Osasuna
Bartzelonak Clinic ospitalean egindako ikerketa batek aditzera eman du PCR-proba zein azterketa serologikoa egin zaien osasun-langileen %11,2 dagoela kutsatuta edo kutsatu dela SARS-CoV-2 birusarekin. Emaitza hori uste zena baino kopuru txikiagoa erakusten du, hain zuzen. Elhuyar aldizkariak eman dizkigu xehetasunak.
Oraindik ez dugu botikarik koronabirus berria tratatzeko. Hori dela eta, orain merkatuan dauden botikak baliagarriak ote diren probatu behar dira. Medikamentu horien artean, ziur entzun duzuela egunotan Remdivisir izenekoa. RNA birusen kontrako eremu zabaleko antibirala da, eta beste koronabirusak tratazeko erabili dute jada. Botika hori aztertu dute berriki bi ikerketek eta horien emaitzak jaso dira: lehenengoa, Txinan egin da, eta bigarrenean, Ameriketako, Europako eta Asiako hainbat ospitalek parte hartu dute. Azterlan horien xehetasunak Berriako testu honetan irakurgai dituzue.
Munduan zehar ari dira botikak probatzen, Covid-19aren aurka eraginkorrak ote diren ikusteko. Halere, kontuan izan behar dugu guztiek gainditu behar dituztela saio klinikoak. Egun, ezagunak diren 600 botika inguru probatzen ari dira eta lehen aipatu moduan, emaitza onak eman dituen bakarra Remdevisir antibirala da. Informazioa Berrian.
Ildo horri jarraiki, Gorka Oribe UPV/EHUko farmazia irakasleak Berriako elkarrizketa honetan dio txertorik ez dagoela oraindik baina “izugarrizko ahalegina” egiten ari direla. Horrez gain, koronabirusa hondakin uretan atzemateko proiektu berria martxan jarri berri duelakontatu du eta egitasmoari buruz ere mintzatu da. Halaber, immunitatea eta historian izandako pandemiez hitz egin du. Ez galdu!
Historian zehar, garatu izan diren txertoen inguruan irakurtzeko parada duzue Berriako artikulu honetan. COVID-19aren aurkako txertoa lortzen dugun bitartean, irakurketa interesgarria da: baztanga, errubeola, poliomielitisa, elgorria… Ez galdu!
Miren Basarasen eskutik jakin dugu Berrian birusaren hedapena mozteko asmoz, Euskal Autonomia Erkidegoan Go.Data plataforma erabiliko duela Osakidetzak. Tresna horrekin, osasun publikoko larrialdi egoera batean kontaktuen bilaketa egitea lortu nahi da, COVID-19aren agerraldiak kontrolatu ahal izateko. Tresna hau hainbat lurraldetan erabiltzen hasi dira jada, Frantzian eta Bartzelonako Clinic ospitalean kasu.
Dendak eta negozio txikiak irekitzen ari dira. Baina nola egiten dute desinfekzioa? Biozidak behar dira horretarako, Basarasek Berrian azaltzen digun moduan, gizakiarentzako kaltegarriak diren mikroorganismoak kontrolatzeko beharrezko produktuak, alegia. Baina kontuan izan behar dugu produktu horiek arriskutsuak izan daitezkeela gizakiarentzat. Hortaz, arduraz jokatu behar dugu.
Konfinamenduaren ondorioz, hasi gara zenbait arazo pairatzen gure gorputzean: giharretako mina, hortzetako gaitzak, azalaren narritadura, azkura begi eta betazaletan, lo hartzeko zailtasunak… Horien aurrean, zer egin dezakegu? fisioterapeutek, dentistek eta dermatologoek hartu dute hitza Berriako artikulu honetan. Euren hausnarketak eta gomendioak irakurri nahi? Ez galdu!
Jakina denez, jarduera fisikoa egitea onuragarria da. Ildo honi jarraiki, ikerketa berri batean, zortzi ikerlanetako informazioa uztartuz, 40 urteko 36.383 pertsona hartu zituzten eta sei urtez (batez beste) egin zuten jarduera neurtu zitzaien. Lortutako emaitzen arabera, jarduera fisikoaren intentsitatea edozein dela ere, hiltzeko arriskua nabarmen murrizten dela egiaztatu zen. Horrez gain, zenbat eta jarduera gehiago egin, orduan eta hiltzeko arrisku txikiagoa zegoela ikusi zuten. Beraz, ez ahaztu: jarduera fisikoa egiteak onurak dakartza.
