Asteon zientzia begi-bistan #188

Dibulgazioa · Zientzia begi-bistan

Irudia: Elementuen taula periodikoa. (Iturria: Ed Uthman)

Kimika

Josu Lopez-Gazpiok aurreratzen digu laster taula periodikoak lerro bat gehiago izango duela. Izan ere, Japoniako Riken ikerketa zentroko zuzendariak iaz jakinarazi zuen 119. elementua bilatzeko ikerketak abiatu zituztela. Bost urteko epean, bi elementu -119 eta 120 zenbaki atomikokoak- sintetizatzeko gai izango direla adierazi zuen ere bai. Elementu horren izena oraingoz ununennioa izango da (bat, bat, bederatzi, latinez) eta testuan azaltzen den moduan, naturan ez da inoiz existitu. Elementu hori sintetizatzea ez da gauza erraza izango orduan. Jakin nahi duzue zein izango den jarraituko duten prozedura? Ez galdu!

Klima-aldaketa

Bederatzi herrialdek oraingoz ez dute neurri nahikorik aurkeztu aire kalitate txarra hobetzeko. Horren aurrean, Bruselak auzitara joko du hori aldatu ezean. Txekiar Errepublika, Alemania, Frantzia, Espainia, Italia, Hungaria, Errumania, Eslovakia eta Erresuma Batuak aire kutsaduraren mugak gainditu dituzte, hainbat hiritan, bereziki, NO2 (nitrogeno dioxidoa) eta PM10 partikulen pilaketagatik. Astebeteko epea eman die zerbait egiteko.

Ipar Atlantikoko jet korronteak (haize-lasterra) Europako muturreko eguraldian duen eragina argitu dute ikertzaileek. Enborren eraztunetan hiru mendetan zehar pilatutako erregistroei esker, ikertzaileak gai izan dira ezagutzeko denbora tarte horretan Ipar hemisferioko klimak izan duen bilakaera. Horretaz gain, egiaztatu dute haize-lasterrak iparraldera eta hegoaldera izaten duen anplitudea bereziki handitu dela azken mende erdian. Hain zuzen, 1960ko hamarkadatik aurrera egon diren aldaketa hauek bat datoz Europan egon diren muturreko eguraldiko gertaerekin. Besteak beste, beroaldiak, lehorteak, baso suteak eta uholdeak.

Deforestazioa da une honetan gure planetak daukan arazo larrienetako bat. Milaka eta milaka hektarea baso desagertzen dira urtero-urtero. Basoak berreskuratzeko modu berriak aztertzen hasi dira. Testu honetan horietako bat azaltzen da: droneak erabiltzea zuhaitzak landatzeko. Zenbait enpresek abiatu dute eta emaitza onak lortu ere. Bataz beste, diote, zuhaitzak eskuz landatzea baino 10 aldiz azkarragoa da drone bidez landatzea.

Medikuntza

Europako Osasun Mentalaren erakundeak egindako txostenaren arabera, Europako osasun-sistemetan urratu egiten dira gaitz mentalak dituzten pazienteen giza eskubideak. Txostenean agertzen dira psikiatria-zerbitzuetako paziente ohien testigantzak: derrigorrezko ospitalizazioa, terapia elektrokonpultsiboa, indarrean ezarritako tratamenduak –haietako batzuk albo-ondorio gogorrekin–, haiekin indarrez jokatzea, min fisiko eta emozionala…

Emakumeak zientzian

Genero-bereizketa zientzia-eremuan nabarmena da oraindik ere. Adibidez, Emakundek 2016an egindako azterketa baten arabera, alde handia dago batxilergoko neska-mutilek aukeratzen dituzten ikasketetan, generoaren arabera. Neskek osasun-zientzien, psikologiaren eta irakasle-ikasketen alde egiten dute eta mutilek, berriz, nahiago dituzte ingeniaritzak. Horren atzean, jakina, estereotipoak daude: barneratua dugu emakumeak gizonak baino egokiagoak direla zaintza-lanetarako, eta gizonak, berriz, lan teknologikoetarako. Badirudi beste faktore batzuek eragina dutela bereizketa horretan, itxura fisikoak, esaterako. Sarah Banchefsky ikertzaileak 2016an argitaratutako artikulu batean ageri da arazoa oso argi, bi esperimentu egin ostean.

