Interfase neuronaletarako propietate elektriko eta antibakteriano egokiak dituzten hidrogelak garatu dituzte ikerketan.
Aplikazio biomedikoetan erabil daitezkeen elektrodoentzat hidrogelak garatu dituzte ikerketan. Almidoia erabili da lehengai gisa eta hidrogelek berez duten hiru dimentsioko sare-egitura lortu dute. Grafenoa eta salbia-estraktuak gehituta beharrezko propietate elektrikoak eman dizkiote hidrogelari, baita propietate antibakterianoak ere.
Egonkortasun dimentsionala galdu gabe inguru urtsuetan likido ugari beregana dezaketen sare polimeriko fisiko-kimikoak dira hidrogelak. Aplikazio askotarako erabiltzen dira eta, bestelako osagaiak gehituta, propietate bereziak hartzen dituzte, hala nola elektrizitate-eroaleak izatea.
Orain arte halako aplikazioetarako erabili izan ez den biopolimero bat aukeratu dute hidrogela sortzeko: almidoia. Hidrogelak sortzeko propietate biologiko eta fisiko-kimiko egokiak ditu almidoiak.
Interfase neuronalak izan dituzte kontuan hidrogela sortzeko, nerbio-sistemarekin interakzioan aritzen diren inplanteen konexio elektrikoa egiteko osagaiak. Interfase neuronaletako elektrodo tradizionalek, platino edo urrezkoek, adibidez, zurrunak izanik, estaldura polimeriko eroaleak beharrezkoak dituzte ehun neuronalen malgutasunera hurbiltzeko. Gaur egun, ordea, gailu txikiagoak behar dira, bai eta propietate mekaniko, elektriko eta biologiko hobeak izatea ere.
Hidrogelari eroankortasun elektrikoa emateko, grafenoa erabili dute ikerketan. Propietate elektriko oso egokiak ematen dizkio hidrogelari, baina desabantaila bat ere badu: ez da uretan erraz egonkortzen. Oztopo hori gainditzeko, eta grafenoari uretan egonkortasuna emateko, salbia-estraktuak erabili dituzte. Estraktuek, gainera, medikuntzan erabiltzeko are aproposagoa bihurtzen dute hidrogela, propietate antimikrobianoak eta antiinflamatorioak ere baitituzte.
Ikerketaren beste ezaugarri bereizgarrietako bat izan da klik kimika deritzon estrategia bitartez sortu dutela hidrogela. Azkeneko urteetan ikertzaileen atentzioa bereganatzen ari da, sintesirako beste bide askotan ez bezala, klik kimikan orokorrean ez delako katalizatzailerik erabiltzen erreakzioetan, ez delako azpiprodukturik sortzen, eta etekin handiko erreakzioak direlako.
Iturria: UPV/EHUko prentsa bulegoa: Almidoizko eta grafenozko hidrogelak sortu dituzte garuneko inplanteen elektrodoetarako
Erreferentzia bibliografikoa
Starch/graphene hydrogels via click chemistry with relevant electrical and antibacterial properties. Carbohydrate Polymers, 202, 372-381. DOI: 10.1016/j.carbpol.2018.09.007
1 iruzkina
[…] esan bezala, polisakaridoetan oinarritutako hidrogelek ate ugari zabaldu dituzte biomedikuntzaren arloan, Farmako Horniketara Bideratutako Sistemetatik hasi eta ehun-ingeniaritzara arte; 3D bioinprimaketa […]