Emakume jakintsu horietako bat izan nahi nuke

Emakumeak zientzian · Kolaborazioak

—Zuk ez dakizu oraindik baina emakume hauek gauza ikaragarriak egin dituzte —esan dio aita batek ondoan duen bere sei urteko semeari, aurrean dituen argazki erretratuak atzamarrez erakutsiz.

Aitari begiratu dio, ahoa zabaldurik. Betaurrekoak ondo jarri ditu umeak, keinu horrek gehiago ikusteko ahalmena emango balio bezala. Erretratuei eta ondoan dagoen testuari so egiten die mutilak. Ez du ezer ulertzen. Berriz begiratzen dio aitari

—Irakurriko didazu?

1. irudia: Nobel Saria irabazitako emakumeekin osatutako murala. (Argazkia: Uxue Razkin)

Madrilen dagoen Espainiako Natura Zientzien Museo Nazionalera bertaratu da jende andana. Igandea da. Familia ugari ilaran. Oso leku poliglota bilakatu da museoa gainera; alemanieraz, ingelesez eta euskaraz ari da jendea.

Nobel Sariak irabazi zituzten emakumeen argazkiak ageri dira hormetan; eta horien ondoan, euren ibilbide profesionala laburbiltzen dituzten testu interesgarriak. Horretaz gain, sariekin eta protagonistekin zerikusia duten objektuak bildu dituzte, hala nola eskuizkribuak, Nobel dominak, Nobel oturuntzan erabiltzen zen baxera; eskulturak… Mujeres Nobel erakusketak –martxora arte zabalik– barne hartzen ditu Fisiologia eta Medikuntza, Fisika, Kimika, Literatura eta Bakearen sariak historian zehar irabazi dituzten emakumeen lorpenak. Gainera, azken atalean Concha Espina –ez da soilik hiriko metroko geldialdi bat– idazleari buruzko informazioa aurki daiteke, Literatura Nobel saria irabazteko zorian izan baitzen behin baino gehiagotan.

2. irudia: Carol W. Greider 2009ko Medikuntza Nobel saridunaren inguruko kartela. (Argazkia: Uxue Razkin)

Aitak ez du ahaztu semearen galdera, ia erregua izan dena. Beraz, hasi zaio azaltzen, adibidez, Maria Sklodowska-Curieren lana, aski ezaguna dena. Umeak agian ez du ulertuko, baina atentzioa eman dio. Material erradioaktiboak ikertu zituen, batez ere uranioa. Birritan irabazi zuen Nobela. Lehena, Fisikakoa 1903an jaso zuen, elementu erradioaktiboekin egindako ikerketengatik. Bigarrena, 1910ean izan zen, Kimika arloan: radioa eta polonioa aurkitzeaz gain, lehenengoa isolatzea lortu zuen.

Horretaz gain ere, kontatu dio, tartean, Ada Yonathen ibilbidea, 2009. urtean Nobela jaso zuen kristalografoarena. Erribosomaren egitura eta funtzioan egindako ikerketengatik lortu zuen saria. “Eta honek? Zer egin zuen?”, esaten dio aitari hanka kolpatuz. Carol Greider, Medikuntza Nobel saridunari begira gelditu zaio semea. Doktoretza ondoko Cold Spring Harbor laborategian telomerasaren ARN genea klonatzea lortu zuen zientzialariak. Horren ondotik, ugaztunetan egitea lortu zuen eta horri esker ikusi zuen entzima horiek pisu handia zutela minbiziaren prozesuan. Maria Blasco ikertzaile espainiarra Greiderren taldean aritu zen, esaterako.

Telomeroek eta telomerasa entzimek kromosomak babesten zituztela ikusi zuen eta aurkikuntza horregatik eman zioten saria, Helen Blackburnekin partekatu zuena; lehen aldia izan zen Nobel sari bat bi emakumek eskuratzen zutela. “Ikerketa honetan hasi ginenean, ez genekien telomerasa minbizian sartuta egongo zenik. Kromosomak bere horretan gelditzeak jakin-mina piztu zigun, besterik gabe”, esan zuten ikertzaileek. Kuriositateak daukan indarra.

3. irudia: Nobel saria irabazi duten emakumeen inguruko erakusketan emakume hauen bizitzari buruzko informazio topa daiteke. (Argazkia: Uxue Razkin)

May-Britt Moserren lana aipatzekoa da ere. Garunaren mundua ezagutzeko asmoz, psikologia ikasketak abiatu zituen. Terje Sagvoldenen laborategian hasi zen lanean bigarren seihilekoan. Une hartan, arratoietan hiperaktibitatea ikertzen ari ziren bertako ikertzaileak. Bi urtez, hiperaktibitatean eta arratoien jokabidean sakondu zuen. Bere asmoa, halere, Per Andersenen sailean lan egitea zen. Neurozientzia arloan murgildu nahi zuen baina sail horretan zeuden bakarrak medikuak ziren eta psikologoak ez zituzten aintzat hartzen. Bada, azkenean onartu zuten. Egindako lanari esker, Moserrek frogatu zuen memorian eta ikasketa espazialean eragina zuen zatia hipokanpoaren alde dortsala zela.

Irène Joliot-Curie,Rita Levi-Montalcini, Selma Lagerlöf, Bertha von Sutnner, Teresa Kalkutakoa, Wangari Maathai, Irena Sendler eta Concha Espinak osatzen dute erakusketan ageri diren emakume Nobel saridunen zerrenda. Horiek guztiek badute gauza bat komunean: ez dizkiete gauzak erraz jarri baina atera dira itzaletik. Ume hura ohartu da euren indarraz eta jakintzaz, atea zeharkatu bezain laster honakoa bota duelako ahoz goran: “Aita, nik argi dut. Handia naizenean, emakume jakintsu horietako bat izan nahi nuke”.


Egileaz: Uxue Razkin Deiako kazetaria da.

1 iruzkina

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.