Gasen isurketa gutxitzea ez da nahikoa: elikadura aldatu beharra dago

Juanma Gallego

2050. urtean klima-aldaketa atzera bueltarik gabekoa izatea nahi ez badugu, ezinbestean munduko populazioaren dietak aldatu behar direla ohartarazi du zientzialari talde batek.

Haragi gutxiago (bereziki, haragi gorri gutxiago) eta landare jatorriko elikagai gehiago. Gero eta argiago dago horiek direla elikadura osasuntsu eta orekatu baterako abiapuntuak. Berdin dio elikagai “ekologikoak” izan ala ohiko prozedurekin ekoiztuak: giza gorputzak nutrienteak behar ditu, eta, ahal bada, kalitatezkoak. Aitzakiak aitzakia, supermerkatu batera sartu eta hamar-hamabi urtez gorako pertsona orok ederki asko daki zein den brokoli baten eta bollicao edo txistorra baten aldeko aldea. Deabrua ederki asko moldatzen da apalategien artean, eta, jakina, jende guztiak ez dauka San Antoniok tentaldien aurrean erakusten zuen adorearen parekorik.

Baina norberaren osasuna hobetzeko ez ezik, halako dieta bat izan daiteke ere planeta osoaren “osasuna” bermatzeko modu bakarra. Hori dio, bederen, Nature aldizkarian argitaratutako ikerketa batek.

1. irudia: Norberaren osasuna zaintzeko ez ezik, planetaren jasangarritasuna bermatzeko dieta flexitarianoaren alde agertu dira zientzialariak. (Argazkia: Juanma Gallego)

Zientzialariek atera duten ondorio nagusia kezka eragiteko modukoa da: ez da aukerarik egongo klima-aldaketa arintzeko baldin eta gizateriaren dieta dibertsifikatzen ez bada. Ez da erronka makala: asmatu behar da nola elikatu azkar gora doan populazio bat planeta hondatu gabe.

Ez da bazkalosteko telebista tertulietan botatako argudio makal horietako bat, eskura dauden datuetan oinarritutako aurreikuspena baizik. 2050. urtera begira egindako kalkuluak dira: ordurako munduan hamar mila milioi arima egongo direla uste da. Data horri begira, planetaren jasangarritasuna aztertzeari ekin diote, elikadura-sistemaren ikuspegitik: ingurumenari lotutako indikatzaileak eta mundu osoko janariaren ekoizpena eta kontsumoa adierazten dituzten datuak baliatu dituzte. Horietan oinarrituta, elikagaien ekoizpena eta jasangarritasunaren arteko harremanak ikertu dituzte, horien arteko mugak non dauden jakin ahal izateko.

Bost ingurumen faktore izan dituzte kontuan: negutegi efektuko gasen isurketak, nekazaritza lurren erabilera, ur gezaren kontsumoa eta nitrogenoaren zein eta fosforoaren erabilera. Azken biak nekazaritzan erabiltzen diren ongarriei loturiko elementuak dira, eta, neurriz erabiltzen ez badira, ingurumen inpaktu handia izan dezakete.

Argi adierazi dute behar-beharrezkoa dela elikadura-sisteman aldaketak sartzea. Ikerketa artikuluan modu honetan laburbildu dute: “berotegi efektuko gasen isuriak ezin daitezke arindu begetaletan oinarritutako dietarako bidea hartzen ez bada”. Dieta “flexitarianoa” deitutakoaren alde azaldu dira ikertzaileak, hau da, lekaleak, fruitu lehorrak eta beste begetalak oinarritzat dituena, eta haragiko kontsumoaren kopurua gutxitzen duena.

Munduko populazioak dieta honi ekingo balio, eta ikerketa artikuluan kontuan hartutako agertokiaren arabera, negutegi efektuko gas isurketak %29-56 gutxituko lirateke. Etorkizuneko proiekzioak egiten direnean gertatu ohi den bezala, zalantza asko daude ekonomiak izango duen bilakaerari dagokionean. Horregatik, bi agertoki irudikatu dituzte, benetan hartuko diren neurri zuzentzaileen arabera: anbizio ertaineko agertokia eta anbizio handikoa. Hortik datoz bi kopuru horiek.

Elikadura ohituak aldatzeaz gain, elikagaien ekoizpenean ere hainbat hobekuntza sartzearen beharra azpimarratu dute, nutrienteak eta ura bera ere eskualde bakoitzaren arabera erabili behar direlako. Elikadura sistemaren kate osoan beharrezkoak dira aldaketak, hala nola biltegiratzean, garraioan, etiketatzean edota elikagaien ontziratzean. Ongarrien erabilerari dagokionean, nabarmendu dute eskualde bakoitzak berezko mugak dituela elementu hauen erabilerarako, eta hori ere kontuan hartu dute kalkuluak abiatzeko.

2. irudia: Elikagaien ekoizpenari lotutako faktoreak kontuan hartu dituzte; tartean, nekazaritzako lurren erabilera, ur kontsumoa eta ongarriak. (Argazkia: Juanma Gallego)

“Nekazaritzako elikagaien sistemaren osotasunean neurriak hartuko balira, negutegi efektuko gasen isurketa asko gutxituko litzateke, eta beste hainbat ingurumen eragin mugatuko lirateke, hala nola ongarri gehiegi erabiltzeagatik sortzen diren arazoak, lurzoruen zabalpena edota uraren gastua”, esan du Luis Lassaletta ikertzaileak Madrilgo Unibertsitate Politeknikoak zabaldutako ohar batean.

Irtenbideak, batera

Ondorioztatu dutenez, ez dago irtenbide bakar bat arazoa gainditzeko, eta, halabeharrez, irtenbideak batera lantzea izango da gorantza doan populazioa elikatzeko modu bakarra.

“Gure analisiak adierazten du 2050. urterako aurreikusita dauden eragin gehienak arindu litezkeela neurriak batera hartuko balira. Anbizio ertaineko neurri guztiak konbinatuz gero, ingurumen presioa %25-45 gutxitu liteke”. Anbizio handiko neurri guztiak konbinatuz gero, berriz, “%30-60 gutxitu litezke eraginak”, zehaztu dute artikuluan. Irtenbide multzo hau martxan jartzen ez bada, berriz, elikadura sistemak ingurumenean duen eragina %50-%90 handi liteke.

Oroitarazi dute dietan aldaketan egitea ez dela soilik kontsumitzaileei dagokien ardura bat, politikariek eta administrazioek zeresan handia dutelarik. “Behar-beharrezkoa da gobernuen inplikazioa, dieta osasungarri eta jasangarri baten alde egin behar dute, jasangarriagoak diren produktuetan oinarrituta”, dio Marco Springmann ikertzaileak. Legerian ez ezik, kontsumo aldaketak hezkuntzan eta lan zentroetan bultzatu behar direlakoan dago aditua.

Erreferentzia bibliografikoa:

Springmann, Marco et al., (2018). Options for keeping the food system within environmental limits. Nature, 562, 519–525. DOI: http://dx.doi.org/10.1038/s41586-018-0594-0

———————————————————————————-

Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

———————————————————————————-

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>