Gekoek ur putzu txikiak zeharkatzeko erabiltzen dituzten mekanismoak argitu dituzte zientzialariek. Gainazal-tentsioa baliatzeaz gain, beste hainbat ‘amarru’ dituzte eskura.
Naturan lurrorotakorik bada, horixe da gekoa. Berdin zuhaitzetara igo edo izotzaren gainean korrika egin, horietan guztietan ederki moldatzen da narrasti txikia. Kristal baten gainean jartzen dutenean ere lasai asko dabil animaliatxoa, Nagore Elu eta Nerea Osinalde ikertzaileek azaltzen duten bezala, oin-hatzetan dauden ile mikroskopikoei esker. Eta, hau guztia gutxi balitz, uraren gainean ibiltzeko gaitasuna du. Azken abilezia honen atzean dauden mekanismoak argitu nahi izan ditu zientzialari talde batek, eta gaiari buruzko ikerketa abiatu dute. Current Biology aldizkarian argitaratu dituzte emaitzak.
Baina goazen pausuz pausu. Gure protagonistaren aurkezpen formala egitea da aurrena, gekoa ez baita etxetik ateratzean aise ikusten den animalia horietako bat, eta normalean ez dago telebistako dokumentalean sarri agertzen den basapiztien artean.
Espezie ugari ditu Gekkota familiak –1.500 baino gehiago–, eta, horregatik, tamaina eta forma ugari izan ditzakete gekoek. Batzuk sugandilak baino txikiagoak badira ere, beste batzuek 40 zentimetro arteko tamaina izan dezakete. Mundu osoan oso zabalduta daude baina, narrasti guztiek bezala, epeltasuna maite dute.
Mingainarekin haien begi handiak garbitzen dituzteneko irudia oso ezaguna da, baina hasieran aipatu ditugun “ahalmenek” ere zeresan ugari eman dituzte. Animalia hauek erakusten dituen trebeziak hobetu ezagutzeko, laborategian sartu dituzte gekoak. Dauden espezieen artean, Hemidactylus platyurus deritzona aukeratu dute ikerketa aurrera eramateko, bereziki bizkorrak direlako.
Kamera geldoa erabili behar izan dute gekoen mugimenduak aztertzeko: hain dira azkarrak ezen zaila baita begi hutsez haien jarraipena egitea. Kamera geldoa erabilita, aukera izan dute animalien mugimenduak framez frame ikusteko ura zeharkatzen zutenean.
Ur arrunta eta xaboia duen ura erabili dituzte probetan, horien artean alderik ote zegoen ikusteko. Besteak beste, animaliak uraren gainazal-tentsioa baliatzen du uraren gaineko desplazamendua lortzeko, eta xaboiarekin tentsio hori aldatu nahi izan dute, uraren ezaugarri hori noraino den erabakigarria zehaztu aldera.
Aintzira batean zapatariak (Gerris lacustris) ikusi dituen edonork badaki nolakoa den uraren propietate hori: uraren gainean hanken gainean flotatzeko gai dira zapatariak, batere busti gabe. Modu sinple batean esanda, likido baten gainazal-tentsioa molekulen arteko indarrei zor zaie. Likidoaren barruko molekulak antzeko beste molekulekin elkarrekintzak dituztenez, haien arteko indarrak konpentsatu egiten dira. Baina gainazalean beste jariakin batekin topo egitean –airea, normalean–, goranzko indarra besterik ez da sortzen, eta horrek ahalbidetzen du gainazal horrek xafla malgu baten modura funtzionatzea. Udan noizbait igerilekura bere burua gaizki bota duenak ederki asko daki xafla ikusezin horren gainean sabelarekin topo egitean zeinen “ondo” igartzen den gainazal-tentsioa.
Aire poltsa txikiak
Dena dela, gainazal-tentsioa soila ez da da nahikoa uraren gainean ibiltzeko, zapatariak ez bezala, gekoak pisutsuegiak direlako. Ikerketan ondorioztatu dutenez, beste hainbat faktorek parte hartzen dute prozesuan. Hanken mugimendua funtsezkoa dela ikusi dute: horien bitartez ura jotzen dute, oso modu arinean, eta mugimendu horrek aire poltsa txikiak sortzen ditu, flotagarritasuna hobetuz. Ura uxatzeko azal hidrofoboa du narrastiak, eta horrek ere laguntzen dio ez hondoratzen. Bestetik, buztanak egonkortasuna ematen dio. Gainera, gorputza zein buztana mugitzen ditu, higidura ondulatorio baten bidez, eta horrek bultzada ematen dio. Horrez gain, buztanak egonkortasuna bermatzen du. Gutxi gorabehera, krokodiloak uretan mugitzen diren antzera mugitzen dira gekoak, hain zuzen.
Ikertzaileek azaldu dutenez, haien asmoa ez da soilik izan naturaren misterio txiki hau argitzea: robotikan erabiltzeko moduko irakaspenak eskuratu nahi dituzte ere. Uretan azkar mugitzeko gai diren roboten garapenean ezagutza eskuratu nahi dute, adibidez, jendea erreskatatzeko gai izango diren robotak martxan jartzeko. Norabide horretan, gekoaren inguruan gauza berriak ulertzea robot horien diseinua inspiratzeko bidea izan daitekeela uste du artikuluaren egile nagusi Jasmine Nirody biofisikariak. “Naturak gauza asko ditu guri irakasteko. Makina miresgarri hauek guztiak eraiki ditu, horietatik ikusi eta ikasteko”, nabarmendu du ikertzaileak prentsa ohar batean.
Badira gekoa baino pisutsuagoak izanda ere uraren gainean mugitzeko ahalmena duten animaliak. Horien artean, agian trebezia gehien duena beste narrasti bat da: Basilisko arrunta. Halere, horrek ez dio gainazal-tentsioari etekinik ateratzen, horretarako pisutsuegia delako, eta hanken indarra baino ez du erabiltzen.
Erreferentzia bibliografikoa
Nirody et al., (2018). Geckos Race Across the Water’s Surface Using Multiple Mechanisms. Current Biology, 28(24), 4046–4051. DOI: https://doi.org/10.1016/j.cub.2018.10.064
Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.
2 iruzkinak
[…] ibil daitezke uraren gainean gekoak? Orain badakigu galdera horren erantzuna Juanma Gallego kazetariari esker: narrasti txiki honek zuhaitzetara igotzen denean edo izotzaren gainean ibiltzeko gai da hatzetan […]
[…] hainbat espezietan) , anfibioetan (igeletan, arrabioetan), narrastietan (itsas dortoketan eta gekoetan) eta baita txorietan (hontzetan eta lanperna-musuetan) […]