

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Nerbioetan hazten diren tumore batzuk nola sortzen diren aztertzen ari zirela, ilea hazteko ezinbestekoa den proteina bat identifikatu dute ikertzaile estatubatuar batzuek. Adatsa urdintzen duen mekanismoa ere aurkitu dute, aldi berean.

1922an, Alexander Fleming bakterio batzuk aztertzen ari zen plaka batean, onddo batek hura kutsatu zuenean. Onddo hark bakterioak hiltzen zituela konturatu zen ikertzailea, eta hala, penizilinaren propietate antibiotikoak aurkitu zituen oharkabean. Halako gertakariei serendipia deitzen zaie: ustekabean zerbait aurkitzeari, berez beste zerbaiten bila ari garenean.

Horixe gertatu berri zaio Texasko Unibertsitateko Southwestern Medikuntza Zentroko (AEB) ikerketa talde bati. Lu Le doktoreak zuzenduta, tumore mota zehatz bat nola sortzen den aztertu nahian zebiltzan, oso bestelako zerbaitekin topo egin zutenean. Izan ere, ilearen hazkundeaz arduratzen den proteina identifikatu zuten, bai eta adatsa urdintzen duen mekanismoa aurkitu ere. Genes & Development aldizkarian eman dute ikerketa lanaren berri.

1. irudia: KROX20 proteina gakoa da ilearen hazkundean. Hura gabe, burua soildu egiten da.
(Sinadura: Welshsk / CC BY 3.0 lizentziapean)

Ileen folikuluen azpialdean dauden azaleko zelula amek zerikusia dute ilearen hazkundean, eta hori jakina zen lehendik ere. Ikertzaileek ez zekiten, baina, nola ematen duten zelula horiek azaletik ilerako jauzia. Kasualitatez aurkitu dute erantzuna. Southwesterneko ikertzaileok 1 motako neurofibromatosia ari ziren aztertzen; gaitz genetiko honen eraginez, tumoreak nerbioetan hazten dira, toki berezia oso. Horren harira, nerbioen garapenarekin zerikusia duen KROX20 proteinari erreparatu zioten, baina hara non, bestelako funtzio bat aurkitu zioten, ilearen hazkundeari lotuta.

Zelula amak folikuluen oinarrira mugitzen direnean, KROX20 proteina aktibatu egiten da, ilearen hazkundeaz arduratzen diren azaleko zeluletan. Gainera, ondoren, hain zuzen ere KROX20aren eraginez, zelula horiek beste proteina bat ekoizten dute: SCF edo zelula amen faktorea. Zelula batean bi proteina horiexen espresioa gertatzen denean, folikuluan gora egiten dute, interakzioa daukate pigmentua sortzen duten melanozito zelulekin, eta hala, ilea osasuntsu eta koloretsu hazten da.

2. irudia: SCF proteinak bere lana egiten ez duenean, pigmentazioa desagertzen da, eta ilea urdindu.
(Aragazkia: Homini / CC BY 2.0 lizentziapean)

Horrenbestez, KROX20 ezinbestekoa da ilea hazteko, eta adatsak kolorea izan dezan, beharrezkoa da, gainera, SCF proteinak ere bere lana betetzea. Hala egiaztatu dute saguekin egin duten esperimentu honetan. Izan ere, KROX20 ekoizten duten zelulak ezabatuz gero, ilea ez da hazten, eta saguak soildu egiten dira, beraz. SCF genea bakarrik kentzean, aldiz, pigmentazioa desagertzen da eta ilea urdindu egiten zaie animalioi.

Aurkikuntza honen ondoren, denboraren poderioz proteina horien funtzionamenduak okerrera egiten ote duen aztertu nahi dute orain ikertzaileek. Adinean gora egin ahala ilea zergatik urdintzen den eta, batez ere gizonezkoen kasuan, burua zergatik soiltzen den ulertzea dute helburu horrela. Betiere, kontuan hartuta orain arte saguekin baino ez dutela lan egin. “Ezagutza honekin, etorkizunean konposatu bat garatu edo beharrezkoak diren geneak folikuluetan kokatu ahal izango ditugula espero dugu, arazo kosmetiko horiek zuzentze aldera”, azaldu du Lu Le doktoreak.

Erreferentzia bibliografikoa

Chung-Ping Liao; Reid C. Booker; Sean J. Morrison; Lu Q. Le. Identification of hair shaft progenitors that create a niche for hair pigmentation. Genes & Dev. (2017). DOI:10.1101/gad.298703.117


Egileaz: Amaia Portugal (@amaiaportugal) zientzia kazetaria da.

1 iruzkina

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.