Artizarrean, fosfanoa ala bizitza?

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Nature Astronomy aldizkarian argitaratu berri den ikerketa baten emaitzen arabera, Artizarrean fosfanoa dago. Zergatik da, baina, hori garrantzitsua eta zergatik sortu da iskanbila hedabideetan Artizarrean bizitza egon daitekeela iradokiz?

fosfanoa
Irudia: Artizarreko atmosferan fosfanoa aurkitu dute 20 ppb kontzentrazioan (Argazkia: WikiImages – domeinu publikoko irudia. Iturria: pixabay.com)

Artizarraren atmosferan fosfanoa -lehen fosfina izenez ezagutzen zena- aurkitu dute lehen aldiz. Aurkikuntza benetan garrantzitsua da eta, beste azalpenik gabe ere, ondo erakusten du zertarako gai den zientzia. Horrelako distantzia luzera dagoen planeta batean tamaina izugarri txikia duen molekula bat dagoela jakin ahal izan dute. Ez da lan makala. Ikertzaileek ikusi dutenez, fosfanoa azaletik 50-60 km-ra legoke, atmosferako lainoetan. Fosfanoa fosforo atomo batez eta hiru hidrogeno atomoz osatutako gas koloregabea da, usain nahiko txarrekoa -baratxuriaren eta arrain ustelaren arteko zerbait-, bide batez. Lurrean materia organikoa degradatzen duten mikroorganismoek ekoizten dute, besteak beste eta industrian erabilera anitzak ditu -esaterako, intsektizida gisa-.

Ikertzaileek dioten moduan, Artizarrean fosfanoa egotea ezin da azaldu orain arte ezagutzen diren prozesu abiotikoen bitartez -alegia, bizidunen parte-hartzerik gabe-. Prozesu kimiko ezagunen bidez ezin bada azaldu, bi aukera daude: Artizarreko baldintza gogorretan oraindik ezagutzen ez den prozesu fotokimikoa edo geokimikoa egotea edo Lurrean gertatzen den bezala, fosfanoak jatorri biologikoa izatea. Greaves eta bere lankideek argi diote ez direla gai, momentuz, fosfanoaren presentziari azalpena emateko. Jakina da gasezko planeta erraldoietan fosfano abiotikoa egon badagoela, baina, prozesu horiek ezin dira Artizarrean gertatu.

Orain arte ezagutzen denarekin, beraz, planeta harritsu batean fosfano kontzentrazio hori azaltzeko modua prozesu biologikoak dira. Horrek, jakina, ez du esan nahi Artizarrean bizitza dagoenik, zenbait hedabidetan irailaren erdialdean hori irakurri bazen ere. Fosfanoa ez da gas atsegina eta Artizarreko azala ere ez da leku atsegina bizidunentzat. 400 ºC-tik gorako tenperaturak daude, presio ikaragarria eta azido sulfurikozko hodeiak. Ez da gutxi. Hala ere, proposatu denez, azaletik urrutiago eta hodei azidoen gainetik, baldintzak leunagoak dira eta bertan posible litzateke organismoren batek bizirautea. 1967an Carl Saganek berak esan zuen Artizarraren atmosferan mikroorganismoak egon zitezkeela.

Horrexegatik, fosfanoa biomarkatzaile interesgarria izan daiteke; izan ere, kontzentrazio konstante eta nahiko altuan fosfanoa badago, bizitza egotea aukera bat da. Nature Astronomy aldizkarian argitaratutako lanaren arabera, hori aukera bat da. Hedabideak azkarregi ibili dira, baina, eta azalpen zehatzak ez dituzte eman. Oso goiz da, zalantzarik gabe, Artizarrean bizitza dagoela edo bizitzaren zantzuak topatu dituztela esateko. Beste hainbat aukeren artean bat da bizitza, baina, ez da bakarra ezta probableena ere. Ez da ondo ezagutzen Lurrean bertan mikroorganismoek fosfina nola ekoizten duten eta gasezko planetetan gertatzen dena ez dugu zehatz mehatz ezagutzen. Egileek hipotesi gisa aipatzen dute prozesu biologikoen ondorioa izan daitekeela, baina, beste hainbaten artean azaltzen duten hipotesietako bat da. Bizitza egongo balitz litekeena da fosfina egotea, baina, kontrakoa ez da egia inondik inora ere.

Greaves eta bere lankideek ikerketa-artikuluan argi uzten dituzte mugak eta hipotesi probableenen ostean azaltzen dute bizitzaren hipotesia. Balizko prozesu kimikoak ere deskribatu dituzte, baina, argi diote ikerketa gehiago beharrezkoak direla fosfanoa biomarkatzaile egokia den jakiteko. Zalantzarik gabe, fosfanoarekin batera beste hainbat indikatzaile aztertu beharko dira bizitzaren hipotesia onartzeko. Amaitzeko, horrelako albisteek erakusten dute sarri askotan hedabideen sentsazionalismoa izugarria dela, baina, jatorrizko erreferentziara jotzen badugu adierazpenak ez direla hain iraultzaileak. Zientzia gutxitan egiten da bat-bateko ezusteko aurkikuntza miragarrien bidez eta argitaratu berri den lanaren ondoren ere beste hainbat beharko dira ikusi dutena baieztatzeko. Liluratuta, zain egongo gara.

Informazio gehiago:

Erreferentzia bibliografikoa:

Greaves, J.S., Richards, A.M.S., Bains, W. et al. (2020). Phosphine gas in the cloud decks of Venus. Nature Astronomy, DOI: 10.1038/s41550-020-1174-4


Egileaz:

Josu Lopez-Gazpio (@Josu_lg) Kimikan doktorea, irakaslea eta zientzia dibulgatzailea da. Tolosaldeko Atarian Zientziaren Talaia atalean idazten du eta UEUko Kimika sailburua da.

2 iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.