Biologia
Egunotan, SARS-CoV-2 birusa askotan aipatu dugu baina badakigu zer den, oro har, birus bat? Testu honetan azaltzen digutenez, birusak bizitzaren mugan daude: ez dira haien kabuz ugaltzeko gai eta ez daukate metabolismo propioa. Birusen atalik garrantzitsuena material genetikoa da, DNA edo RNA motakoa izan daitekeena. Horretaz gain, birusek babes-geruza bat dute inguruan (kapsidea) eta hori inguratzen, lipidoz osatutako geruza bikoitz bat egon daiteke.
Berriak ere eman dizkigu birusei buruzko apunte batzuk, UPV/EHUko Immunologia, Mikrobiologia eta Parasitologia arloko irakasle Elixabete Arreseren eskutik. Hasteko, birusak azelularrak dira, hau da, “ugaltzeko, zelula bizidun baten barruan egon behar dute” eta mota askotakoak daude. COVID-19 eritasunaren kasuan, esaterako, “batez ere albeoloetako zeluletara jotzen du: biriketara. Horra iristen direnean, ezarri egiten dira, eta kaltea eragiten dute”. Kontuan hartu behar dugun beste ezaugarri bat: aldakorrak dira, “mutatu egiten dute”.
Genetika
Koldo Garciari esker, genetika maitatzen hasi gara. Asteon, beste bildumatxo bat ekarri digu. Gai ugari jarri ditu mahai gainean. Hasteko, endorfinak ditugu. Zer dira? Orain beharrezkoak ditugu etxean, konfinamendu egoera honetan, bizipoza mantentzeko: plazera sortzen dizkiguten jarduera batzuetan askatzen dira gure nerbio sistemara. Baina zenbat moda daude? Eta nondik sortzen dira?
COVID-19 gaitzari buruz ere aritu zaigu, zehazki, SARS-CoV-2aren jatorriaz eta azken asteetan mila aldiz entzun dugun animaliaz: pangolina.
Ziur guztiok modu batean edo bestean galdera hau erantzuten saiatu garela: nola “hiltzen” dira birusak? Koldori esker badugu azalpen argi eta labur bat. Baina, aurreratzen dizuet, gure immunitate-sistemak baduela giltza kontu honetan.
Historia pixka bat ere ikasteko parada izango duzue bilduma honetan. Zehazki, testu honetan Tuskegee esperimentuaz mintzo da, AEBetan abian jarri zuten sifilisaren garapena aztertzeko ikerketa. Testuan adierazten denez, adibide honek balio du gogorapen gisa: giza-ikerketetan denak ez du balio.
SARS-CoV-2 birusean zentratu gara, baina zer dakigu urtaroko gripearen genetikaz? Koldo Garciak argitu digu kontua.
Birologia
Biologian eta mikrobiologian doktorea den Adolfo García Sastreri elkarrizketa egin diote Berrian, COVID-19 gaitzaren harira. SARS-CoV-2 birusaren kontrako txertoak eta antibiralak ikertzen ari da New Yorken, baita sagu ereduak garatzen ere, COVID-19aren kontrako txertoak eta botikak eraginkorrak diren probatu ahal izateko. Elkarrizketa interesgarri honetan, birusaren mutazioez eta izurrite honen etorkizunaz hitz egin du, besteak beste.
Osasuna
Abiadura bizian lan egiten ari dira ikertzaileak koronabirus berri hau gelditzeko asmotan. Berriak bildu ditu orain arte zientziak eta zientzialariek birusari buruz eskura daukagun informazio guztia. Adibidez, zer bide hartzen ari dira gaitzari aurre egiteko? Noiz lortuko dituzte botikak? Abiatu dira jada txertoa lortzeko ikerketak? OMEk bultzatu duen COVID-19aren kontrako tratamendu bat aurkitzeko proiektuak antibiralak izan ditu helburu. Zeintzuk probatu dituzte? Galdera hauen eta gehiagoren erantzunak artikuluan aurkituko dituzue.
