Pisua galtzeko, eta berriro ez hartzeko

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Badakigu pisua galtzeko modurik seguruena gutxiago jatea dela; elikagai osasungarriak jatea ere komeni da, eta ariketa fisikoa ere egiten badugu, oraindik hobeto. Hori badakigu, baina horrek ez du esan nahi argaltzea erraza denik. Horregatik eta obesitateak eta gainpisuak osasun arazo ugari sortzen dituztelako, komeni da jakitea argaltzeko zer estrategia diren eraginkorrak, praktikan jarrita hala direla frogatu delako.

Horretarako, bost herrialdetako (Alemania, Estatu Batuak, Finlandia, Grezia eta Portugal) datuak biltzen dituzten 50 argitalpen zientifikoren emaitzak aztertu dira. Datu horiek denbora luzez milaka pertsonari buruz egindako pisu erregistroetan oinarrituta lortu dira. Horrela, 51 estrategia pertsonalen eragina ebaluatu ahal izan dute, baita 30 ezaugarrik –psikologikoak, soziodemografikoak eta jokabidearekin loturikoak– pisu-galeraren zenbatekoan eta galera horrek irauten duen denboran izan dezaketen eragina ere. Azterlanean jasotako datuak gutxi gorabehera 20-30 kg galtzea lortu duten pertsonei dagozkie eta, kasu gehienetan, zenbait urtetako denbora tarteetan pisu egonkorra –75 kg ingurukoa– mantendu duten pertsonei.

Irudia: PubMed, Web of Science eta Scous datu-baseetan 2018ko azarora arte argitaratutako artikuluen bidez, pisu-galerari arrakastaz eusteari buruzko informazioaren lehen berrikuspen sistematikoa gauzatu dute. (Argazkia: Michal Jarmoluk – domeinu publikoko argazkia. Iturria: Pixabay.com)

Espero zen bezala, pisua galtzeko eta ondoren mantentzeko estrategiarik eraginkorrenak ariketa fisikoa egitea eta hartzen den energia eta koipea murriztea da. Beste jarduera onuragarri batzuek nolabaiteko planifikazioa dakarte eurekin, hala nola etxean elikagai osasungarriak izatea; beste batzuek, ordea, dietaren kalitatea hobetzea eskatzen dute, hala nola landare jatorriko elikagaien kontsumoa handitzea; are gehiago, bi portaera horiek bat datoz gida ofizialetan bilduriko gomendioekin. Eta literatura zientifikoa ez bada ere eztabaidaezina horri buruz, badirudi egunero gosaltzea ere lagungarria dela, baita proteina eta proteinatan aberatsak diren elikagai gehiago hartzea ere.

Pentsatzekoa zen bezala, emaitza onak izan ohi dituzte, halaber, errazio txikiagoak hartzeak, pisua maiz kontrolatzeak eta helburu zehatzak ezartzeak, bai elikagai kantitateari eta motari dagokienez, bai jarduera fisikoari dagokionez. Portaera horiek lagungarriak dira pisua galtzeko eta pisu horri luzaroan eusteko. Oro har, halako portaerei esker, pertsonak bere bilakaeraren gaineko nolabaiteko kontrola izan dezake eta bere jokabidea lortu nahi duen helburura egokitu dezake. Amore ez emateko, garrantzitsua da, gainera, helburuak – bai jaten denarekin lotuak, bai ariketa fisikoari buruzkoak– bakoitzaren ezaugarrietara egokituak eta errealistak izatea.

Tartean gomendio medikoak daudenean, galdutako pisua errazago mantentzen da denboran zehar, izan ere, ziurrenik, gomendio horiek jaso dituzten pertsonek gehiegizko pisuari egozten dizkiote beren osasun arazoak, eta motibazio berezia dute osasuna berreskuratzeko edo okerrera ez egiteko. Aitzitik, estimulu emozionalei erantzunez jaten dugunean, pisu gutxiago galtzen dugu, eta zailago egiten zaigu pisu hori luzaroan mantentzea. Eta, jakina, noizbehinkako oturuntza edo tripakadak ere ez dira lagungarriak.

Azkenik, interesgarria da egiaztatzea pertsona arduratsu eta arretatsuek gainerakoek baino errazago galtzen dutela pisua. Izan ere, hauek gaitasun handiagoa izan ohi baitute beren burua kontrolatzeko, eta, horrenbestez, gutxiago kostatzen zaie epe luzera pisua ahalik eta gehien galtzeko baliagarriak diren portaerak hartzea eta mantentzea.

Ziur asko, hemen esandakotik ezer ez edo ia ezer ez da berria izango, baina lagungarria da egiaztatzea ohiko gomendio dietetikoak eraginkorrak direla praktikan. Bai, behintzat, pixka bat gehiago jateko gogoarekin geratzeko jardun gogorrari ekiten diogunontzat.

Erreferentzia bibliografikoa:

Paixão, C., Dias, C.M., Jorge, R., et al. (2020). Successful weight loss maintenance: A systematic review of weight control registries. Obesity Reviews, 21 (5), e13003. DOI: 10.1111/obr.13003


Egileaz:

Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) UPV/EHUko Fisiologiako katedraduna da eta Kultura Zientifikoko Katedraren arduraduna.

1 iruzkina

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.