Juan Ignacio Pérez eta Miren Bego Urrutia
Geroari begira
«Diadromo» izena ematen zaie itsasotik ibaira edo ibaitik itsasora migratzen duten arrainei. Horietako batzuk ―izokinak― ikusi ditugu dagoeneko, haien biologia berezi samarra baita. Beste arrain diadromo bat, aingira, preziatu samarra da gure artean. Aingira esan dugu, baina benetan preziatua dena ez da aingira bera, aingiraren larba baizik.
Jakina denez, ibaietatik itsasora joaten dira aingirak errutera, eta itsasoan sortzen dira guztiz preziatuak diren angulak, aingiren larbak. «Katadromo» izena ematen zaie ibaietatik itsasora ugaltzera doazen arrain diadromoei.
Izokinek alderantzizko bidaia egiten dute. Ibaietan jaio eta ibaietan ematen dituzte beren bizitzaren lehen aldiak. Gero itsasora joaten dira gizentzera, eta, gizendu ondoren, ibaietara itzuli, ugaltzera. «Anadromo» izena ematen zaie era horretako bidaiak egiten dituzten arrain diadromoei.
Joan-etorri horiek egitea kontu bitxia bada ere, are bitxiagoa da espezie batzuek noranzko bateko bidaia egitea eta beste batzuek aurkakoa. Ez da erraz ulertzen zergatik egiten duten batzuek besteek egiten dutenaren aurkakoa, eta horixe da hemen aztertuko dugun kontua.
Hainbat adituren ustez, ibaien eta itsasoaren emankortasunei dagokie jokabide desberdin horien arrazoia. Izan ere, eta salbuespenak salbuespen, espezie katadromo gutxiago daude ekuatoretik poloetarantz joatean, eta alderantziz gertatzen da espezie anadromoekin. Bestalde, ibai eta itsasoaren emankortasuna latitudearekin batera aldatzen da, eta aldaketa hori aurkakoa da kasu bakoitzean. Hau da, ekuatoretik hurbil dauden ibaiak emankorragoak dira poloetatik hurbil daudenak baino, baita latitude berean dauden itsasoak baino. Alderantziz, poloetatik hurbilago dauden itsasoak latitude bereko ibaiak baino aberatsagoak dira, baita ekuatore aldera dauden itsasoak baino ere. Beraz ―eta hauxe da gakoa―, latitudearen arabera aldatzen dira uretako animaliak gizentzeko egokiagoak diren ur-ingurumenak.
Katadromoak itsas arraintzat hartu behar dira, baina ibaiek eskaintzen dituzten ekoizpen- baldintza egokiak direla eta, latitude bereko ibaietara jotzen dute gizentze-aldia ahalik eta laburrena izan dadin. Era berean, ur gezetako arraintzat hartu behar dira anadromoak, baina ibaietatik itsasora joaten dira itsasoak eskaintzen dituen janari-baliabide egokiez baliatzera. Hala ere, naturan ikus daitezkeen beste hainbat gertaerarekin bezala, bada salbuespenik, eta, urrutira joan gabe, gure itsaso eta ibaietan batera ikus ditzakegu bai aingirak, bai izokinak ere, hots, bai arrain anadromoak bai katadromoak.
Hala eta guztiz ere, salbuespenak egon arren, portaera horiek azaltzeko hipotesi egokia dirudi hemen aurkeztu dugunak. Bi espezie horiek orain batera egoteak ez digu esaten egoera horretara iritsi arte bakoitzak jarraitu duen bidea zein izan den, eta seguru asko, hor egongo da paradoxa honen azalpena. Azken batean, nekez uler litezke horren jokabide berezi eta neketsuak etekinik ateratzeko modukoak izango ez balira.
Egileez: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) eta Miren Bego Urrutia Biologian doktoreak dira eta UPV/EHUko Animalien Fisiologiako irakasleak.
Artikulua UPV/EHUren ZIO (Zientzia irakurle ororentzat) bildumako Animalien aferak liburutik jaso du.