Ai gazte zoro hauek eta euren kortex prefrontal lotsabakoa!

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Edozein estimuluren aurrean auto-kontrola galtzeko joera norbanakoaren araberakoa bada ere, nerabezaroan bereziki zailagoa da inhibizioa kontrolpean izatea. Gizakietan ez ezik, tximinoetan ere gertatzen da, eta atzean arrazoi ebolutiboa dagoela proposatu dute.

Mundua hankaz gora eta bueltan. Nerabezaroan zer gertatzen den ondo dakite irakasleek zein gurasoek, modu enpirikoan ikasita. Horren atzean dauden zioei dagokienez, berriz, neurologoek dute azken hitza. Ados, bai, hezitzaileek, filosofoek, psikologoek, gizarte eragileek eta dena delakoek ere badute zeresanik, bai. Baina onartu beharra dago, gai honetan ere, mundua ikusteko eta kuantifikatzeko gizakiak asmatu dituen tresnek irauli dutela ikuspegia.

Azken hamarkadetan, bereziki erresonantzia magnetikoei esker ikusi ahal izan dute nerabezaroko garunak berezko izaera duela, eta ez dela ez haurtzaroko garun zahartua, ezta osatzear dagoen garun heldua ere. Besteak beste, bizitzaren etapa horretan hunkiberatasuna arautzen duen sistema linbikoa indartu egiten da, baina bulkadei muga jartzen dien kortex prefrontala, berriz, guztiz garatu gabe dago. Horrek laguntzen du azaltzen, hain handi batean, nerabe gehienek modu batean edo bestean erakutsi ohi duten portaera.

1. irudia: Hainbat egileren ustez, nerabezaroan inhibizioa arautzen duten mekanismoak garatu gabe egoteak arrazoi ebolutiboa izan lezake, besteak beste familiatik urruntzeko bidea ematen dutelako. (Argazkia: Mike Giles/Unsplash)

Bestetik, etapa horretara iristean, garunaren baitan berrantolaketa erraldoia egiten da. Neuronen arteko transmisioa ahalbidetzen duten axoiak hobeto isolatzen dira, mielina izeneko substantziari esker. Horren ondorio praktikoa da informazioa modu askoz azkarragoan transmititzen dela. Modu berean, axoien eta neuronetako dendriten arteko loturarik erabilienak indartu egiten dira.

Erabiltzen ez diren loturak, berriz, atrofiatzen dira. Prozesu horri “inausketa sinaptiko” izena eman zaio, eta adituek uste dute garunaren efizientzia hobetzeko balio duela. Sei urteren bueltan izaten da kimatze hori, eta, momentuz hori frogatzeko modurik ez dagoen arren, askotan planteatu da haurtzaroko “mundu magikoa” kimatze horrekin batera galtzen dela, gehienetan betiko. Aldaketa horiek guztiak modu progresiboan ematen dira, atzeko aldetik aurreko aldera. Horregatik kortex prefrontala da azkena garatzean.

Bi ahoko ezpata izan arren, horren atzean egon daitekeen zio ebolutiboa aurkitzen saiatu dira ere hainbat ikertzaile. Proposamen horren arabera, nerabeek ingurune berrietara egokitzeko ezaugarririk egokienak dituzte: arriskuei erreparatu ez eta ordainsari berriak hartzeko joera dute. Tartean, talde sozialaren onarpena bilatzen dute bereziki; normalean, gainera, familiatik kanpokoa. Ezaugarri horiek guztiak, eta nerabezaroan izaten diren beste hainbat, izugarri egokiak omen dira familiatik urruntzeko eta familia propioa sortzeko.

Azalpen ebolutibo honen alde dagoen ikertzaileetako bat da Pittsburgheko Unibertsitateko (AEB) Beatriz Luna. Christos Constantinidis kidearekin batera, gaiari buruzko artikulu bat argitaratu berri du Trends in Neurosciences aldizkarian. Zehazki, inhibizioaren kontrolaren umotzeari buruz gaur egun dagoen ezagutza laburbildu dute, bai gizakiei zein tximinoei erreparatuta.