Irati Jauregui ikertzailea elkarrizketatu du Ana Galarragak. Unibertsitatean, ingeniaritza arlotik jo zuen, Telekomunikazio Teknologien Ingeniaritza hautatu zuen, hain zuzen. Gradu Amaierako Lana egitean, ikertzen hasi zen eta gustatu egin zitzaion. Gradu-Amaierarako Lanarekin, gainera, hirugarren saria jaso zuen 2016ko Telekomunikazioen Liberalizazio Sarietan. Onartzen du lan “polita” egin zuela. Hain zuzen, era askotako egitura biologikoak antzemateko gai diren sentsoreak garatu zituen, aplikazio biomedikoetan erabiltzeko. “Berez, gradu-amaierako lanean simulazioak egin nituen, baina oso ondo funtzionatzen zuten. Horren ondoren, ikerketa-proiektu bat sortu zen, kontratatu ninduten eta ordutik horretan nabil. Laster, gai biologikoekin probatzea espero dugu”, dio Jauregik.

Arkeologia

Indian Erdi Paleolitoko ezaugarriak dituzten tresna batzuk aurkitu dituzte. Levallois teknikarekin egindako harrizko tresnak izan dira topatutakoak, adibidez. 385.000 urte dituztela kalkulatu dute eta horrek jarri du kolokan gure espeziaren jatorria. Izan ere, orain arteko aztarna guztien arabera, artean gizaki modernoa ez zen Asiara iritsi.

Ingeniaritza

Miguel Angel Blanco ikertzaileak egindako ikerketan batean, kontraleihoaren konfigurazio geometrikoaren edo termikoaren eta kontraleihoak jartzen diren eraikinaren hainbat parametro ebaluatu dira, bakoitzaren eragin maila zein den ezagutzeko. Atera dituen ondorioei esker, isolamendu eta inertzia termikoa duen kontraleiho diseinu berri baterako oinarriak ezarri dira. Egunez, irekita dagoenean, energia gordetzeko gai da eta gauean eraikinari energia ematen dio. Lanaren ardatza kontraleihoek duten portaera termikoa aztertzea izan da. Halere, ez dira aztertu bakarrik kontraleihoak, ondoko elementuak ere izan ditu oinarri ikerketak.

Hegazkinek marrazten dituzten marrak zer dira? Chemtrail esaten zaion fenomenoaren aurka ari diren elkarteak sortu dira eta marra horien atzean dauden balizko konspirazioez ohartarazten dute. Bartzelonako Unibertsitateko ingurumen kimikari Xavier Gimenezek dio kontu hori guztia faltsua dela eta ustezko fumigazio horien inguruan hitz egiten du adituak: “Hegazkinek gasak ateratzen dituzte errekuntza motorretatik. Gas horietan, batez ere, ura eta karbono dioxidoa daude, eta baita guztiz erre ez diren erregai arrastoak ere. Karbono dioxidoa ez da ikusten, baina, airearen baldintzen arabera, ura kondentsatu egiten da”. Horretaz gain, euria eragiteko esperimentuak egin dira jada. Ameriketako Estatu Batuetan enpresa txiki asko, esaterako, zerbitzu hori ematen ari dira, euriaren beharra duten nekazari elkarteek ordainduta. Naturan eragiteko hainbat proposamen daude. Ez galdu artikulu interesgarri hau!

Biologia

Kolonbiako Ozeano Bareko kostaldeko oihanetan igel oso pozoitsu bat bizi da, ezagutzen den ornodunik pozoitsuena da. Batraziotoxinari zor dio bere izaera pozoitsu hori. Baina, aipatzekoa da igelak ez duela berez toxina hori sortzen; Melyridae familiako kakalardoak jan eta haien toxina metatzen du. Pozoi horrek du eragina neuronen sodio-kanaletan. Igelak defentsarako erabiltzen du. Badakizu zenbat behar duen pertsona bat hiltzeko? nahikoak dira 100 μg.

Fisika

Gure bizimoduan gero eta ohikoagoak dira erradiazio ezionizatzaileko eremu elektromagnetikoak (EEI-EEM) sortzen dituzten iturriak. Artikulu honetan, sortzen dituzten eraginen inguruko ikerketa esperimentalen eta epidemiologikoen bidez lortu diren emaitzak laburbiltzen dira. Ikerketak hiru alorretan egiten dira; in vitro, in vivo eta ikerketa epidemiologikoak. In vivo ikerketa gehienek ez dute arrazoirik eman EEI-EEMek eragin minbizi-sortzailea dutela pentsatzeko. Ikerketa epidemiologikoetan, adibidez, aurkikuntza nabarmenenak ELFen eremu magnetiko (ELF-MF) eta umeen leuzemia linfoblastiko akutuaren arteko asoziazioa eta IMen peko egonaldia eta glioma kasuen arteko erlazioa izan dira.


Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.


Egileaz: Uxue Razkin Deiako kazetaria da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.