Uste baino lehenago iritsi zen gizakia Ameriketara

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Amerikako White Sands parke nazionalean duela 23.000-21.000 urte artean datatutako giza oinatzak aurkitu dituzte. Datazio horren arabera, azken glaziazioa bere punturik gorenean zegoenean populatuta zegoen Ipar Amerika.

Zientziaren eta ezagutzaren mundu zabalean badira etengabean errepikatzen diren eztabaidak. Horietako batzuk adituen artean ematen dira, eta, normalean, haien mundutik ez dira ateratzen. Horren adibide asko daude, baina, gertuko bat aukeratzearren, Alaitzaren kasua aipatuko dugu. Arabako herri txiki horretan bada horma margo zoragarriak dituen eliza bat, eta horiek ikertu dituztenek tira-bira sutsuak izan ohi dituzte haien datazioaren inguruan. Batzuentzat, XIV. mendekoak dira, baina beste batzuek babesten dute hasierako margoak XII. mendean egin zirela.

Beste eztabaida batzuk, berriz, gizarte osora iristen dira, bai pizten duten interesagatik, bai adituen artean sortzen dituzten desadostasunen tamainagatik. Marteren metanoaren jatorria edo dinosauroak akabatu zituen meteoritoaren garrantzia, kasurako. Beste eztabaida klasiko bat, Ameriketako populaketari buruzkoa da. Bada, gai polemiko honetan eztabaida piztuko duen beste proposamen bat aurkeztu dute.

White Sands
1. irudia: 60 bat oinatzen arrastoak aurkitu dituzte, antzinako laku baten ertzean. Datazioak dio duela 23.000-21.000 urtekoak direla. (Argazkia: AEBtako Parke Nazionalen Zerbitzua / USGS / Bournemoutheko Unibertsitatea)

Gaian sakondu aurretik, gaur egungo eztabaida zertan den laburtzea da egokiena. Urte askotan, Ameriketako populazioaren teoria nagusi bat mantendu da. Azken glaziazioaren ondorioz, Eurasia eta Ipar Amerika lotzen zituen Beringia izeneko lur pasabide bat sortu zen, eta lehen “amerikarrak” hortik igaro ziren kontinente berrira, Eurasiatik. Gutxi gorabehera, duela 13.000 urte gertatu zen, hori. Clovis izeneko kultura izango zen lehen gizaki horien aztarnen egilea.

Denborarekin, baina, proposamen horretan arrakalak agertzen hasi ziren. Lehen kolpe handia kontinentearen beste puntatik etorri zen. 1997an, Txileko hegoaldean kokatutako Monte Verde izeneko aztarnategia aurkitu zuten, eta bertako aztarnak duela 14.000 urtekoak zirela proposatu zen. Kontinentearen beste aldean egonda, arraroa litzateke Beringiatik etorritako horiek hain azkar hedatzea. Hortaz, lehen amerikarrak hain iparraldean kokatuta dagoen Beringiatik sartuz gero, argi zegoen kontinentearen okupazioak askoz zaharragoa izan behar zuela. Aurkikuntzak beste aukera posible bat hauspotu zuen: baliteke gizaki horiek itsasoz iritsi izana?

Tantaka, bestelako datazioak etorri dira, eta gehienek hankaz gora jarri dute Clovis kulturako gizakiak lehen biztanletzat jotzen dituen teoria. Monte Verdeko aztarnategi berean, duela 33.000 urteko datazioak aurkeztu dituzte, baina adituen artean datazio horren gaineko adostasuna urriagoa izan da.

Ipar Amerikan, Paisleyko aztarnategian aurkitutako giza koprolitoak duela 14.000-15.000 urte datatu dira, eta Brasilgo Pedra Furadan gutxienez duela 20.000 urtekoak diren arrastoak aurkitu dituzte. Duela 15.500 urteko aztarnak aldarrikatu dira Buttermilk Creek aztarnategian, Texasen (AEB). Denbora tarte horietatik guztiz aldenduta, duela hainbat urte ere Cerutti Mastodoneko aztarnategian, duela 130.000 urteko harri landuak ere proposatu izan dira.

Bada, antza, Clovis hipotesiaren hilkutxan beste iltze bat jarri berri dute. Science aldizkarian aurkeztutako lan batean, White Sands parke nazionalean dagoen antzinako aintzira batean aurkitutako oinatz arrasto fosilduen berri eman dute. Duela 23.000-21.000 urte artean datatu dituzte oinatzak. Hori egiteko, karbono 14aren analisia egin diete geruza horretan txertatutako hainbat haziri, eta emaitzek data tarte hori eman dute. Arrasto hauen datazioa egokia bada, horrek esan nahi du Azken Maximo Glaziarra baino lehen, hau da, azken glaziazioen izotz geruzek zabalerarik handiena izan zuten aldia aurretik, gizakiak bazirela Ameriketan.

White Sands
2. irudia: Hainbat gazte, lakuaren ertzean eta mamutei begira, irudikapen artistiko batean. (Ilustrazioa: Karen Carr / AEBetako Parke Nazionalen Zerbitzua)

60 bat giza oinatz dira. Behin lokatza izan zen eremu batean geratuak direnez, gainerako arrastoak baino hobetu datatu daitezke, zehaztasun gehiagorekin. Matthew Bennett geofisikariaren hitzetan, “harri tresnak eta hezurrak ez bezala, oinatzak ezin dira mugitu gora edo behera estratigrafian. Finkoak dira, eta oso zehatzak”. Giza arrasto horiekin batera, garaiko megafaunaren arrasoak badira ere, hala nola mamutak edo megaterioak.

Gainera, arrasto horien azterketa morfologikotik ondorioztatu dute haurrek edo nerabeek utzi zituztela oinatz gehienak, agian lakuaren ertzera ur bila joaten zirenean, edo –espekulatu dute–, bertan urarekin jolastera.

Gizakiaren presentzia Ameriketan hain atzerago proposatuta, normala da adituen artean zuhurtzia eragin izana. Horregatik, hazi horiei beste teknika batekin bigarren datazio bat egin nahi dizkiete orain, optikoki estimulatutako lumineszentzia teknikaren bitartez.

Nature aldizkarian ere jaso dituzte gaiaren inguruan beste hainbat adituk dituzten ikuspuntuak; horietan, aurkikuntzaren garrantzia nabarmendu dute. Adibidez Vienako (Austria) unibertsitateko Tom Higham arkeologoak dio aurkeztutako ebidentzia oso sinesgarria dela, eta “kitzikagarritzat” jo du. Mexiko Berriko Historia Naturaleko paleontologo Spencer Lucasek harago jo du, eta “agertokia aldatu” duela erantsi du.

Momentuz, hain baliagarria izan ohi den genetikak ez du gai honetan gehiegi lagundu. 2007an Mexikoko Yucatango Hoyo Negro izeneko urpeko haitzulo batean duela 12.000-13.000 urteko hezurdura bat aurkitu zuten., eta duela 12.600 urte beste ume baten hezurdura aurkitu zen Anzick aztarnategian (Montana, AEB). Hori bai, DNA analisietan oinarrituta, biek ala biek Asiako arbasoak zituztela ondorioztatu zuten.

Erreferentzia bibliografikoa:

Bennett, M. R. et al. (2021). Evidence of humans in North America during the Last Glacial Maximum. Science, 373 (6562), 1528-1531. DOI: 10.1126/science.abg7586


Egileaz:

Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

1 iruzkina

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.