Psikologia
Konfinamendua hasi zinetik, ikusi dugu hainbat produkturen kontsumoak gora egin duela nabarmen. Egoera honi hasiera eman aurretik, lehenengo erosketak “bunker-erosketak” izan ziren nagusi, hau da, kontserba-latak, arroza, pasta, etab. Ondoren, garagardoaren salmenta %20 igo zen eta etxean isolatu ostean, %80 igo zen. Hurrengo fasean, okintzarekin lotutako produktuen salmentak egin zuen gora. Eta zer gertatu zen komuneko paperarekin? Testuan azaltzen digute ikara uneetan produktu berezi batzuen salmenta asko handitzen dela.
Kimika
Ba al dakizue zerez eginda dauden lentillak? Badirudi duela gutxiko asmakizuna dela baina harrigarria bada ere, lehenengo lentillak sortu zirenetik bi mende igaro dira. 1801ean Thomas Youngek ukipen-lenteak garatu zituen. Hauek oso deserosoak ziren eta ez zuten arrakastarik izan. 1930ean, William Feinbloom estatubatuarrak egun lente gogor gisa ezagutzen direnak sortu zituen. Lentilla malguak, berriz, 1950ean sortu ziren. Ikertzaile txekiarrek polihidroxiethil metakrilatoa erabili zuten hidrogelezko lentillak egiteko.
Mikrobiologia
Massachusettseko Institutu Teknologikoko (AEB) ikertzaileek egindako esperimentu batek erakutsi du Escherichia coli bakterioa eta Saccharomyces cerevisiae legamia gai direla hidrogeno hutsezko atmosfera batean bizitzeko. Elhuyar aldizkariak eman digu ikerketa honen berri.
Horretaz gain, eredu teorikoek diote hidrogenozko atmosfera duten planetak egon behar direla. Lurra baino handiagoak diren arrokazko planetek hidrogeno kopuru handia mantendu dezakete haien atmosferetan, eta horregatik uste da halako atmosferak nahiko zabalduta egongo direla unibertsoan. Zientzia Kaieran ere topa dezakezue informazioa.
Genetika
Asteon Koldo Garciak gai ugari proposatu dizkigu bere Itxialdirako Genetika atalean. Hasteko, zientzian ere plot twist-ak gertatzen direla erakutsi digu. Adibidez, gerta daiteke momentu baterako gene-aldaera batek genearen funtzioa hobetzea baina beranduago, baldintzak aldatzen direnean, funtzio hori kaltetzea. Adibide batzuk utzi dizkigu hemen.
COVID-19a agertu zenetik, pertsona batzuek arazo gastrointestinalak izan dituzte. Zein da gaitz honek tripekin duen harremana? Garciak azaltzen digu SARS-CoV-2ak ACE2 hartzailea erabiltzen duela zelulak infektatzeko eta hori hesteetako zeluletan aurkitzen da batez ere.
Beste artikulu honetan, (gene)-dibertsitateaz eta honen garrantziaz aritu zaigu, izan ere, gero eta anitzagoa bada, aldaketei aurre egiteko eta moldatzeko gaitasuna handiagoa izango da.
Azkenik, bi proposamen. Alde batetik, mingain urdin gaixotasunari buruzko testu interesgarri bat. Bertan, gaixotasun honen bigarren agerraldia nola gertatu zen azaltzen duen ikerketaz mintzatu zaigu.
Bestetik, sexu-kromosomak izan ditu aztergai. Bizi-luzeran, kromosomen morfologiak eraginik al du? Erantzuna testu honetan topatuko duzue.
Emakumeak zientzian
Nerea Irigoyen Vergara birologoa Zika birusa ikertzen duen laborategi baten burua da, Cambridgeko Unibertsitatean. Ia 10 urte daramatza bertan. Orain pandemiak sortu duen egoeraren kariaz, SARS-CoV-2 birusa ikertzea dagokio: “Ikuspegi zientifikotik, koronabirus bat da, eta lehendik ere ikertu izan ditut koronabirusak. Askoz ere kitzikagarriagoa zait zikaren birusa, bai berezko ezaugarriengatik bai sozialki duen inpaktuagatik”.
Arkeologia
Europako isurialde atlantikoko Neolotiko garaiko 24 aztarnategitako 246 ontzitako arrasto organikoak ikertu dituzte jakiteko zer prestatzen zuten zeramikazko ontzi horietan. Ondorioztatu dute, alde batetik, esnea uste baino lehenago kontsumitzen zela Iberiar penintsulan, eta bestetik, Europan zenbat eta iparralderago, orduan eta esne gehiago hartzen zutela. Halaber, ikertzaileak harrituta daude ez baitute arrain aztarnarik topatu, itsaso inguruko ontziak izanda ere. Xehetasunak Berriako artikuluan.
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
Egileaz: Uxue Razkin (@UxueRazkin) kazetaria da.