Kodetu al daiteke Historia? Kliodinamika baiezkoan dago

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Historian garatu diren gizarteak modu zientifikoan ikertzeko modua dagoela diote Kliodinamika lantzen dutenek. Azterketa horiek errazteko, 400 gizarteren baino gehiagoren erradiografia erraldoia osatu dute.

Historia ezagutu beharra dago, behin egindako akatsak berriro ez errepikatzeko. Mendetan zehar errepikatu izan den mantra da. Ideia horren atzean dagoen filosofia da, nonbait, iragana ezagututa etorkizuna aurreikus daitekeela. Halere, ia hori bezain zaharra da beste galdera bat: zientzia al da Historia?

1. irudia: Historiaren izaera dinamikoa izanda ere, datuetan oinarritutako emaitza zientifikoak lor daitezkeela aldarrikatzen dute Kliodinamika babesten dutenek. (Argazkia: Juanma Gallego)

Ezetz esango dute gehienek, eta arrazoia izango dute, seguruenera. Baina ondorengo galderek erantzun zailagoa dute. Metodo zientifikoa erabil al daiteke Historia lantzerakoan? Humanitateak horrela aztertu ahal dira? Kasu honetan, zalantza gehiago agertzen dira. Bereziki arkeologoek aldarrikatzen dute haien jardunaren balio zientifikoa. Objektuak aztertu, eta sailkatu egiten dituztelako, txukuntasun zientifikoarekin. Halere, jakina da askoz harago doala arkeologia, “trastelogia” izan nahi ez badu bederen. Traste horien interpretazioa egin behar da, eta, askoren ustez, horretan dago diziplina horren funtsa: “Arkeologia antropologia da edo ez da ezer”, Gordon Willey eta Philip Phillips arkeologoen esanetan. Interpretazio horretan, beraz gauzak zaildu egiten dira.

Zientziak aldagaiak kodetzea gustuko du. “Ezaugarritzea” da zientzialarien aitagurean gehien aipatzen den hitzetako bat. Fenomenoak behatzea, ezaugarritzea, sailkatzea, eta aldagaien arteko loturak bilatzea; finean, errealitatea azaltzeko gai den teoria bat osatzeko. Ez edonolako teoria, gainera. Beste edonork, antzeko baldintzatan, errepikatu ahal izango duen teoria bat baizik. Jakinda, gainera, teoria hori kolokan jartzea dela beste zientzialarien beharra. Horrela urratzen baita zientziaren bidezidorra. Baina hau ia ezinezkoa da Historiaren alorrean. Ala agian bai?

Seshat “Historia globalaren datu-basea” izeneko tresnaren atzean dauden ikertzaileek baietz uste dute. Gizarteek dituzten konplexutasunak kodetzeak zaila badirudi ere, egile hauek lanari ekin diote. Planteamendu filosofikoetan murgiltzeari baino, praktikari ekin diote, gizarte desberdinak kodetzen dituen datu-basea sortuz eta elikatuz.

Egiptoko jainkosa baten izena du martxan jarri duten datu-baseak. Liburutegien eta idazketaren jainkosa da Seshat. Egiptoko mitologiaren arabera, iraganean gertatutakoari buruz, eta, era berean, etorkizunean gertatu behar zenari buruz idazten zuen Seshatek. Izen ezin aproposagoa, beraz, Historiari buruzko teoriak garatzea helburu duen tresna baterako.

70 adituk baino gehiagok parte hartu dute historia eta arkeologiari buruzko datuak biltzen dituen tresnaren sorreran. Azken 10.000 urteetan 30 erregiotako informazio historikoa eta arkeologikoa biltzen ditu datu-baseak. 414 gizarte, orotara. Egileen esanetan, orain arte gaiari buruz munduan garatu den datu-baserik osatuena da.

Mundua 10 eremutan bereizi dituzte, eta, horietako eremu bakoitzean hiru lokalizazio hautatu dituzte, “eremu geografiko natural” izenaren pean. Hiru lokalizazio horiek gizarteen garapen mailaren adierazgarri dira: hasierako gizarteak, erdikoak eta, azkenik, zentralizazio politikoa duten gizarteak. “Gure helburua da iraganeko gizarteei buruz dagoen ezagutza biltzea, baita informazioa ziurra ez denean eta adituen arteko desadostasunak daudenean ere”, zehaztu dute PNAS aldizkarian argitaratutako artikulu batean.

Analisirako unitatea gisa “polity”-a ezarri dute (gobernua edo estatua esan nahi du, ingelesez). Unitate horrek maila guztietako batasun independenteak biltzen ditu; berdin maila lokalean aritzen diren komunitate independenteak, zein etnia anitz biltzen dituzten inperio hedakorrak. Eremu geografiko natural bakoitzean, denbora 100 urteko tarteetan banandu dute. Horrela, toki eta une bakoitzean adierazgarria den “polity”-a identifikatu dute, analisia egin ahal izateko (adibidez, hemen, Erresuma Ostrogotikoaren “polity”-aren fitxa).