Honen harira, Berrian irakur daiteke Euskal Herrian egin den ikerketa batean antibiral baten eraginkortasuna neurtzen ari dira: remdesivirra, Gilead ekoizlearena. Barakaldoko (Bizkaia) Gurutzetako ospitalea eta haren ikerketa institutua, Biocruces, nazioarteko ikerketa talde batean parte hartzen ari dira.
Azken asteetan aipatu izan da ibuprofenoak okertu egiten duela COVID-19 gaitzaren eboluzioa. Elhuyar aldizkariak azaltzen duenez, oraingoz adituek ez dute frogarik hori ziurtatzeko baina baliteke hala izatea. Iaz Frantziako hainbat ikertzailek egindako azterketa baten arabera, antiinflamatorio ez-esteroideoen erabilera arnas aparatuko gaitzen konplikazioekin lotuta dago. Frogarik ez dago oraindik baina ez dago gomendatuta antiinflamatorio ez-esteroideoen erabilera.
SARS-CoV-2 birusaren jatorriari buruz hitz egitean saguzarrak aipatzen ari dira zenbait artikulutan. Horren harira, Joxerra Aihartza Azurtza UPV/EHUko zoologoaren taldeak urteak daramatza mundu osoko saguzarrak ikertzen. Berriak bildu dituen haren hitzetan, birus askoren gordailuak dira. Hori ahalbidetzen duten bi arrazoi aipatzen ditu ikertzaileak: alde batetik talde handitan bizitzeko joera, eta, bestetik, bizi-itxaropen luzea. Eta ildo horri jarraiki, nola lortu du saguzarren birus batek gizakia infektatzea eta izurri bat eragitea?
SARS-CoV-2 birusak sorrarazten duen infekzio mota oso aldakorra eta zabala da paziente batzuetatik besteetara. Immunitate-sistema da horren arrazoia. Kontuan hartu behar da sistema immunea adinarekin aldatu egiten dela; gazteek antigeno desberdinak eta ezezagunak ezagutzeko gaitasuna duten zelulen errepertorio handia dute. Adinekoetan, ordea, kontrakoa gertatzen da. Miren Basarasek Berrian azaltzen digu COVID-19aren kasu larriek sistema immunearen neurriz gaineko erantzuna ematearekin zerikusia dutela.
Koronabirus berriaren larrialdia hasi zenetik, aditu askok esan dute beroak eragina izango duela birusaren eraginkortasunean. Basarasek Berrian azaltzen duenez, koronabirusak birus geruzadunak dira, geruza lipidikoz estalita daude. Hortaz, klima hotza denean, geruza oliotsua gogortu egiten da. Hezetasunari dagokionez, airea lehorra denean, gure birikak estaltzen dituen mukia murrizten dela uste da, eta garai horietan, ahulagoak bihurtzen gara birusarekiko.
Gaixotasun larriak pairatzeko izua da hipokondria. Koronabirusak eragin duen egoera honetan, horri buruzko gehiegizko informazioak gaixoen obsesioa areagotu dezake. Edurne Saizar psikologoaren hitzak bildu dira Berriako artikulu honetan. Bere esanetan, “norberaren osasunaren irudia distortsionatua dute erabat” eta horren ondorioz, “neutraltasun” posiblea ukatu, eta okerrenera jotzen dute. Hipokondriari aurre egiteko tresnez aritu da psikologoa, baita egun COVID-19 gaitz berriaren pandemiak utzi duen egoeraz ere.
Etxean gauden bitartean, osasunari erreparatu behar diogu. Osasuntsu mantentzeko baditugu eskura hainbat tresna. Horren harira, adituek diote garrantzitsua dela kirola egitea, burua okupatuta mantentzea eta ahalik eta sanoena jatea. Elena Olaiz psikologoak argi du: “Errutina bat ezartzea ezinbertzekoa da denentzat”. Berrian informazio guztia.
