Astrofisika
Lehen aldiz, gizateriak zulo beltz baten benetako irudia ikusi du. Planeta osoko zortzi irrati teleskopioz osaturiko sare bat erabili dute begi erraldoi bat osatzeko, Berrian irakur daitekeenez.
Zulo beltz baten lehenengo argazkia egitea lortu du EHT teleskopioak. Munduan barreiatutako zortzi radioteleskopioren behaketa koordinatuari esker lortu dute M87 galaxian dagoen zulo beltzaren irudia jasotzea, Berrian informazioa.
Esan beharra dago, argazkian ikusten dena ez dela zulo beltza bera, ezin direlako ikusi. Baina irudiaren bidez baieztatu dute Einsteinen erlatibitate orokorraren teoria zuzena dela. Bi urtez lan egin dute ikerketa honetan. Berriak eman du albistea.
Asteko berria dugu hauxe, historikoa bilakatu dena era berean: zulo beltz baten lehen irudia erakutsi du EHT teleskopioak. Zehazki, M87 galaxiaren zulo beltza da. Elhuyar Aldizkariak azaltzen digunez, galaxia hori Lurretik 55 milioi argi-urtera dago. Irudian, zulo beltza inguratzen duen plasma ikusten da, eta erdiko beltzunea zulo beltzaren “itzala” da. Argazki hau posible egin duen zientzialaria Katie Bouman da.
Genetika
NASAk gidatutako ikerketa batean, argitu dute zer arazo eragin ditzakeen gizakiongan espazioan denbora luzez egoteak. Horretarako, biki astronautak erabili dituzte: bata espaziora bidali dute eta bestea Lurrean utzi dute. Ikerketa honen barruan, hainbat izan dira aztertu dituzten alderdiak, hala nola, faktore psikologikoak, fisiologikoak, genetikoak, epigenetikoak eta mikrobiologikoak. Aldaketa esanguratsuak ikusi dituzte batez ere zahartze zelularrean eta DNAren espresioan. Ez galdu Elhuyar aldizkarian argitaratutako artikulua.
Kimika
Testu honetan azaltzen diguten moduan, batzuetan artelana egiteko erabiltzen diren materialak obra bezain garrantzitsuak izaten dira. Zeintzuk dira koadro baten osagaiak? Barniza, adibidez; koadroak luze irauteko sortzen direnez, kanpo faktoreengandik babesteko erabiltzen da. Era berean, distira homogeneizatu eta koloreak liraintzen laguntzen du.
Denok ezagutzen dugu zer den listua. Funtzio garrantzitsuak ditu: digestioan laguntzen du eta bakterioen aurkako babesa ematen du, esaterako. Baina badauka beste erabilpen bat: margolanen zaharberritzaile batzuek listua erabiltzen zuten artelanak garbitzeko. Baina benetan eraginkorra da teknika? Ikerketa ugari abiatu dituzte galdera horri erantzuna emateko eta emaitzek erakutsi zutenez, listua izan zen aztertutako disolbatzailerik egokiena margolanen gainazalak garbitzeko.
Fisika
Eugene Chulkov fisikari errusiarrak jasoko du 2018ko Euskadi Ikerkuntza Saria, ekarpen esanguratsuak egiteagatik materia kondentsatuaren fisikaren eremuan, bereziki egoera solidoaren fisikan eta gainazalen fisikan. EHUko Materialen Fisika Saileko katedraduna da 2003tik eta Materials Physics Center-eko eta Donostia International Physics Center-eko (DIPC) ikertzailea da, Elhuyar aldizkarian irakur daitekeenez.
Lehen zientzia fikzioa bazen ere, egun laserrak nonahi aurki daitezke. Baina badakigu zer duen berezi argi-iturri honek? Artikulu interesgarri honetan azaltzen zaigu argia sortzeko mekanika kuantikoaren efektu bat erabiltzen duela laserrak, argiaren igorpen estimulatua, hain zuzen. Horretaz gain, bere aplikazioak azkar zabaldu dira. Horren adibide dira laserraren aurkikuntzagatik lortu zen Fisikako Nobel saria (1964) eta azkena, laserraren iraultza aintzatetsi duena. Arthur ashkinek lortu du sari erdia pintza optikoak asmatzeagatik. Eta zer dira bada pintza optikoak? Ez galdu azalpena!
Osasuna
Migrainarekin lotutako proteina batek sagu emeei mina eragiten die. Texasko Unibertsitatean egin duten ikerketa da eta lagun dezake ulertzen zergatik emakumeek gizonek baino hiru aldiz migraina gehiago izaten duten. Ikertzaileek ondorioztatu dute CGRP proteinarekiko sentikorragoak izateak zerikusia izan dezakeela. Elhuyar aldizkarian informazio guztia.
Klima-aldaketa
Nathalie Caill-Milly itsas ikertzailea elkarrizketatu dute Berrian. Bertan, klima aldaketaz aritu da, horrek itsasoan dituen eraginak ikertzen baititu. Arrain espezieen banaketa muga aldatzen ari da Kantauri itsasoan, eta haien ustiaketa “egokitu” behar dela uste du. Ez du uste Kantauri itsasoa arrainez husten ari denik baina modu berean dio: “Datozen espezie berriak askotan ezohikoak dira, eta arrantzaleak sentsibilizatzen ditugu, halako arrainen bat harrapatzean guri jakinaraz diezaguten espezieari dagokion fitxa sor dezagun; jakiteko, bertzeak bertze, jangarria ote den”.
Geologia
Ozeano dortsal baten azpian dagoen eremua “ikusteko” gai izan dira ikertzaileak. Juanma Gallego kazetariak artikulu honetan azaldu digunez, besteak beste, bertan aztertu ahal izan dituzte mantuaren fusioa zein lurrazalaren sorrera. Elektromagnetismoan oinarritutako teknologia erabili dute hori ikusi ahal izateko eta ikertzaileak 120 kilometroko sakontasunera iritsi dira. Teknologia hori erabilita ondorioztatu dute nolakoa den dortsalaren azpian dagoen egitura geologikoa, zer arroka mota desberdinak dauden, nola urtzen diren eta zeintzuk diren fluido horien ibilbideak.
Ingurumena
Herbehereetako erraustegi berrienaren kutsadura aztertzen aritu dira hainbat zientzialari. Inguruko arrautza, belar eta lurrak PCB eta PBDD dioxinaz eta furanoz kutsatuta zeudela ikusi dute. Ikerketa-lanetan aritu da Abel Arkenbout, Toxico Watch Fundazioko Toxikologoa, eta Berrian kontatzen duenez, “frogatu dugu dioxina horiek erraustegiko labeetatik ateratzen diren berak direla”. Ildo horri jarraiki, esan du ikerketa zientifiko independenteak “guztiz beharrezkoak” direla.
Datuak lainoan gordetzen dira, baina laino horrek leku fisikoak behar ditu funtzionatzeko eta horiexek dira ‘datacenter’ izeneko eraikinak. Jakina denez, egoitza horiek energia handia kontsumitzen dute eta, beraz, orain energia berriztagarriak erabiltzen hasi dira kutsadura murrizteko. Izan ere, Greenpeacek 2017an argitaratu zuen Clicking Clean txostenean ohartarazi zuen datuak lainoan gordetzeak kutsatu egiten duela. Apple, Google eta Facebook bezalako enpresek energia berriztagarriak erabiltzen hasi dira jada, adibidez. Lainoari lotutako xehetasun gehiago irakurtzeko, jo ezazue Berriako artikulura.
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
Egileaz: Uxue Razkin kazetaria da.