Azenarioa ez da hain ona bistarentzat eta ez da laranja Orangeko printzearengatik

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Ziur egunero ikusten duzula azenarioren bat, beti egoten baita bakanen bat edo multzotxo bat hozkailuan. Ziur asko, pentsatuko duzu azenarioak onak direla ikusmenarentzat: agian, horregatik janarazten zizkizuten eta horregatik jaten dituzu. Agian noizbait kontatu dizute azenarioak laranjak direla Holandako nekazariek Orangeko printzeari egindako opariarengatik. Bada, azenarioaren mitoetan zorroztasuna jartzeko eguna iritsi da.

azenarioa
1. irudia: irudia: Azenarioaren zati jangarria sustraia da. (Argazkia: Maja Cvetojević – domeinu publikoko irudia. Iturria: pixabay.com)

Europan aspalditik jaten da azenarioa eta erromatarren garaitik -edo lehenagotik- kontsumitzen da Mediterraneo inguruan. Egun badakigu oxidazioaren ondorioz gorputzeko molekulek jasaten dituzten kalteak saihesteko eraginkorrak direla, baina, ez beste batzuk baino gehiago. Kolore berde iluna duten barazki asko, esaterako, artoa edo zitrikoak, hobeak dira begientzat azenarioa baino. Alabaina, txikitatik esan digute azenarioak onak direla ikusmenarentzat. Zenbat azenario jan ote genituen argudio horren aitzakiapean? Zenbat aldiz esan ote ziguten plater bazterrean utzitako azenarioak jan gabe ikusmena -edo begiak!- galtzeko arriskua izango genuela? Bada, mitoa iraultzeko eguna iritsi da eta guztiaren errua ez da zientziarena, Bigarren Mundu Gerrako kontrainformazio zerbitzu britainiarra baizik. Nola liteke, baina?

Lehen mitoa: azenarioa eta ikusmena

1940an Winston Churchillek gidatutako Erresuma Batua eta Alemania nazia gerran murgilduta zeuden bete-betean. Alemaniak Frantzia okupatu zuen eta, horren ostean, Luftwaffe Alemaniako aire armadak eta RAF Royal Air Force britainiarrak gatazka krudela izan zuten Mantxako Kanalaren gainean hainbat hilabetetan zehar. Bigarren Mundu Gerraren atal horri Ingalaterrako Gudua deritzo. Labur esanda, alemaniarren helburua airean garaipena lortzea zen Ingalaterran lurreratzeko Itsas Lehoi Operazioa martxan jartzeko. Jakina den bezala, plan hori ez zen inoiz martxan jarri Luftwaffeko hegazkinek porrot egin zutelako. Baina, zer demontre egiten dute hemen azenarioek? Bada, Ingalaterrako Guduaren bitartean, britainiarrek hegazkinentzat Radar sistema berezia garatu zuten, Airborne Interception Radar delakoa, eta sistema horri esker hegazkin britainiarrak askoz ere eraginkorragoak ziren airean haien etsaiak aurkitzeko. Jakina, hegazkinek Radar hori zeukatela sekretupean gorde behar zen kosta ala kosta eta, hortaz, hegazkin-gidarien eraginkortasuna azaltzeko gezur bat asmatu eta zabaldu zuen zerbitzu sekretuak.

Biokimikariak aurkitu berri zuten A bitamina gabeziak itsutasuna eragin zezakeela eta, hortaz, gidari britainiarren eraginkortasunaren atzean azenarioak zeudela esatea ez zen hain burugabea. Aitzitik, egun badakigu azenarioaren karotenoideek ikusmenarekin zerikusia dutela -baina ez beste barazki batzuk baino gehiago-. Antza, armada alemaniarrak ez zuen gezurra sinetsi, baina, Ingalaterrako biztanleek, bai. Gainera, Erresuma Batuan errazionamendu gogorra bazegoen ere azenarioak eta beste barazki batzuk oraindik ugariak ziren. Erresuma Batuko Elikadura ministerioak elikagai horien kontsumoa sustatzeko kanpaina egin zuen, agian, haien onurak gehiegi goraipatuz. Orduan sortu ziren, esaterako, Doctor Carrot -azenario itxurako medikua- eta Potato Pete bezalako pertsonaiak, batez ere haurrak barazkiak jatera bultzatzeko. Azenarioak RAFeko heroien elikagai miresgarria zenez eta, gainera, nutriziorako aparta zenez, azenarioen mitoa abian zen. Gezurrek zabaltzeko duren erraztasunari esker, gure egunetaraino iritsi da. Adibide modura, ez galdu Azenario doktorearen iragarkietako bat:

