Kakan ere badaude

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Plastikoa ia edonon erabiltzen da. Material moldaerraza da eta erosten dugun ia edozein produktuk plastikoa du. Plastikoaren zati handi batek ozeanoan amaitzen du bere bizitza, 1970eko hamarkadan jakin genuen bezala. Zabor uharte erraldoiak aurkitu ziren ozeanoetako hainbat lekutan, ehunka kilometroko diametroko zabortegi inprobisatuetan.

Arropa ere plastikoz osatuta egoten da eta, hortik, azken urteotan atentzioa eman duen beste kutsadura iturri bat: mikroplastikoak. Orain arte bagenekien, eta aski frogatuta zegoen, arropa garbigailuetan garbitzearen ondorioz zuntz sintetikoak apurtu egiten direla eta hondakin-urekin batera itsasoan amaitzen dutela. Alabaina, mikroplastikoen zikloa benetan ankerra da; izan ere, itsasoko organismoek jan ondoren, gurera itzultzen dira eta jan egiten ditugu. Orain dakigunez, bidea ez da hor amaitzen.

1. irudia: Mundu mailan sortzen den plastiko zabor kantitatea izugarria da. 2010. urtean 275 milioi tona plastiko-zabor sortu genituen. (Argazkia: RitaE – domeinu publikoko irudia. Iturria: pixabay.com)

2010. urtean 270 milioi tona plastiko ekoiztu ziren eta 275 milioi tona plastiko-zabor sortu genuen, eta zifra horiek etengabe handitzen jarraitzen dute. Mundu mailako 2015. urteko datuen arabera, plastikoaren %19,5 bakarrik birziklatzen da -%25,5 erraustu egiten da eta gainontzekoa alde batera uzten da-. Horren harira, plastikoek beraiek ekartzen duten kalte ekologikoaz gainera, azken urteotan beste kutsadura iturri batean ere jarri da fokua: mikroplastikoetan. Mikroplastikoak 5 mm baino gutxiagokoak diren plastiko zati txikiak dira eta arrisku potentzial handia dute. Hain zuzen ere, haien tamaina txikiarengatik oso zaila da mikroplastikoen hedapena etetea eta uretako organismoek erraz irentsi ditzakete. Horretaz gainera, mikroplastikoek beste hainbat kutsatzaile izan ditzakete itsatsita eta, hortaz, are kaltegarriagoak dira. Arroparen kasuan, mikroplastikoak zuntz sintetikoen erabilpenaren ondorioz sortzen dira, garbigailuen agitazio mekaniko eta garbigarrien ekintzaren ondorioz.

2011n M.A. Browne ikertzaileak eta bere lankideek lehen aldiz identifikatu zituzten etxeko garbigailuak mikroplastiko iturri garrantzitsu bezala. Hain zuzen ere, itsas-urak aztertzean ikusi zuten mikroplastikoen konposizioa eta arroparen ekoizpenean erabiltzen diren plastikoak antzekoak direla: poliesterrezkoak, akrilikoak, polipropilenozkoak, polietilenozkoak eta poliamidazkoak izan ziren aurkitu zituzten mikroplastiko ohikoenak. Kontua are nabarmenagoa zen araztegietako hondakin-urak aztertzean: araztegietako uretan zeuden mikroplastikoen gehiengoa poliesterrezkoak eta akrilikoak ziren. Hortik abiatuz, hainbat esperimentu egin zituzten haien hipotesia baieztatzeko eta frogatu zuten etxeko garbigailuetan mikroplastiko kantitate garrantzitsuak sortzen direla. Ez da, gainera, garbigailuen alde ilun bakarra –Zientzia Kaieran bertan kontatu dudan moduan-.

Mikroplastikoen ezin asmatuzko bideak

Horretarako ikertzaileek zortzi herrialdetako boluntarioen gorozkiak aztertu dituzte, besteak beste, Italiakoak, Japoniakoak, Errusiakoak eta Erresuma Batukoak. Ondorioak argiak izan ziren: plastiko txiki horiek alde guztietan daude. Mikroplastikoen jatorria etxeetako hondakin-urak dira, baina, badira beste zenbait. Etxean eta industrian erabiltzen diren hainbat garbiketa produktuk mikroplastikoak dituzte -haien ezaugarriengatik gehitzen direnak-. Era berean, sendagaietan eta produktu kosmetikoetan ere aurki daitezke. Bada, azkenean mikroplastiko horiek ozeanoan amaitu ohi dute eta, ondoren, ur-ekosistemetan bizi diren animaliek irentsi egiten dituzte. Mikroplastikoak aurkitu dira jada arrain eta bibalbioetan eta, hortik, gure elikaduran sartzen dira berriz. Batezbesteko, europar bakoitzak 11.000 mikroplastiko sartzen ditu organismoan dietaren bidez.

2. irudia: Plastikozko zuntzek hainbat aplikazio dituzte, besteak beste, arropa ekoizteko zuntz sintetiko moduan. (Argazkia: rkit – domeinu publikoko irudia. Iturria: wikipedia.org)

Bide horren hurrengo pausoa da Phillip Schwabl eta bere lankideek jakinarazi dutena. Mikroplastikoak jaten baditugu horiek hesteetara joan behar dute eta hortik beste organoetara iritsi daitezke. Beste organoetara iristen ez direnak gorozkietan amaitzen dute, ohartarazi dutenez. Ikerketa hau aitzindaria da esparru honetan eta, beraz, oraingoz datuak mugatuak dira. Hala ere, ikertzaileek mikroplastikoen arriskuaz ohartarazi dute eta azaldu dute gorozkien 10 gramotan, batezbeste, 20 mikroplastiko-partikula aurkitu dituztela -nagusiki polipropilenoa eta polietilenoa-.

Momentuz lehen ikerketa da esparru interesgarri bezain higuingarri honetan, baina, ikertzaileek ikerketa sakon gehiagoren beharra dagoela plazaratu dute; izan ere, gorozkietan aurkitu diren mikroplastikoek osasunari kaltea eragin diezaiokete. Une honetan ez da ezagutzen mikroplastiko horien zein zati metatu daitekeen organismoan eta zein zati kanpora daitekeen hondakinen bidez. Gertutik jarraitu beharreko gaia da, baina, oraingoz, argi dagoena zera da: ingurugiroari egiten diogun kaltea, azkenean, bueltan etortzen dela.

Erreferentzia bibliografikoa

Schwabl Philipp, Liebmann Bettina, Köppel Sebastian, Königshofer Philipp, Bucsics Theresa, Trauner Michael, Reiberger Thomas, (2018). Assessment of microplastic concentrations in human stool – preliminary results of a prospective study. United European Gastroenterology Journal 2018; 6 (Supplement 1).

Informazio osagarria


Egileaz: Josu Lopez-Gazpio (@Josu_lg) Kimikan doktorea, irakaslea eta zientzia dibulgatzailea da. Tolosaldeko Atarian Zientziaren Talaia atalean idazten du eta UEUko Kimika sailburua da.

3 iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.