Gizarteak zientzian interesa izatea behar-beharrezkoa da. Horretarako ezinbestekoa da zientziaren dibulgazioan lan egiten dugunon jarduna, baina, hori ez da punturik garrantzitsuena. Zientziarekiko zaletasuna sortzeko, gakoa da txikitatik zientzia irakastea eta zientziarekiko grina bultzatzea. Horrek lagunduko du, zalantzarik gabe, zer den zientzia eta zer ez den zientzia azaltzen. Zientzia-bokazioak sortzea ezinbestekoa da etorkizuneko zientzialariak -eta, era berean, etorkizuneko zientzia- bermatzeko. Guzti horretan zeresan handia dute derrigorrezko hezkuntzako irakasleek eta horien lana funtsezkoa da.
Zientziaren irakaskuntza metodoari dagokionez, tradizionalki, onartzen da zientziaren ikaskuntza-irakaskuntza esperimentazioari lotuta egon behar dela, nahitaez. Horrekin lotuta, aspalditik egon dira literatura zientifikoan ikerkuntza gidatu bidezko laborategi lanak baliabide didaktiko aberasgarri moduan erabiltzea proposatu dutenak. Proposamen horietan, ikasleari zientziaren printzipioak ezagutzeko aukera ematen zaio, Naturaren beraren ulermena bultzatzeko. Dena den, azken hamarkadetan Zientziaren irakaskuntza irakaslearen ereduan oinarritu da eta, oro har, instrukzio ohikoena jarduera ez-interaktiboak proposatzea izan da. Horrek ez dauka lotura handirik zientzialariaren benetako jardunarekin.
Zientzialarien jarduera ohikoena, esperimentazioa, eskolatik kanpo egon da kasu askotan eta, gainera, laborategiko praktika tradizionalek —praktika-errezetek— porrot egiten dute ikasleen zientzia-potentziala azaleratzerakoan. Oro har, ikasleak ez dute uste egiten ari diren lan hori — praktika-errezeten bidez egindako laborategiko lana— zientziaren esentzia den ikerkuntza denik. Bestalde, irakasle askok ez dituzte planteatzen ikasleek haien ezagutza eraiki ahal izateko modukoak diren laborategi praktikak eta, eskuarki, laborategiko lanak eduki kontzeptualen barneratze hutsa izaten dute helburu. Jakina, denbora baliabide eskasa eta preziatua da irakaskuntzan eta praktika-errezetak prestatzea da, sarri askotan, bideragarria den aukera bakarra.
Zentzu horretan, dena den, azken urteotan praktika-errezeten alternatibak diren beste metodologia esperimentalak proposatu dira ikasleak zientziaren metodoetara modu esanguratsuan gerturatzeko. Jarduera mota horrek zientziaren arloan eskuratu beharreko prozedurazko, jarrerazko eta kontzeptuzko edukien barneratzea ahalbidetzen eta errazten du, zalantzarik gabe. Jarduera praktikoak oso garrantzitsuak -ezinbestekoak- dira zientzian eta, oro har, jarduera edo lan praktiko horiek laborategian gertatzen direnez, zentzuzkoa eta aberasgarria da zientziaren ikaskuntza-irakaskuntzan laborategian ikerkuntza-lanak egitea.
Testuliburu gehienetan aurkitzen diren saiakuntza praktikoak oso gutxi izan ohi dira eta, salbuespenak salbuespen, literaturan argitaratutako ikerketetan ohartarazten da testuliburuetan dauden ariketek ikerkuntza-maila eskasa eskatzen dutela, alegia, errezeta hutsen jarraipenean oinarritzen direla. Ikasleak laborategian dauden denboraren zatirik handiena behaketak eta neurketak egiten, datuak deskribatzen eta tresneria erabiltzen ematen dute. Ez dago, aitzitik, hipotesiak formulatzeko, esperimentuak diseinatzeko eta galderak planteatzeko denbora-tarterik. Teoriaren eta praktikaren arteko loturak ia ez dira aipatzen, eta ez da laborategia erabiltzen eduki kontzeptualen ikaskuntza esanguratsua lortzeko. Jarduera gehigarri moduan lantzen dira, baina, ez ikasi beharrekoaren atal garrantzitsu bezala.
Laburtuz, bi eredu esperimental kontrajarrien —praktika-errezeten eta ikerkuntzen— arteko aldeak bistakoak dira. Praktika-errezetak guztiz gidoitutako, antolatutako eta aurreikusitako jarduerak direnez, irakaslearentzat eta ikasleentzat askoz errazagoak dira, baina kontzeptuak gutxiago erlazionatzen ikasten da; izan ere, ondorioak ateratzerakoan irakasleak zuzentzen du praktika. Ikerkuntza bidezko metodologia –ikerkuntza txikiak izanik ere, noski– askoz konplexuagoa da eta lan gehiago eskatzen dio irakasleari, baina, modu esanguratsuagoan barneratzen dira edukiak. Praktika-errezeta bidezko lan praktikoetan jakin edo ikasi gabe egiten da proposatutakoa, ikerkuntzen bidez, aldiz, ikasleak egin behar ditu proposamenak. Horixe da jarduera zientifikoaren funtsa.
Hipotesi eta soluzioei dagokienez, errezeten bidez lan egitean ikasleak ez du proposamenik egin behar eta jarduerak duen soluzio bat eta bakarra aurkitzea da kontua. Ikerkuntza bidez lan egitean, zientzialariek izan ditzaketen arazo errealen aurrean hipotesiak egin behar dituzte ikasleek eta soluzio anitzak lor daitezke. Ikerkuntza gidatuen bidez lan egitean ikasleak bide posible bat baino gehiago proposa dezake eta modu irekian egiten du lan. Ikasleak diseinatu behar du lan-jarduera eta hasieratik jakina da beti ez dela soluzioa lortuko. Prozesu horretan, dena den, zientziako edukien ikasketa esanguratsua gertatzea askoz ere probableagoa da. Modu horretan lan eginda, behar-beharrezkoak diren zientzia-bokazioak bultzatzea ere probableagoa da, jakina.
Informazio gehiago
Egileaz: Josu Lopez-Gazpio (@Josu_lg) Kimikan doktorea, irakaslea eta zientzia dibulgatzailea da. Tolosaldeko Atarian Zientziaren Talaia atalean idazten du eta UEUko Kimika sailburua da.
3 iruzkinak
[…] lotuta egon behar da. Azken hamarkadetan, ordea, jarduera ez-interaktiboak proposatu dira. Badira ere metodologia esperimentalak proposatu dituztenak. Baina laborategian ematen duten denboraren zatirik handiena behaketak eta neurketak egiten […]
[…] diotenean jasaten duten zama. Hori haien zientzia, teknologia, ingeniaritza eta matematiketako (STEM) errendimendu maila txikiarekin lotu da. Estereotipoaren mehatxuaren eraginez, neskentzat porrot […]
[…] oso eskasa eskatzen dutela, alegia, errezeta huts baten jarraipenean oinarritzen direla. Ikasleak laborategian dauden denboraren zatirik handiena behaketak eta neurketak egiten, datuak desk…. Ez dago, aitzitik, hipotesiak formulatzeko, esperimentuak diseinatzeko eta galderak planteatzeko […]