Tots els colors del verd sota un cel de plom que el sol vol trencar
Tots els colors del verd en aquell mes de maig
Berde guztiak aurki ditzakegu gure bazterretan. Hori da, behintzat, Raimon paregabeak abesten duena. Zer da berdea, ordea? Non bukatzen da kolore hau? Non hasten da horia, espektroaren alde batetik, edo urdina, beste aldetik? Ez da lan erraza galdera horiei erantzutea. Halaxe soilik uler daiteke vietnamdarrek hitz berbera erabiltzea berdea eta urdina izendatzeko, edo Amazoniako bororoek berdearen 17 tonu bereiztea. Eta zer esan gure hizkuntzari buruz. Euskaldunok ez dugu hitz zaharrik berdea izendatzeko. Nork eta guk, berdez inguratuta bizi garenok!
Argi dago berdea kolore berezia dela. Argi ere badago naturarekin lotuko genukeen lehenengo kolorea izango litzatekeela. Ama Lurrak, berriz, inoiz ez dio gizakiari berdea modu errazean eskuratzeko aukerarik eskaini, kolorearen esklusibotasuna nahi izango balu bezala. Pigmentu berdeak lortzea erronka izugarria izan da artistentzat historian zehar. Gorriak ikusi dituzte margolanetan berdea irudikatzeko, esamoldea egokiena ez bada ere. Laster ikusiko dugu nola lortu zituzten pintura irrikatu horiek; baina, lehendabizi, ezagutu dezagun nola margotzen duen artistetan artistenak.
Oinez zelai berdean
itsaso bazterrean
gailurrak ditut maite
eta kresal usaina.
Zuhaitz handienek zein landare xumeenak klorofila molekulari zor diote kolorea. Hobe esanda, klorofila-molekulei zor diete kolorea, klorofila-A eta klorofila-B existitzen baitira. Hala ere, guztiz zehatzak izateko, ezin ditugu beste substantzia batzuk albo batera utzi: karotenoideak, flabonoideak eta antozianinak. Konposatu horiek eskaintzen duten tonu gorri-horixkak oso garrantzitsuak dira, batez ere udazkenean, klorofilak uzten gaituenean.
Gezurra badirudi ere, klorofilak gure odolari kolorea ematen dion hemoglobinaren antz handia du; behintzat, kimikaren ikuspuntutik. Hori bai, landareen pigmentuak argi ikusgaiaren banda gorria eta urdina xurgatzen du, eta berdea islatzen. Horrexegatik du kolore hori. Argiarekin sortzen den interakzioari esker, landareek energia eskuratu dezakete eta, bide batez, gizakiontzat ezinbestekoa zaigun oxigenoa askatu. Baina natura ez da beti horren eskuzabala izaten, eta ez du baimendu klorofila artelanetan erabiltzea, substantzia honekin egindako margoak ez baitira iraunkorrak. Adibidez, labar-arteari buruz pentsatzen dugunean, nekez etorriko zaigu gogora kolore berdea. Izan ere, arte prehistorikoaren paletan beltza, gorria eta zuria ziren nagusi, zeinak eskura zituzten errautsetatik, burdinen oxidoetatik eta klarionetik lortzen baitziren, hurrenez hurren. Hori da esaten dutena. Baina, gure arbasoek ez ote zituzten iratzeak eta haritzak margotzen? Zergatik landarerik ez eta oreinak eta bisonteak bai? Ez ote zen berdea zuzien argipean ondo bereizten? Edo, beharbada, desagertu egin dira marrazki horiek mendeak joan ahala…
Edonola ere, eta klorofila fotosentikorra izan arren, artista batzuek artelan apartak erdietsi dituzte sentikortasun horretaz baliatuz. Adibide paregabea da Binh Danh, jatorri vietnamdarrekoa, berdea eta urdina bereizteko hitzik ez zuten lurralde horietakoa. Bere artelanak argazkigintzan oinarritutako prozeduraren bidez lortzen ditu. Hasteko, negatibo bat ipintzen du hosto berde baten gainean; bere amaren lorategikoa baldin bada, askoz hobe. Gero, hostoa eguzkipean uzten du, argiak estalita ez dauden zatiak eraso ditzan. Hala, zati horietan klorofila degradatuko da eta hostoak kolorea galduko. Emaitza ikusgarria da, 2. irudian ikus dezakezuen bezala. Hori bai, artelana bukatutakoan erretxinaz babestu behar da, degradazioak aurrera egin ez dezan. Egun, klorofilaren egitura kimikoan oinarritzen diren ftalozianina berdea bezalako pigmentu egonkorrak sintetizatzea lortu dugu. Horrek, ordea, ez du inondik inora Binh Danhek jarraitzen duen prozeduraren lilura.
It’s not that easy bein’ green
Having to spend each day
The color of the leaves
Gustavo igelak zioen lez, ez da erraza hostoen kolorekoa izatea; kolore horretako margoak lortzea erraza ez den bezala. Agian horrexegatik, gizakiak lortu zuen lehenengo pigmentu berdeari landare izena ipini zion: malakita. Grekoek ipini zioten izena, eta “malben hostoen kolorekoa” esan nahi du. Bitxia da, ziur aski malba morearekin lotuko genukeelako hasiera batean, baina malba kolorekoak landarearen loreak dira, ez hostoak. Landare-erreinua albo batera utzi behar dugu malakitaz hitz egin ahal izateko, hura minerala baita (Cu2CO3(OH)2). Askotan, azurita (Cu3(CO3)2(OH)2) izeneko beste mineral batekin batera agertzen da, eta harribitxi asko baino politagoak diren konbinazioak sortzen dituzte (3. irudia). Mineral biek kobrea dute, betiere urdinaren eta berdearen kimikarekin erlazionatuta dagoen elementua. Azurita malakita bihur daiteke, eta horrelako transformazioak naturan politak diren arren, artelanen itxura alda dezakete. Irudika itzazue izarrak zeru berdean dir-dir!
