Birusak (II)

COVID19 · Dibulgazioa · Kolaborazioak

SARS-CoV-2 birusak eragindako pandemiaren kalte larrien ondorioz, egunero entzuten dugu zerbait birusei buruz eta, horri jarraiki, artikulu-sorta honen lehen atalean birusak zer diren aztertu genuen. Esan genuen bezala, birusak bizidunak diren edo ez, ez dago argi. Bestalde, birusek haien baitan material genetikoa dutela argi utzi genuen, baina, material genetiko horretan dauden jarraibideak betetzeko makineria falta zaio birusari. Horrexegatik, birusek beste bizidunen beharra dute. Nola gertatzen da, baina, birusak zelula ostalaria kutsatzeko prozesua?

birusak
Irudia: Birusen egituraren atalik garrantzitsuena azido nukleikoak dira. Bertan DNA edo RNA moduan haien buruaren kopia berriak egiteko informazioa gordetzen dute. (Argazkia: Pete Linforth – domeinu publikoko irudia. Iturria: pixabay.com)

Une batean, birusaren kanpoko geruzetako atal batek bat egiten du zelula ostalariaren kanpoko geruzako beste atal batekin. Giltza eta sarraila baten modura, birusa gai da zelularen punturen bat ezagutzeko eta hortik sartzen da barrura. SARS-CoV-2 birusaren kasuan, adibidez, litekeena da puntu hori ACE2 izeneko hartzailea izatea. Lotura hori espezifikoa da eta, horregatik, birusak espezie-espezifikoak izaten dira. Birus bat espezie bateko bizidunen zeluletan sartzeko gai da eta beste espezie bateko zeluletara sartu ahal izateko mutazio bat gertatu beharko da lehenago.

Nolanahi ere, birusak zelula ostalariaren atal bat ezagutzen duenean, birusaren informazio genetikoa zelulan txertatzen da. Zelulak material genetikoa propioa bezala identifikatzen du eta, beraz, bertan dauden jarraibideak betetzen hasten da bere makineria erabiliz. Horrela, birusak zelula bere onurarako erabiltzea lortzen du. Birusak, gainera, zelula ostalaria mugaraino ustiatzen du. Zelula birusaren kopiak egiten hasten da etengabe eta bere funtzio propioak betetzeari uzten dio. Horren ondorioz, organismoaren funtzioak ez dira hain modu eraginkorrean betetzen eta gaixotasunak edo disfuntzioak agertzen hasi daitezke.

Kontu garrantzitsu bat. Lehenago esan bezala, birusek zeluletara sartzeko pasabide jakin batzuk bakarrik ezagutzen dituzte eta oso espezifikoak dira. Hala ere, dakigunez birusek espezie batetik bestera salto egin dezakete. Birusek zelula ostalarien makineria metabolikoa erabiltzen dutenean, akatsak gerta daitezke kopiak egiteko momentuan. Akats horiei mutazio deritze eta horien ondorioak hiru izan daitezke:

  1. ezer ez gertatzea, alegia, akats hori izanda ere birusak bere funtzio berdinak normaltasunez betetzen jarraitzea,
  2. akatsaren ondorioz birusa ez izatea bideragarria edo
  3. akatsaren ondorioz birusak beste ezaugarri bat lortzea, adibidez, beste espezie bateko zeluletara sartu ahal izatea.

Akatsak -mutazioak- etengabe gertatzen dira eta, jakina, hirugarren motako akatsa gertatzea oso inprobablea da. Alabaina, birusak hainbeste aldiz kopiatzen direnez -milaka edo milioika aldiz-, probabilitate oso txikiko gertaera hori agertzea probablea da. COVID-19 gaitza eragiten duen birusaren kasuan, adibidez, badakigu mutazio-tasa nahiko txikia dela, gripe arruntaren birusarena baino txikiagoa, hain zuzen ere.

Birusen kutsatze prozesuarekin jarraituz, kutsatutako zelulan birusaren kopiak pilatzen joango dira eta horiek kanpora atera daitezke. Beste zenbait kasutan, zelula suntsitu egiten da eta birusak kanporatu egiten dira. Horrela, organismoko beste zelula bat erasotzera joan daitezke. Ideia bat emate aldera, jakina da HIESa edo C hepatitisa duen gaixo batek 10.000 eta 100.000 milioi partikula biriko dauzkala bere organismoan. Ez dute asko irauten -24 ordu-edo-, baina, oso azkar erreplikatzen dira, alegia, etengabe suntsitzen eta sortzen doaz.

Birusen aurka organismoak duen defentsa-sistemarik eraginkorrena immunitate-sistema da. Birusa gorputzean sartzen denean gure defentsa mekanismoek birusaren zenbait atal arrotz moduan identifikatzen dituzte eta aurre egiteko neurriak hartzen hasten dira. Alabaina, horrek denbora eta osasun egoera orokor ona eskatzen du eta bi horiek, zenbaitetan, ez daude. Badaude beste kanpo laguntzak birusei aurre egiteko, baina, orokorrean gure immunitate-sistema bakarrik dago birusaren aurka. Horrexegatik izan daitezke birusek eragindako gaixotasunak hain arriskutsuak.

Informazio gehiago:


Egileaz:

Josu Lopez-Gazpio (@Josu_lg) Kimikan doktorea, irakaslea eta zientzia dibulgatzailea da. Tolosaldeko Atarian Zientziaren Talaia atalean idazten du eta UEUko Kimika sailburua da.


Birusei buruzko artikulu-sorta:

  1. Birusak (I)
  2. Birusak (II)
  3. Birusak (eta III)

3 iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.