Momentuz azalpenik ez duen oxigenoaren gorabehera neurtu du Curiosity ibilgailuak Gale kraterrean. Oxigeno gutxi egon arren, urtaroen arabera kopurua %30 aldatzen dela kalkulatu dute.
“Gauza arraroak gertatzen ari dira Gale kraterraren inguruan. Urtaro bakoitzean, aurreikusitakoa baino handiagoak diren oxigenoaren gorakadak eta beherakadak ikusten ditut, metanoarekin gertatu den antzerakoa, hain justu. Iturri bio eta ez bio izan zitezkeen; hortaz, horrek ez du adierazten bizia Marten, baina… ene bada! Pena merezi du gehiago ikertzeak”. Azaroaren 12an Twitter sare sozialaren bitartez @MarsCuriosity kontu ofizialak zabaldutako mezua da. NASAko arduradunak gai izan dira 280 karakteretan baino gutxiagotan aurkikuntzaren muina laburbiltzeko: zer neurtu duten, testuingurua zein den, azalpen posibleak eta ikerketetan sakontzearen beharra. Halakoetan egin behar den moduan, gainera, emozioa eta zuhurtzia ondo neurtuta zabaldu dute mezua.
Marten aurkikuntza harrigarriak egiten ari den robotaren arduradunak ez dira, noski, sare sozialetara mugatu aurkikuntzaren berri emateko. Journal of Geophysical Research: Planets aldizkarian eman dituzte xehetasun guztiak, gainerako zientzialariek horren berri izan dezaten, eta, behar izanez gero, datu horietatik bestelako ondorioak ateratzeko aukera izan dezaten.
Kasu honetan, gainera, kontua ez da tramite hutsa. Zientziaren kanonen arabera ondorioak mundu guztiaren esku jartzea eskatzen duen tramitea baino harago doa hau: ideiak beharko dituzte. Aitortu dutenez, esku artean dituzten datuen argitara, Marten dagoen oxigenoaren portaera azaltzeko modurik ez dute.
Kontu honetan guztian agian zirraragarriena da metanoarekin antzeko zerbait gertatu dela. Iaz zientzialariek aurkitu zuten metano gorakaden eta urtaroen arteko korrelazioa zegoela, eta martxoan gaiaren inguruan egon zitezkeen zalantzak argitu zituzten, Curiosityk lurrean egindako neurketak orbitatik berretsi zituztelako, Mars Express zundaren bitartez. Dena dela, eta gauzak konplikatzeko, apirilean jakin zen TGO zundak orbitan neurtutako metano mailak uste baino askoz txikiagoak izan direla.
Orain, oxigenoaren neurketak izan dira ezustekoa eman dutenak. Lehenik eta behin argitu behar da oso oxigeno gutxi dagoela Marten: atmosferaren %95 karbono dioxidoaz osatuta dago. Nitrogenoa %2,6 da; argona %1,9; eta oxigenoa %0,16 besterik ez da. Gutxi izan arren, neurketa fidagarriak egiteko oxigeno adina dago. Metanoaren kasuan, berriz, kopurua askoz txikiagoa da (%0,00000004), eta hor neurketetan akatsaren bat egotea errazagoa litzateke.
Beroarekin, gora
Urtaroei lotutako aldaketak izaten dira Marteko atmosferaren osaketan. Neguan, poloetako karbono dioxidoa izoztu egiten da, eta horrek dakar planeta osoko atmosferaren presioa are txikiagoa izatea. Uda partean, berriz, CO2z osatutako izotz hori sublimatzen da, eta atmosferaren presioak gora egiten du berriro. Dinamika hau ezagututa, zientzialariak gai dira azaltzeko CO2aren aldaketaren ondorioz argonean eta nitrogenoa izaten diren urtaroko aldaketak. Hots, bai nitrogenoak zein argonak urtaroen arabera esperokoa den patroia jarraitzen dute, atmosferan dagoen CO2aren arabera. Baina oxigenoaren kasuan ezin daiteke esan hau hala denik. SAM tresnaren bitartez egindako neurketek erakutsi dutenez, udaberria eta uda partean oxigeno hori %30 handitu da, eta udazkenean ohiko kopuruetara itzuli da. Gainera, aldaketa hauek urtero gertatzen diren arren, ez dira beti berdintsuak izaten. Horregatik, Melissa Trainer planeta-zientzialariaren aburuz, horren jatorria ezin daiteke egon atmosferaren dinamiketan; ezinbestean, jatorri kimikoa izan behar duela babestu du.