Alazne Apalantza fisioterapeuta elkarrizketatu dute Berrian. Bertan, gernu ihesari buruz mintzatu da; “tabu handia” dela dio “emakumeon arazoa delako”. Gehitzen du hainbat motatako inkontinentziak daudela eta kausa ezberdinak dituztela. Horretaz gain, Apalantzak dio gernu ihesa ez dela soilik erditu diren emakumeen arazoa.
Teknologia
CNRS Frantziako Ikerketa Zientifikorako Zentroko Neel Institutuko ikertzaileek grafenoan oinarritutako sentsore baten bitartez, zauri kronikoen egoera uneoro jasotzeko gai den sistema bat garatu dute. Zergatik da hain aproposa grafenoa? Oso material arina da, izugarrizko erresistentzia du eta eroale bikaina da. Eta ez hori bakarrik, zaurian izaten diren aldaketa fisiko-kimikoen arabera aldatzen da grafenozko elektrodoaren eroankortasuna. Datu guztiak artikuluan.
Dementzia antzemateko aplikazio bat probatu dute Oroitu neurologia arreta berezia eskaintzen duen zentroan. Susana Perez de las Heras medikua eta zentroko zuzendariak Berrian dioen moduan, oso garrantzitsua da gaixotasunak garaiz antzematea eta horretarako izan daiteke baliagarria ahotsaren bidez dementzia detektatzeko AcceXible start-up-ak egindako aplikazioa. Egindako esperimentuari buruz mintzo da honetan: “Oroituk pazienteak jarri ditu. Eta AcceXiblek aztertu du, bere matematikarien bidez eta pazienteen ahotsa aintzat hartuta, narriadura kognitibo hori detektatzeko aukera”.
Klimatologia
Martxoaren amaieran, 18 kilometroko altueran, %90 jaitsi da Artikoko estratosferan dagoen ozono-kopurua. 2011. urtetik ez da egoera hori eman. Elhuyar aldizkariak azaldu digunez, atmosferaren goiko geruzetan aurten izan diren tenperatura baxuek ahalbidetu dute fenomenoa.
Emakumeak zientzian
Nubia Muñoz epidemiologo kolonbiarrak Giza Papilomaren Birusa (GPB), sexu-transmisiozko infekzioen artean ohikoena, umetoki-lepoko minbiziaren kausa nagusia zela aldarrikatu zuen. Muñozek egindako ikerketa-lanak ahalbidetu zuen txertoa sortzea mundu osoko umetoki-lepoko minbizien %70 eragiten duten andui horiek geldiarazteko. Nobel saria irabazteko zorian egon zen 2008an, baina azkenean, txertoa garatu zuen Harald Zur Hausen mediku alemaniarrak lortu zuen. Haren ingurukoak artikuluan.
Eboluzioa
Duela bi milioi urte inguru, hiru hominido-espezie garai berean bizi izan ziren Hegoaldeko Afrikan, berriki argitaratu duten ikerketa baten arabera. Ikertzaileek Drimolengo aztarnategian (Hegoafrikako errepublika) bi garezur aurkitu dituzte: Paranthropus robustus eta Homo erectus espezieei dagozkienak. Azken honen kasuan, datazio berriak gutxienez 100.000 urte inguru atzeratu du espeziearen agerpena, Elhuyar aldizkariak azaltzen duenez.
Kimika
Artearen arloan, gehien ezagutzen dugun euskarria mihisea da, lihoa, kotoia, kalamua edo jutea bezalako landareetatik lor daitekeena. Ezin da ahaztu XV. mendera arte zura izan zela euskarririk erabiliena. Baina mihisearen eta zuraren gainean margotu baino lehen euskarri horiek prestatu behar dira. Testuan azaltzen diguten moduan, geruza zuri homogeneo batez estaltzen dira. Beraz, lanean hasteko, geruza hori nola prestatzen den jakin behar dugu. Artikulu honetan aurkituko duzu erantzuna.
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
Egileaz: Uxue Razkin (@UxueRazkin) kazetaria da.