Maria Goeppert Mayer (1906-1972): Atomoen geruzen eredua aurkitu zuen emakumea

Emakumeak zientzian · Kolaborazioak

Wolfgang Paulik Tipularen emakumea deitu zion behin Maria Goeppert Mayerri. Harrezkero, denek hala gogoratzen dute fisikaria. Goitizenek luzaroan iraun ohi dute, batzuetan izenak baino gehiago, askotan nahi baino usuago. Kasu honetan, ezizen horren atzean azalpen zientifiko bat dago, Mayerrek egindako lanari egiten dio erreferentzia zuzen-zuzenean, bere ikerketek erakutsi baitzuten atomoaren nukleoa geruzez osatuta dagoela, tipularen antzera. Halaber, bere ikerketak azaldu zuen zergatik diren egonkorragoak nukleo batzuk besteak baino. Lan horri esker lortu zuen 1963an Fisikako Nobel saria, diziplina honetan saritu zuten bigarren emakumea hain zuzen ere –lehenengoa Marie Curie izan zen–.

Goeppert-Mayer 1906an jaio zen, Katowice-n (Polonia, lehengo Alemaniako Inperioko probintzia). Haren familia Göttingenera joan zen bizitzera, aita, Friedrich Goeppert, hiriko unibertsitateko pediatriako irakasle izendatu zutenean. Txikitatik matematikak maite zituen eta baliteke zientziarako grina haren aitak piztu izana. Izan ere, ikastera animatu zuen bere alaba hasieratik; bere heziketaz arduratuta, etxean ez gelditzeko eta zientziaren bidea hautatzeko bultzatu zuen. Horiek hola, sufragistek eraiki zuten institutu batean ikasi zuen, unibertsitatean izena emateko derrigorrezko pausoa emanez.

1. irudia: Maria Goeppert Mayer fisikaria. (Argazkia: U.S. Department of Energy / flickr)

Bada, eskola itxi zuten hain justu unibertsitatean sartzeko azterketa egin aurretik. Halere, Mayerrek bere kabuz ikasten jarraitu zuen: azterketa egin eta Göttingen Unibertsitatean onartu zuten 1924an, matematika ikasle gisa. Bertan, etorkizunean Nobel saridunak izango zirenak izan zituen irakasle, hala nola Enrico Fermi, Werner Heisenberg, Paul Dirac, eta aurretik aipatutako Wolfgang Pauli.

Lehendabiziko urtean, berriz, matematikak utzi zituen fisika ikasi nahi zuelako. Une hartan, mekanika kuantikoa indarra hartzen ari zen arloa zen; erakusleiho baten moduan funtzionatzen zuen, zientzialariek kristalera hurreratu nahi zuten, guztiz asaldatuta, zer zegoen ikusteko irrikan. Mariak kontzeptu matematikoak ezagutzen zituenez, diziplina hori ulertzeko ez zuen aparteko ahaleginik egin. Ikasketak amaitu ondoren, tesia egiteko unea iritsi eta Max Born aukeratu zuen zuzendari gisa. 1930ean doktoregoa lortu zuen fisika teorikoan.

Estatu Batuetako jarduna: nepotismoaren eta sexismoaren artean

Joseph Edward Mayerrekin ezkondu ondoren, etxez aldatu ziren, Baltimore hirira joan ziren bizitzera. Bertan, bere senarra John Jopkins Unibertsitateko Kimikako Departamentuan hasi zen lanean, Mariak, aldiz, Fisikako Departamentuan eskuratu zuen lanpostu bat, lanaldi osorik gabe eta soldatarik kobratu gabe. Unibertsitatean klaseak emateko sobera gai zen baina garaiko nepotismoak ez zion bere jarduna egiten utzi, irakasle baten emaztea baitzen.

