Asteon zientzia begi-bistan #217

Dibulgazioa · Zientzia begi-bistan

Genetika

Erdi neanderthala eta erdi denisovarra den gizaki baten arrastoak aurkitu dituztela azaltzen du Berriak. Altai mendietako (Siberia) kobazulo batean aurkitu dituzte hiltzean 13 urte zituen emakumearen hezurrak. Duela 50.000 urtekoak dira arrastoak. Garai hartan bi giza espezieren artean izandako harremanetatik jaio zen emakumezko baten aztarnak dira, emakumezko neanderthal baten eta gizon denisovar baten arteko nahasketa. Elhuyar aldizkarian ere honen berri irakur daiteke.

Teknologia

Espazioko zaborra birrintzeko laser-kanoiak eraikitzeko asmotan dabiltzala azaltzen dute Sustatun. Errusiak laser-kanoi erraldoi bat diseinatzen hasi da espazioko zaborra birrintzeko. Orbitan jarriko den teleskopio handi baten gainean ezarriko dute kanoia, teleskopioak espazioa arakatuko du zabor bila eta, behin itua aurkituta, laserrak birrindu egingo du txatarra.

Osasuna

Elhuyar aldizkarian irakur daitekeenez, autismoarekin lotutako 200 generi eragiten dien proteina bat aurkitu dute. CPEB4 proteinak autismoa izateko arriskuarekin lotuta dauden 200 bat genetan eragiten duela ikusi dute ikertzaileek.

Biologia

Zenbat aldiz berriztatzen dira gure gorputzaren zelulak? Juan Ignacio Pérez Iglesiasek du erantzuna. Duzun adina duzula ere, beste adin batekoak dira zure gorputza osatzen duten egitura gehienak. Egitura batzuek ordu batzuk besterik ez dute, eta egitura gutxi batzuek bakarrik dute zure adin berbera. Heste mehea estaltzen duten zelulak dira bizi-iraupen laburrenekoak: 2-4 eguneko tartean berriztatzen dira.


Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.


Egileaz: Ziortza Guezuraga (@zguer) kazetaria da eta Euskampus Fundazioko Kultura Zientifikoko eta Berrikuntza Unitateko zabalkunde digitaleko teknikaria.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.