Egunotan sarritan entzuten dugu birus hitza. SARS-CoV-2 birusaren ondorioz pairatzen ari garen egoera larri honetan, konturatzen ari gara gauza ñimiño batek zenbat kalte egin dezakeen. Birusaren aurkako borrokaz hitz egiten da, birusa hiltzeaz, baina, hori posible al da? Ba al dakigu zer den birus bat? Saia gaitezen argitzen ikuspegi orokorretik. Jarraian datorrena ez da koronabirus berriari buruz bakarrik, baizik eta, orokorrean birusei buruz. Jar dezagun argi pixka bat iluna eta arrotza izan daitekeen gai honetan.
Birusak ez dira bizidunak. Edo bai. Egia esan, birusak bizidunak diren ala ez eztabaidagaia da zientzialarien artean. Ez da kontu erraza hori argitzea; izan ere, biziduna den ala ez argitzeko, lehendabizi biziduna izatea zer den definitu behar da. Definizio hori lortzea ez da erraza eta hainbat proposamen daude. Onartuenen artean, hiru bizi-funtzio definitzen dira, alegia, bizidunek egiten dituzten gauzak zerrendatzen dira eta, horren arabera, zerrenda horietako puntuak betetzearen arabera aztertzen da bizitza. Bizi-funtzioa hauek dira: ugalketa -antzeko ondorengoak sortzeko gaitasuna, espeziearen biziraupena bermatzeko-, nutrizioa -kanpoko substantziak hartzeko gaitasuna- eta erlazioa -ekosisteman dauden beste elementuekin elkarrekintzak izateko gaitasuna-.
Birusak ez dira gai haien kabuz soilik osotasunean bizi-funtzioak betetzeko. Azpimarragarriena da birusak ez direla gai ondorengoak sortzeko. Orduan, nola da posible birusak ez desagertzea? Bada, zelula ostalari bati esker gai dira haien buruaren kopiak egiteko. Birusek ez daukate gaitasuna birus gehiago sortzeko, ez daukate horretarako beharrezkoa den makineria biologikoa. Zelula batek, jakina, beharrezkoa den guztia dauka ugaldu ahal izateko. Birusak, hortaz, bizitzaren mugan daude: ez dira haien kabuz ugaltzeko gai eta ez daukate metabolismo propioa.
Beraz, labur esanda, birusak ugaltzeko beste bizidun baten beharra duten agente infekziosoak dira, parasitoak, bizkarroiak -hala ere, birus guztiek ez dituzte gaixotasunak eragiten-. Horretan, gainera, oso eraginkorrak dira eta beste edozein bizidun kutsatzeko gai dira: animaliak, landareak, onddoak eta bakterioak, besteak beste. Ez hori bakarrik. Badaude birusak beste birus batzuk kutsatzeko gai direnak. Antza, bide horretatik birusen arteko material genetikoaren trukaketa gerta daiteke.
Nolakoak dira birusak?
Birusen egiturari dagokionez, birusen atalik garrantzitsuena material genetikoa da. Material hori azido nukleiko moduan dago, DNA zein RNA motakoa izan daitekeena. RNA edo DNA hori kate bakarrekoa edo kate bikoitzekoa izan daiteke eta, berezitasun guztiak kontuan hartuta, birusak zazpi talde handitan sailkatzen dira Baltimore-ren sailkapenaren arabera -ez galdu sailkapen horren zehaztasunen azalpena eta birusei buruzko beste zenbait kontu Koldo Garciaren blogean-. Hemen fokua material genetikoaren funtzioan jarriko da. Azido nukleiko horietan, birus gehiago egiteko jarraibideak daude, baina, jarraibideak bakarrik. Pentsa dezakegu tresna bat egiteko gidaliburua dela eta, hortaz, birusari fabrika falta zaio.
Material genetikoaz gainera, birusek babes-geruza bat dute inguruan, kapside deritzona, eta proteinaz osatuta egoten da. Kapsideak hainbat forma desberdin izan ditzake: helikoidala, ikosaedrikoa, eta abar. Kapsidea inguratzen ere lipidoz osatutako geruza bikoitz bat egon daiteke, baina, ez kasu guztietan. Hortaz, birusen egitura nahiko oinarrizkoa da: material genetikoa eta material genetiko hori babesteko geruzak. Tamainari dagokionez, birusak bakterioak baino askoz ere txikiagoak dira. Salbuespenak salbuespen, birusen tamaina 10 eta 300 nanometro ingurukoa izaten da. Hain tamaina txikikoak izanik, ezin dira ikusi mikroskopio optikoen bitartez eta mikroskopio elektronikoak behar dira.
Puntu honetan, hurrengo galderari erantzuna emateko moduan gaude. Birusek material genetikoa dute, alegia, birus gehiago egiteko beharrezkoa den informazioa daramate, baina, beste zelula baten makineria erabili behar dute jarraibide horien arabera birus gehiago egin eta ugaltzeko. Nola gertatzen da, baina, prozesu hori?
Jarraituko du.
Informazio gehiago:
- Todos los virus, y no solo el coronavirus, Miguel Pita, elpais.com, 2020.
- Itxialdirako genetika (artikulu-sorta), Koldo Garcia, edonola.net, 2020.
Egileaz:
Josu Lopez-Gazpio (@Josu_lg) Kimikan doktorea, irakaslea eta zientzia dibulgatzailea da. Tolosaldeko Atarian Zientziaren Talaia atalean idazten du eta UEUko Kimika sailburua da.
Birusei buruzko artikulu-sorta:
- Birusak (I)
- Birusak (II)
- Birusak (eta III)
9 iruzkinak
[…] Josu Lopez Gazpio / 2020-04-01 / 590 hitz […]
[…] Lopez-Gazpio kimikan doktoreak, Zientzia Kaiera […]
[…] SARS-CoV-2 birusa askotan aipatu dugu baina badakigu zer den, oro har, birus bat? Testu honetan azaltzen digutenez, birusak bizitzaren mugan daude: ez dira haien kabuz ugaltzeko gai eta ez daukate metabolismo […]
[…] egunero entzuten dugu zerbait birusei buruz eta, horri jarraiki, artikulu-sorta honen lehen atalean birusak zer diren aztertu genuen. Esan genuen bezala, birusak bizidunak diren edo ez, ez dago argi. Bestalde, birusek haien baitan […]
[…] Zientzia Kaieran, birusak zer diren eta birusak zelula ostalaria kutsatzeko prozesua azaldu digu Josu Lopez-Gazpiok, eta, tartean, […]
[…] zehatza, baizik eta birusen kasu orokorra. Ekarpen honekin amaitzen den artikulu-sortan, birusen egitura eta transmisioa aztertu dugu jada eta, orain, birusek ekar ditzaketen arriskuak eta organismoak […]
[…] Zientzia Kaieran, birusak zer diren eta birusak zelula ostalaria kutsatzeko prozesua azaldu digu Josu Lopez-Gazpiok, eta, tartean, […]
[…] berria Zientzia Kaieran bertan; Josu Lopez-Gazpiok ere birusei buruzko argibideak eman dizkigu, birusak nolakoak diren azalduz edo zeluletara nola sartzen diren azalduz, hain zuzen ere. Birusak beti lotzen ditugu […]
[…] birusak, eta bereziki SARS-CoV-2a maltzurtzat hartzen ditugun arren, ez ginateke bizirik egongo Lurrean […]