Juan Ignacio Pérez eta Miren Bego Urrutia
Defentsak eta erasoak
Behin, edanda zegoen Estatu Batuetako Oregongo 29 urteko gazte batek, Taricha granulosa arrabioaren banako bat irentsi zuen erronka baten erruz. Gaztearen bizitza salbatzeko egin ziren ahalegin guztiak alferrekoak izan ziren, eta egun berean joan zen bestaldera. Taricha generoko arrabioen larruazala pozoitsua da oso, eta T. granulosa da genero horren kide ezagunenetako bat. Ipar Amerikako ekialdeko kostaldean dauden estatuetan oso ezaguna da arrabio hori, eta mundu guztiak du haren pozoiaren berri.
Puxika-arrainaren pozoia eta Taricha granulosarena berbera da: tetrodotoxina (TTX) neurotoxiko ezaguna da bi kasuetan. Hortaz, puxika-arraina ez da, ikus daitekeenez, salbuespen bat. Ekarpen honen protagonista, hala ere, ez da arrabioa izango, ez protagonista bakarra, behintzat. Izan ere, arrabioarekin batera Thamnophis sirtalis izeneko suge bat ekarri nahi dugu hona, bera baita arrabioaren harrapari bakarra.
Thamnophis sirtalis sugea arrabioaren toxina eramateko gai izan daiteke, eta tolerantzia-maila aldagarria da banakoen arabera eta, batez ere, populazioen arabera. Hau da, sugearen populazioen arteko aldagarritasun handia dago tetrodotoxinarekiko jasankortasunari dagokionez. Izan ere, zenbait populazioren banakoen tolerantzia, beste zenbaitena baino ehun bider handiagoa izatera hel daiteke. Populazio berean ere desberdintasun nabarmenak daude banakoen artean eta, bestalde, heredagarria da tolerantzia hori. Kontua da tolerantziaren aldagarritasuna bat datorrela harrapakinaren larruaren toxizitatearekin; hau da, arrabio denek ez dute toxizitate-maila bera eta oso pozoitsuak direnak bizi diren tokietan tolerantzia altuagoa dute bertan bizi diren sugeek. Hortaz, batera aztertzen eta baloratzen badira denboran zehar behaturiko jasankortasun-aldaketak, kokapen geografikoaren araberakoak, eta populazio-barneko aldagarritasuna, koeboluzio kasu baten aurrean gaudela ondorioztatu behar da. Hau da, naturan horrenbeste gertatzen diren armen lasterketa horietako bat dugu sugearen eta arrabioaren artekoa. Arrabioaren pozoiari erresistentziarekin edo jasankortasunarekin erantzun dio sugeak eta erantzuna, gainera, mehatxu-mailaren araberakoa izan da.
Zertan oinarritzen da, baina, sugearen tolerantzia? Ezaguna denez, tentsioaren menpekoak diren sodio-kanalak daude bai neuronetan, bai eta muskulu-zeluletan ere. Kontua argitu duten esperimentuetan muskulu-zelulen sodio-kanalen jokabidea izan da aztertu dutena, eta hau aurkitu dute: kanal horien TTX-arekiko sentikortasuna aldatzen dela banakoen arabera. Eta, horrez gainera, toxinarekiko jasankortasun handiagoa duten sugeek sentikortasun apalagoko sodio-kanalak dituzte.
Hemen azaldutakoa interesgarria da, eta, eboluzio-ikasketei dagokienez, baita eredugarria ere. Moldatze-balioa duen ezaugarri baten aldagarritasuna dagoela aurkitu da, batetik; aldagarria den ingurune-faktore batekin erlazionatua dagoela ikusi da, bestetik; eta, azkenik, ezaugarri horren oinarrizko mekanismoa ezagutu ahal izan da. Gaur egun abian den eboluzio-gertaera dugu hau.
Egileez: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) eta Miren Bego Urrutia Biologian doktoreak dira eta UPV/EHUko Animalien Fisiologiako irakasleak.
Artikulua UPV/EHUren ZIO (Zientzia irakurle ororentzat) bildumako Animalien aferak liburutik jaso du.