Metanoaren kasuan, aurreko neurketek erakutsi zuten metanoa %60 hazten dela uda partean. Orain ezagutarazi dutenez, zenbait kasuetan bi gasen gorakadak batera ematen dira, eta hori izan liteke, zenbait hipotesiren arabera, gas horien jatorri komun baten adierazle. Oraindik goiz da jakiteko oxigenoaren eta metanoaren korrelazio bat ote dagoen, baina hala izan zitekeela iradoki dute NASAk zabaldutako prentsa oharrean.
Gainera, atmosferan horrelako gorakada bat sortzeko oxigeno-atomo adina ez dagoela kalkulatu dute zientzialariek; horregatik, lurrera begira ari dira, erantzunen bila. Onartu dute, halere, oraindik ez dakitela zein izan zitekeen gorakadaren abiapuntua. Hainbat hipotesi abiatu badituzte ere, orain arte sortu dituzten hainbat eredu desberdinak ez dira gai izan horrenbeste oxigenoren sorrera justifikatzeko.
Hortaz, atera duten ondorioa da egon behar dela zer edo zer udako hilabeteetan oxigeno hori sortzen ari dena. Zientzia artikuluetan idazterik ez baina prentsari bai azaldu ahal zaion zerbait gaineratu dute: hori ikusi zuten lehen aldia “txundituta” geratu ziren.
Datuak ikusita, egin zuten lehen gauza izan zen egiaztatzea SAM tresna ondo kalibratuta zegoela, eta hala zela baieztatu zuten. Lehen susmagarrietara jo zuten ondoren: agian oxigeno hori CO2tik edo ur molekuletatik zetorren, konposatu horiek atmosferara askatzen zirenean. Baina zenbakiak ez zetozen bat: planetaren atmosferan dagoen ura halako bost beharko lirateke oxigenoaren gorakada hori sortzeko. CO2ari dagokionez, horren deskonposaketa mantsoegia da zenbaki horiek emateko.
Neguan zergatik jaisten den ere azaltzeko modurik ez dutela onartu dute. Eguzkiaren erradiazioa oxigenoko molekulak apurtzeko gai bada ere, oraingoan ere prozesua mantsoegia litzateke jaitsiera azaltzeko (teorian gutxienez hamar urte beharko lirateke praktikan urtaro batean gertatzen den galera sortzeko).
Agerikoa da galdera: orain arte atzeman ez dugun bizidun motaren batek sortzen al ditu oxigeno eta metano horiek? Ur handiak dira horiek, noski. Fenomenoaren atzean arrazoi geokimikoren bat egon daitekeela diote aditu gehienek, behar-beharrezkoa den zuhurtzia erakutsiz. Baina, aldi berean, ziur aditu horiek guztiek, kasu honetan bederen, oker egotea nahi izango dutela.
Erreferentzia bibliografikoa
Trainer, M. G., Wong, M. H., McConnochie, T. H., Franz, H. B., Atreya, S. K., Conrad, P. G., et al. ( 2019). Seasonal Variations in Atmospheric Composition as Measured in Gale Crater, Mars. Journal of Geophysical Research: Planets, 124. DOI: 10.1029/2019JE006175.
Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.
3 iruzkinak
[…] Marten gauza arraroak gertatzen ari dira. Oraindik azalpenik ez badute ere, Curiosity ibilgailuak oxigenoaren gorabehera neurtu du Gale kraterrean. Oxigeno gutxi egon arren, urtaroen arabera kopurua %30 aldatzen dela kalkulatu dute. Gauzak horrela, metanoaren misterioari gehitu zaio oxigenoarena. Hain […]
[…] bai pizten duten interesagatik, bai adituen artean sortzen dituzten desadostasunen tamainagatik. Marteren metanoaren jatorria edo dinosauroak akabatu zituen meteoritoaren garrantzia, kasurako. Beste eztabaida klasiko […]
[…] bai pizten duten interesagatik, bai adituen artean sortzen dituzten desadostasunen tamainagatik. Marteren metanoaren jatorria edo dinosauroak akabatu zituen meteoritoaren garrantzia, kasurako. Beste eztabaida klasiko […]