Luna aspalditik ikertzen ari da nerabezaroa, eta portaera ikertzen duten beste hainbat zientzialariarekin gertatu ohi den moduan, trebezia berezia erakutsi esperimentu errazak eta, aldi berean, esanguratsuak diseinatzeko. Esperimentu horietan, haurrak, nerabeak eta helduak erabili ditu, eta horiei guztiei eskatu die begirada aurrera begira zuzen mantentzeko, eta aldeetatik datozkien estimuluei jaramonik ez egiteko. Emaitzetan argi ikusten da umeak direla estimuluei erantzuteko tentazioari eusteko moduan ez daudenak, seguruenera auto-kontrolerako mekanismorik ez daukatelako garatuta garunean.

2. irudia: Erresonantzia magnetikoei esker informazio ugari lortu da garunaren funtzionamenduaz, tartean, nerabeen garunaz. Argazkian, Jenako Unibertsitatean (Alemania) egindako erresonantzia bat, artxiboko irudi batean. (Argazkia: Jan-Peter Kasper/FSU)

Nerabeen kasuan, berriz, zientzialariek badakite auto-kontrolerako mekanismo horiek soberan garatuta dituztela, baina, halere, esperimentuan ikusten dute helduek baino joera handiagoa dutela ikusi behar ez duten hori ikusteko. Batez bestean, 10 urteko haurrek %45 huts egin dute Lunak diseinatutako probetan, baina nerabeen kasuan akatsen portzentajea %30-20 da, Lunak berak National Geographic aldizkariaren 2011ko urriko alean (Espainiako edizioa) eman zituen datuen arabera.

Akatsen tasa baino, interesgarriena da proba egiten den bitartean parte-hartzaileen garunetan zer gertatzen den: errendimenduen kontrola, akatsen detekzioa, planifikazioa edota kontzentrazioa… arlo hauek guztiak arautzen duten garunaren eremuak gutxiago erabiltzen dituzte, helduekin alderatuz. Azken hauetan, eremu hauek ia modu automatikoan jartzen dira martxan.

Orain argitaratutako artikuluan, berriz, nabarmendu dute fenomeno hau ez dela soilik gertatzen gizakietan, eta tximinoen kasuan ere gertatzen dela. Lunaren ustez, azalpen ebolutiboa legoke horren atzean. “Nerabezaroan ez duzu inhibizioen kontrolerako sistema perfektu hau, baina horren atzean badago arrazoi bat. Eboluzioan zehar mantendu da esperientzia berrietan oinarrituta inguruneari buruzko informazioa eskuratzea ahalbidetzen duelako”, esan du orain egileak prentsa ohar batean.

Egileen esanetan, autokontrolaren hobekuntza ez ezik, nerabezaroan planifikazioari lotutako sistemak txukundu egiten dira garunean, modu horretan erantzun bat eman behar denean prest egon ahal izateko.

Arlo praktikoari begira, egileek iradoki dute nerabeen garunaren ikerketatatik hezkuntzaren alorrean estrategiak ondoriozta daitezkeela. Hala, adierazi dute haien ikerketaren funtsezko ondorioa dela nerabezaroan beste etapetan baino aldagarritasun gehiago dagoela garunean, eta hori, noski, hezkuntza jorratzeko kontuan hartu behar den aldagaia delakoan daude.

Modu honetan laburbildu du kontua Christos Constantinidis ikertzaileak: “norbanako bakoitza desberdina da, eta bakoitzak modu desberdin batean ikasten du”. Egileak dio ahalegin asko egiten direla guztientzat balio duen hezkuntza sistema lortzen saiatzeko, baina planteamendu hori ez omen da zuzena, “norbanako bakoitzak gaitasun desberdinak dituelako” eta erritmo desberdinean heldu egiten delako. Orain arte, bada, hitza neurologoena izan da, datuak eta tresnak mahai gainean jarri dituztelarik. Orain, berriz, hezitzaileen txanda da berriro. Eta gurasoena, bai. Eta gizarte osoarena…

Erreferentzia bibliografikoa

Constantinidis, Christos eta Luna, Beatriz (2019). Neural Substrates of Inhibitory Control Maturation in Adolescence. Trends in Neurosciences, 42 (9), 604-616. DOI: https://doi.org/10.1016/j.tins.2019.07.004


Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

1 iruzkina

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.