Fenomeno fisiko oso ezberdinak deskribatzeko erabiltzen diren eredu matematiko sofistikatuak Rabiren eredu kuantiko errazaren barnean daudela egiaztatu du ikerketak.
Algoritmo arrunt baten bidez, oso ezberdinak ziruditen hainbat eredu matematikoren arteko erlazioa aztertu du ikerketak, informazio kuantikoaren prozesamendua azkartzeko helburuarekin.
Komunikazioen eta ordenagailuen iraultza ekarri du mekanika kuantikoak: algoritmo askoz azkarragoak eta seguruagoak erabiltzen dira informazioaren transferentzian. Rabiren eredu kuantikoa sistema fisiko askotan azaltzen den oinarrizko eredua da. Harrapatutako ioien edo zirkuitu supereroaleen plataforma kuantikoetan azaltzen da, besteak beste, eta litekeena da horiek guztiak ordenagailuen hardwareetan ikustea etorkizun hurbilean.
Argiaren eta materiaren arteko elkarrekintza prozesuak azaltzeko eredu matematikorik errazena da. Alegia, Rabiren eredu kuantikoa materiak eta argiak (erradiazioak) komunikatzeko aukeratu duten mekanismoa da.
Fenomeno fisiko oso ezberdinak azaltzeko erabiltzen diren hainbat eredu matematiko oso sofistikatu Rabiren eredu kuantikoaren barne direla egiaztatu da lehen aldiz lan honetan. Rabiren eredu kuantikoa eredu matematiko aurreratuagoen multzo baten erroa dela esan daiteke. Horrenbestez, Rabiren eredu kuantikoak aurreikusten dituen emaitzak ulertzen dituenak, aukera izango luke eredu konplexuagoen aurreikuspenak ulertzeko. Laburbilduz, Rabiren eredu kuantikoaren eta oso ezberdinak ziruditen hainbat eredu matematikoren arteko erlazioa aurkitu da. Hori guztia algoritmo matematiko baten bidez, alegia, erregela multzo baten bidez. Nahiko errazak diren erregelak, gainera.
Rabiren eredu kuantikoaren funtzionamendu mekanismoa sakonago ikertuz gero, ordenagailu kuantiko bat garatzeak dituen arazo teknikoei zehaztasun handiagoarekin aurre egiten lagunduko luke, batetik, eta Rabiren eredutik haratago bestelako ereduetara ere sarbidea lortuko litzateke, plataforma kuantikoen oinarrizko mekanismoa aldatzeko aukera eskuratuz eta ondorioz, baita etorkizuneko ordenagailu kuantikoarena ere.
Iturria: UPV/EHUko prentsa bulegoa: Informazio kuantikoaren prozesamendua azkartzeko algoritmo sinple bat
Erreferentzia bibliografikoa
Connecting nth order generalised quantum Rabi models: Emergence of nonlinear spin-boson coupling via spin rotations. Npj Quantum Information, 4, 47. DOI: https://doi.org/10.1038/s41534-018-0096-9
1 iruzkina
[…] kuantikoaren prozesamendu praktikorako ezarritako qubit-sistema aplikatzeko, eragiketa-denbora nahikoa luzea bermatu beharko da hainbat eragiketa kuantiko etengabe egiteko, qubit-kopurua handitzen den […]