Con la sombra en la cintura
ella sueña en su baranda,
verde carne, pelo verde,
con ojos de fría plata.
Leon edo kastillo? Itxaropenaren ala heriotzaren kolorea? Zalantzarik gabe, heriotzaren pigmentua izan zen berdea, behintzat, XIX. mendean zehar. Elementu kimiko batek izan zuen errua, izena entzute hutsaz ikara eragiten diguna: artsenikoa. XVIII. mendearen amaieran Carl Wilhem Scheelek – kimikari aparta bera – lehenengo pigmentu artsenikoduna lortu zuen (CuAsHO3). Scheelen berdea deritzonak kobrea ere badu, noski. Pigmentuak izugarrizko arrakasta izan zuen, batez ere, mende-aldaketarekin batera bertsio egonkorragoa agertu zenean. Verones berdea, esmeralda berdea edo Paris berdea deitu zioten. Izen erakargarriak benetan, baina aholku bat emango dizuet: ez erosi arratoi-pozoi gisa erabili daitezkeen pinturak. Margolari inpresionistak eta prerrafaelistak ez ezik, gizarte viktoriarra ere pigmentu honekin maitemindu zen. Etxeko pareta-papera berdez koloreztatu zuten, eta modan jarri zen emakumeen soinekoa berdez tindatzea. Ondorioz, askok pairatu zuten artsenikoaren efektua, kontaktu zuzenean egoteagatik zein hormetatik askatzen zen lurrinak arnasteagatik. Napoleonek berak pairatu omen zuen Agatha Christieren pozoi gogokoenaren erasoa Santa Elenako etxea berdez pintatuta izateagatik. Borodinon 100.000 soldadu errusiarrek lortu ez zutena, atomo xume batek erdietsi ei zuen.
E o vinho verde me fará recordar
A aldeia branca que deixei atrás do mar.
Askatasunaren estatua, Rodinen Pentsalaria edota zure etxetik hurbil dagoen brontzezko eskultura horren gainean, berde koloreko geruza bat existitzen da. Pentsa genezake monumentu horiek guztiak horrela sortu zirela, baina ezta gutxiago ere. Patina hori kobrearen etengabeko degradazioaren ondorioa da. Denborak aurrera egin ahala, kobrea oxidatu egiten da, eta gatzak sortzen ditu kloruroekin eta sulfatoekin, besteak beste. Hala, behinola distira metalikoa zuten estatuei kolore deigarriko bigarren azala agertzen zaie. Orain dela mende asko, norbaiti bururatu zitzaion patina hori pintura egiteko erabilgarria izan zitekeela: jaioa zen kuprits pigmentua.
Hala ere, gizakiok ezin gara pigmentu bat noiz agertuko zain egon; hortaz, prozesua bizkortu beharra zegoen. Gutxienez, K.a. IV. mendetik kuprits sintetikoa lortzeko gai gara, nola eta prozesu kimiko baten bidez. Horretarako, kobre-xaflak ozpinaren lurrinekin kontaktuan ipini behar dira (5. irudia). Apurka-apurka azido azetikoak zarakar urdin-berdexka ([Cu(CH3COO)2]2·Cu(OH)2·5H2O) sortuko du xaflaren gainean artisten pozerako. Grekoen eta erromatarren garaian, ozpinaz gain, mahats-patsak erabiltzen ziren, biak ala biak mahasgintzaren hondakinak. Hori dela eta, ardoa ekoizten zen lekuetan kupritsa ere ekoizten zen sarritan.
Pigmentu hau oso erabilia zen arren, konposatu egonkorragoak lortzen saiatu ziren; izan ere, pigmentuak erreaktibotasun handia du. Hala, kobre erretxinatua (Cu(C19H29COO)2) lortu zuten kupritsa erreakzionaraziz zuhaitzen erretxina destilatuz lortzen zen trementina edo kolofonia bezalako konposatu organikoekin. Berriro ere, kobrea tartean.
Arestian aipatu den bezala, gaur egun pigmentu berde egonkorragoak lortu ditugu sintesi organikoari esker. Baina artikulu honen helburua da berdea nola lortzen zen erakustea, kimika sintetikoa iritsi baino lehen. Hots, nolakoa izan den inguratzen gaituen berdea mihisean harrapatzeko ahalegin etengabea. Van Goghen berde artsenikoduna, berde goibela Lorcaren luman, kobrea duen berdea, horiaren eta urdinaren nahastea dena Velazquezen paletan, Bako jainkoaren opariari esker lortzen den berdea eta maiatzean dena estaltzen duen berdea.
Bibliografia:
Ashok, Roy (1993). Artists’ Pigments: A Handbook of Their History and Characteristics (Vol. 2). Oxford University Press, New York (1993).
Preciado, Txema (1995). Zergatik berde kategoria adierazteko euskal hitz jatorrik ez? Jakin, 87, 77-100.
Esker onak: Egileak eskerrak eman nahi dizkio Josu Lartategiri testu hau prestatzen laguntzeagatik.
Egileaz:
Oskar Gonzalez (@Oskar_KimikArte) UPV/EHUko Kimika Analitikoa Saileko ikertzailea da eta Zientzia eta Teknologia Fakultateko eta Arte Ederretako Fakultateko irakaslea.