Konplexutasun sozialaren adierazle desberdinak kontuan hartu ahal izateko, 51 aldagai ezarri dituzte. Aldagai horiek bederatzi multzotan bildu dituzte.

  1. Populazioa

  2. Lurraldea

  3. Hiriburua

  4. Hierarkia adierazten duten aldagaiak (erabakitze guneak, erlijioa…)

  5. Gobernua

  6. Azpiegiturak

  7. Informazio sistemak

  8. Literatura

  9. Garapen ekonomikoa

Aldagai hauek kontuan hartuta, datuen analisi estatistikoa egin dute. Besteak beste, eta horrenbeste aldagaien artean korrelazioak bilatu ahal izateko, osagai nagusien analisia baliatu dute. Hasierako hiru multzoen arteko korrelazioa aurkitzea espero zuten -populazioa, lurraldea, eta hiriburua-, eta hala izan da, baina gainerako aldagaien artean ere harremana aurkitu dute. Diotenez, aldagai batzuk ezagututa, posible da beste aldagaiak aurreikustea. Bereziki populazioaren aldagaia da besteekin harreman gehien omen duena. “Emaitza honek berresten du hipotesietako bat: konplexutasun soziala neurketa bakar baten bitartez adieraz daitekeela”, diote zientzia artikuluan.

2. irudia: Ikertzaileek munduan zehar aukeratu dituzten 30 eremuak. Puntuetako lodierak gizarteen antzinatasuna adierazten du. (Irudia: PNAS)

Horrez gain, berretsi dute ere kontinente desberdinetan dauden gizarteek bidea ematen dutela konparaketak egiteko. Europarren eta amerikarren arteko talka jarri dute adibidetzat. “PC1an [populazioa azaltzen duen aldagaia] dauden desberdintasunek adierazten dute Ameriketako gizarteak ez zirela Eurasiako gizarteak bezain konplexuak gizarte hauek kontaktuan jarri zirenean. Horrek lagun dezake azaltzen zergatik Europako gizarteak gai izan ziren Amerika inbaditu eta kolonizatzeko”.

Bestalde, zenbait gizarte txikik beste handiagoen ohiturak berenganatzen dituzte gizarte horiekin harremanetan egoteko, baina horrek ez dakarkie aldaketarik beste arloetan. Diruaren eta idazketaren adibidea jarri dute. “Hautapen selektibo horrek ez du esan nahi halabeharrez beste ezaugarri konplexuak garatuko dituztenik”.

Kliodinamika, historia eta matematika

Egileek argudiatu dutenez, iraganeko gizarteei buruz dagoen ezagutza kolektiboa “historialarien garunetan gordeta edota ohar eta argitalpen heterogeneotan sakabanatuta” dago. Era berean egileek diote ezagutza potentzial honi guztiari etekinik ez zaiola atera, eta, hortaz, ezin izan direla erabili garapen politikoaren edota ekonomikoaren inguruko teoriak osatzeko.

Exeterreko Unibertsitateak (Erresuma Batua) zabaldutako prentsa ohar batean, Thomas Currie antropologoak nabarmendu du “azaleko desberdintasunen gainetik, gizarteek duten eboluzionatzeko moduan oinarrizko antzekotasunak” badirela. Gizarte guztiek antzeko egiturak dituztela uste dute ikertzaileek, ez du axola garatu diren espazioa edo garaia zein den.

Ikerketan egile askok parte hartu badute ere, Peter Turchin Connecticuteko Unibertsitateko (AEB) biologoa da egile nagusia. Matematika eta zientzia sozialak uztartzeko egin dituen ahaleginei esker ezaguna da Turchin. Kliodinamika metodoaren sortzailea da. Indikatzaile desberdinak erabilita, gizarteen garapena aztertu nahi du Kliodinamikak, eta, ahal den heinean, garapen hori aurreikusi. (Isaac Asimoven Foundation liburua irakurri dutenei, berehala etorriko zaie burura psikohistoria izeneko diziplina).

2017. urtearen hasieran Turchinen ikerketa batek oihartzun mediatiko handia izan zuen. Bertan babesten zuen munduan eliteak handitzen ari direla, eta gero eta lagun gehiago jasaten ari direla baldintza ekonomikoen txirotze bat. Horrek gero era biolentzia gehiago ekarriko duela proposatu zuen.

Erreferentzia bibliografikoa

Turchin et alia. Quantitative historical analysis uncovers a single dimension of complexity that structures global variation in human social organization. PNAS 2017:1708800115v1-201708800. DOI: 10.1073/pnas.1708800115


Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.