James Randi urriaren 20an zendu zen, 92 urte zituela. Urte horietako gehienak gezurtien eta hitzontzien aurka egon zen lanean eta hainbat eta hainbat iruzurgile utzi zituen agerian. Pentsamendu kritikoaren babesle sutsua eta gezurrak esaten aberastu nahi zirenen etsai beldurgarria, ekar dezagun bere bizitzaren oroigarria Zientzia Kaierara.
James Randi ilusionista zen, baina, zentzu onean. Ilusionismoa iruzurren aurkako tresna bihurtu zuen. Fenomeno paranormalen atzeko gezurrak azaleratzea zen, ziur aski, bere lanik gustagarriena. Bere bizitzari buruzko dokumentalaren izenburuak ondo definitzen du Randi jauna: bera gezurti zintzoa zen –An honest liar-. Randik egiarekin zuen betebeharra apurtezina zen eta aldi oro errepikatzen zituen pentsamendu kritikoaren aldeko aldarriak. Eszeptiko eredugarria zen, zalantzarik gabe. Bere ibilbidea mago gisa hasi zuen The amazing Randi izen artistikoarekin -izatez, Randall James Hamilton Zwinge da-. Lehen etapa hartan ilusionista eta eskapista lanetan aritu zen hainbat saio eta telebistako programetan. Hemen ikus dezakezue, adibidez, Niagarako ur-jauziaren gainean:
Mago lanetan aritu zen 60ko hamarkada bitarte eta hortik aurrera bere bizitzaren tarterik handienean baieztapen paranormalak, sasizientifikoak eta naturaz gaindikoak ezeztatzen egin zuen lan. Hitzontziak agerian jartzea bere espezialitatea zen eta ezagunak dira, esaterako Uri Geller ilusionistarekin izandako eztabaidak -epaitegietan amaitu zuten- edo Peter Popoff telebanjelistaren gezurrak azaleratu zituen momentua. Randi ere ilusionista zen, bai, baina bere trukoen helburua ez zen iruzur egitea, ezta iruzurrak esaten dirua lortzea. James Randi benetako magoa zen. Bideo labur honetan duzue adibide argigarri bat:
Aipatutako Uri Gellerren kasua da, ziur asko, ezagunenetakoa. Heldutasunean ondo sartuta zaudetenak gogoratuko duzue 1975eko Jose María Íñigoren TVEko Directísimo saioan Gellerrek nola okertzen zituen koilarak. Agian ez duzuena jakingo, ordea, zera da: bi urte lehenago, Johnny Carsonen programan Geller agerian gelditu zela saiakera hori bera egin nahi izan zuenean. Carsonek Randirik aholkuak eskatu zizkion Geller bere programara joan baino lehen eta Randik esan zion inondik inora ere ez uzteko Gellerri bere materialak eramaten edo koilarak saioa hasi baino lehen ukitzen. Aholku horiekin, Johnny Carsonen programan argi gelditu zen Gellerren indar paranormalak iruzurrak besterik ez zirela. Gaur egun ere oihartzuna du Randik egin zuena. James Randi hainbat telebista saiotan egon zen, bertan agertzen ziren ustezko fenomenoak azaltzen eta azaleratzen. Ez ziren gutxi izan ipurdi bistan utzi zituen iruzurgileak. Hemen duzue adibide bat:
Beste gertakari garrantzitsu bat, niretzat gozagarrienetakoa, Randik Jaques Benveniste biokimikariarekin izandako gatazka da. Benveniste homeopatia zaleek askotan aipatzen duten 1988ko Nature aldizkariko ikerketa-artikuluaren egile nagusia da. Bertan, ziotenez, uraren memoria frogatzea lortu zuten. Uraren memoria homeopatia zaleek diseinatutako argudiaketa da, diluzio homeopatikoen ustezko eraginkortasuna azaltzeko. Gaiari buruz gehiago sakontzeko Juan José Iruinekin batera Elhuyar Aldizkarian idatzi nuen artikulua irakur dezakezue.
Kontua da -eta hau, jakina, homeopatia zaleek ez dute esaten-, Benvenisteren artikuluak baldintza bat zuela: hain zuzen ere, artikuluan iradokitzen ziren gertaera harrigarrien kausaz, Randi eta bere taldeak Benvenisteren laborategira joan behar behar zuen esperimentuak errepikatzera. Randi joan zenean, Benvenisteren esperimentuak partzialki ondo errepikatu ahal izan zituzten, baina, kasu guztietan ikertzaileek bazekiten zein disoluzio ziren kontrolekoak eta zeintzuk diluzio homeopatikoan zeudenak. Alabaina, Randiren taldeak hodiak zenbakitu zituenean -Benvenisteren taldekoek hodi bakoitzean zer zegoen ez jakiteko-, argi gelditu zen esperimentuak ezin zirela modu arrakastatsuan errepikatu. Horrek azalean utzi zuen uraren memoriaren ustezko frogek ez zutela balio. Randik homeopatiaren aurka egindako lana azpimarratzekoa da. Hemen duzue ikusgai bere hitzaldi gogoangarrienetako bat:
James Randi urriaren 20an zendu zen eta horrekin batera zientzia-dibulgatzaile eta eszeptiko asko umezurtz gelditu garela. Randi egin behar den dibulgazioaren adibide bikaina da, gezurtiak agerian uzteko lan aparta egin zuen. James Randi gehiago beharko genituzke. Randi, gainera, ez zen geldi egotekoa. 1996an James Randi Hezkuntza-Fundazioa sortu zuen, Fundazioak hainbat lan egin zituen, baina, agian Milioi Dolarraren Erronka izan zen ezagunena. Erronka honetan, Randiren fundazioak milioi bat dolar eskaintzen zituen kontrolatutako behaketa baten bidez edozein fenomeno paranormal egitea lortzen zuenarentzat. Saria sortu zenetik mila eskaera bano gehiago aztertu zituzten eta, jakina, saria ez zuen inoiz inork irabazi -1996tik 2015era egon zen martxan-.
James Randi 2012an Bilbon egon zen eta hitzaldi bikaina eskaini zuen, hemen duzuena ikusgai. ARP-Sociedad para el Avance del Pensamiento Crítico elkarteak gonbidatu zuen eta hitzaldian bere ohiko umorea eta argitasuna erakutsi zuen. Randi joan zaigu, baina, zientzia-dibulgatzaile eta eszeptiko guztiak bere oinordekoak gara. Amaitzeko, bere laneko azken urteetan egindako hitzaldiarekin utziko zaituztet, bere pentsatzeko eta lan egiteko moduaren adibiderik argiena, zalantzarik gabe.
Informazio gehiago:
- De Oñate, Antonia (2020). Cuando la ilusión señala la verdad. El País, 2020ko urriaren 22a.
- Jorge, Miguel (2020). El hombre que recorrió el mundo humillando y desmontando a pseudocientíficos y fenómenos paranormales. Gizmodo, 2020ko urriaren 21a.
Egileaz:
Josu Lopez-Gazpio (@Josu_lg) Kimikan doktorea, irakaslea eta zientzia dibulgatzailea da. Tolosaldeko Atarian Zientziaren Talaia atalean idazten du eta UEUko Kimika sailburua da.
1 iruzkina
[…] La crisis de reproducibilidad en ciencia artikuluan. Zientzian beti egon da eta beti egongo da iruzurra, gizakion esku dagoen beste edozein arlotan bezala, baina, erreproduzigarritasun arazoak ez dira […]