Arrantza prezioen bilakaera: merkaturatze-katearen analisia

Argitalpenak · Dibulgazioa

Lan honen helburu nagusia banaketa-katean zehar arrantza prezioen integrazio bertikala aztertzea da eta horretarako agregazio-ikuspegi bat du oinarri. Ikuspegi hori lehenengo salmentako enkanteetatik datorren jatorriko arrantza prezioen agregazio-indize sintetiko bat (JPI) eraikitzean funtsatua dago.

Jatorrizko arrantza prezioen indizea 2002-2014 denboraldian harrapatutako 136 espezietatik, 36 espezietarako datuen bitartez eraiki da, izan ere, 36 horiek harrapaketa guztien eta zenbateko osoaren %90 baino gehiago dira. Ondoren, jatorria Galiziako lonjetan duen arrain fresko eta izoztuaren prezioen indizearekin (API) eta Estatistika Institutu Nazionalak (EIN) argitaratutako kontsumoko prezioen indizearekin (KPI) konparaketa egin da.

Aztertutako aldia 2002 eta 2014 artekoa da eta, batez ere, 2008 baino lehenagoko urteetan eta krisiaren osteko aldian indize horiek izandako jokabidea hartu da kontuan. Izan ere, lortutako emaitzek, arrainaren merkatu horretako maila guztietan, eskaintzaren eta eskariaren jokaeren arteko bereizte argia egiteko bidea eman dute 2008ko krisia piztu aurreko urteetan eta beraren ondorengo aldian 2014ra arte.

Krisiaren aurreko analisiaren lehenengo fasean, 2002 eta 2008 artean, ikus daiteke ekonomia multzorako kontsumoko prezioen indizea txikiagoa izaten ari zela eta azkeneko kontsumoari zegokion arrantza produktuen prezioen indizearen azpitik zegoela. Hori dela eta, ulertu behar da arrantza produktuen eskaria aski handia zela APIa KPI orokorraren gainetik manten zedin.

Halaber, nabarmen daiteke arrain eskariak balio erantsiaren funtsezko zati bat eskuratzeko aukera eman diola merkaturatze-kateari. Baina 2008az geroztik, erabateko aldaketa gertatu da eta kontrako joera dago. Kontsumo orokorreko prezioen indizearen eta beste bi arrantza adierazleen arteko arraila nabarmena jazo da. Krisiaren aurreko aldian ez bezala, non arrain eskariak kontsumo orokorreko prezioen indizearen gainetik arrainaren prezioen adierazleari eutsi zion, KPIak arrantza produktuen kontsumoko prezioen indizeari, analisiak 2008az geroztik hartzen duen denbora guztian zehar atzean geratzen denari, aldea atera dio.

Hortaz, 2008 eta 2014 bitartean, arrainaren azkeneko kontsumoarekin lotutako prezioen indizea (API) sistematikoki KPIaren azpitik kokatu da, baita ez-ohiko distantzian ere, krisiaren aurreko denboraldian nagusia zen ereduarekin erkatzen bada. Beraz, beste mota bateko elikagaiek arraina ordeztu egin dutela ondoriozta daiteke. Ildo berean, analizatutako denboraldi osoan zehar, lehenengo salmentako prezioen indizea (JPI) parte hartzea galduz joan da beste indizeei dagokienez.

Modu honetan, KPIaren eta JPIaren artean gero eta handiagoa den aldeak erakutsi du arrantzaleek, beren inputak erosteko, ordaintzen dituzten prezioak gora egiten ari direla eta beraien jardueraren prezioak, aldiz, behera; horren ondorioz, arrantzaleen erosteko ahalmena jaitsi da. Hortaz, krisiak merkatu horretako esku-hartzaileen posizio erlatiboak aldatu ditu eta, ondorioz, guztiek okerrera egin dute krisia hasi baino lehenagoko aldiaren aldean. Emaitza horiek hainbat politika-estrategia iradoki dituzte; bereziki ekoizleen eta merkatarien arteko itun estrategikoak eratzea, arrantzaleek eta erauzketa-sektoreak truke desorekatu baten ondorioak saihestu ditzaten, azken finean, arrantza-sektoreko oinarri dira eta.

Artikuluaren fitxa

  • Aldizkaria: Ekaia
  • Zenbakia: Ekaia 30
  • Artikuluaren izena: Arrantza prezioen bilakaera: merkaturatze-katearen analisia.
  • Laburpena: Lan honen helburu nagusia banaketa-katean zehar arrantza prezioen integrazio bertikala aztertzea da eta horretarako agregazio-ikuspegi bat du oinarri. Ikuspegi hori jatorriko arrantza prezioen agregazio-indize sintetiko bat (JPI) eraikitzean oinarritua dago eta ondoren arrantza prezioen indizearekin (API) eta Estatistika Institutu Nazionaleko (EIN) kontsumoko prezioen indizearekin (KPI) konparaketa egingo da.
  • Egileak: Eneko Martin, Ikerne del Valle eta Kepa Astorkiza
  • Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
  • ISSN: 0214-9001
  • Orrialdeak: 7-18
  • DOI: 10.1387/ekaia.16316

Egileez

Eneko Martin, Ikerne del Valle eta Kepa Astorkiza UPV/EHUko Ekonomia Aplikatua V Sailekoak (Ekonomia eta Enpresa Fakultatea) dira.
—————————————————–
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

1 iruzkina

  • […] Lan honetan, banaketa-katean zehar arrantza prezioen integrazio bertikala aztertu da. Jatorrizko arrantza prezioen indizea 2002-2014 denboraldian harrapatutako 136 espezietatik, 36 espezietarako datuen bitartez eraiki da. Galiziako lonjetan duen arrain fresko eta izoztuaren prezioen indizearekin (API) eta Estatistika Institutu Nazionalak […]

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.