2. irudia: Maria Goeppert Mayer (1906-1972) fisikaria, Suediako Gustavo Adolfo erregearekin, 1963. urtean Fisikako Nobel saria jaso ondorengo afarira doazela. (Argazkia: Smithsonian Institution / jabego publikoko argazkia)

Estatu Batuetan egon arren, Bornekin kontaktuan jarraitu zuen. Izan ere, 1930etik 1933ra Göttingenen igaro zituen udak harekin elkarlanean. Artikulu bat idatzi zuten bien artean fisikako entziklopedia ezagun baterako: Handbuck der Physik. Sinbiosi honek ez zuen asko iraun baina, Adolf Hitlerren igoera zela eta, Bornek bere lana galdu baitzuen judutarra izateagatik eta Eskoziara alde egin zuelako. Mayetarrak, bere aldetik, Columbiara joan ziren. Bertan, Mariari lan-eskaintza egin zioten Sarah Lawrence Eskolan zientzia irakasteko. Han aritu zen 1941etik 1945era, eta era berean, laborategi batean egiten zuen lan, uranio isotopoen bereizketan, hain zuzen. Alabaina, Harold Urey laborategiko zuzendariak bigarren mailako zereginak agintzen zizkion. Pozik egon zen baina ez zuen asko lagundu ikerketan. 1946an, Chicagora joan ziren senar-emazteak eta Mariak oso azkar lortu zuen lana Ikasketa Nuklearreko Institutuko fisika irakasle gisa. Gainera, Argonne National Laborategian –lehen Met Lab izan zena, Manhattan Proiektua garatu zuten lekua– hasi zen lanean, energia nuklearraren erabilera baketsuen garapenean.

Zenbaki magikoen dantza

Chicagora iritsi zenean, Mariak ez zeukan formakuntzarik fisika nuklearrean. Dena dela, bere lagun Fermi eta Edward Tellerren laguntzaz, arlo hori ikasten eta ikertzen hasi zen. Azken honekin, adibidez, lan egin zuen elementuen jatorria zehazteko. Gainera, haren ikerketak atomoaren nukleoa geruzez osatuta dagoela zehaztu zuen, hots, geruzetan zenbat eta asetasun handiagoa izan, nukleoa -eta, beraz, elementua- orduan eta egonkorragoa zela ikusi zuen. Horretaz gain, nukleo horiek 2, 8, 20, 28, 50, 82 edo 160 protoi edo neutroi (nukleoiak) izanda benetan egonkorrak zirela jabetu zen. Horiei zenbaki magikoak deitu zieten. Honen ondotik, nukleoaren spin-orbita teoria proposatu zuen, atomoen nukleoaren geruzen eredura iritsiz.

3. irudia: Argonne National Laborategiko fisika alorreko eraikinean Maria Goeppert Mayer fisikariaren omenez jarritako plaka. (Argazkia: Argonne National Laboratory / CC BY-NC-SA 2.0 lizentziapean)

Egindako esperimentuek fruituak eman zituen baina oso prozesu geldoa izan zen. Edonola ere, 1948an emaitzak publikatu zituen Physical Review aldizkarian. Gaia teorikoki azaltzen zuen bigarren artikulu bat bidali behar zuenean, ordea, konturatu zen ezagutzen ez zituen beste zientzialari batzuek, Hans Jensen, Otto Haxel eta Hans Suess fisikariak artean, ondorio berera iritsi zirela. Hala, bere testua geroago argitaratzeko eskatu zuen, Jensen eta bere taldeak idatzitakoarekin batera ager zedin. Baina azkenean, Mariarena urtebete geroago publikatu zuten. Horren ondotik, Jensenekin liburu bat argitaratzea erabaki zuen, geruzen egitura nuklearra deskribatuz.

1960an, Kaliforniako Unibertsitatean Fisikako katedraduna izatera iritsi zen, ordainsari baten truke lortu zuen lehenengo lanpostua izan zen. Harritzekoa da baina Mariak une hartan 54 urte zituen. Gainera, Ameriketako Estatu Batuetako Zientzien Akademia Nazionaleko eta Heidelbergeko Zientzia Akademiako kide izendatu zuten. Hori gutxi balitz bezala, hiru ohorezko titulu jaso zituen.

Aipatu dugunez, 1963an jaso zuen Fisikako Nobel saria, azkenean. Dena dela, pozak ez zuen asko iraun, 1972an bihotzekoak emanda hil baitzen. Edozein kasutan ere, Goeppert Mayerrek saria baino, egindako bidea gozatu zuen. Berak esan zuen moduan:

“saria irabaztea ez zen izan lan horixe bera egitea baino asegarriagoa”.

Iturriak


Egileaz: Uxue Razkin (@UxueRazkin) kazetaria da.

3 iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.