Azenario kontsumoaren gorakada ez zen txikia izan eta jotzen da zenbait kasutan astean bi edo hiru kilo azenario jatera iritsi zirela britainiarrak. Orain dakigunez, A bitamina beharrezkoa da ikusmenerako erretinan funtzio garrantzitsua duelako. Horregatik, A bitamina gabeziak itsumena sor dezake, baina, kontrakoa ez da egia. Hau da: behin beharrezko A bitamina daukagula, gehiegizko bitamina gibelean metatzen da eta, jakina, ez dugu ikusmen miragarria lortuko. Azenarioak osasungarriak dira eta hainbat nutriente ditu, baina, ikusmenari dagokionez ez da elikagai miragarri bat. Beste hainbat barazkik -kalabazak eta espinakak, kasu- azenarioaren antzekoak diren betakaroteno kantitateak dituzte.

Azenarioaren jatorria eta ezaugarriak

Jaten dugun azenarioa Daucus carota espeziearen azpiespezie etxekotua da eta barazki honen sustraiak dira normalean jaten direnak. Landatzen diren azenario arruntenak bi motakoak izan ohi dira: ekialdeko azenarioa edo mendebaldeko azenarioa. Ekialdekoa Asia erdialdean garatu zen eta antozianina asko ditu. Kolore more iluna izan ohi du. Mendebaldeko azenarioaren kasuan, berriz, hiru azenarioren hibridoa dela dirudi: Erdi Arotik landatzen zen azenario horia, are lehenagotik landatzen zen azenario zuriak eta azenario basatiak. Guztiok ezagutzen dugun azenario laranja azenario horien nahastea da, beraz. Azenarioak A bitaminaren aitzindaria den betakarotenoa dauka eta horixe da, hain zuzen ere, landare jatorriko betakaroteno iturririk nagusienetakoa gure dietan. Kolpeek, Eguzki-izpiekiko esposizioak eta tenperatura altuek sustraiek alkohola eta babes-substantzia mikatzak ekoiztea eragin dezakete. Horregatik kendu ohi zaio azenarioari azala. Kanpoko geruzako azala kentzen bazaio, arretzea eragiten duten konposatu fenolikoak eta substantzia mikatzak kentzen dira. Azenarioaren gozotasuna egosi ondoren agertzen hasten da, zelula-pareta gogorrak apurtu eta azukreak askatzen direnean. Zaporeari dagokionez, nukleoak zapore gutxiago du; izan ere, bertatik igarotzen da ura sutraietik hostoetara. Kanpoko geruzek erreserba funtzioa dute eta zapore gehiago dute.

azenarioa
2. irudia: Azenario guztiak ez dira laranjak, hainbat barietate desberdin daude. (Argazkia: Free-Photos – domeinu publikoko irudia. Iturria: pixabay.com)

Esan bezala, azenarioaren zati jangarria sustraiak dira. Normalean, landareen sustraiak ez dira jaten; izan ere, gogorrak eta haritsuak izaten dira. Jangarriak direnak zuntzezkoak ez diren erreserba zelulak dituzten sustraiak dira. Puzten diren erreserba zelula horiei esker, landareak neguko baldintzetan biziraun dezake bigarren urtean loratzeko -azenarioa eta errefaua, kasu- edo, tropikoetako landareen kasuan, lehorteei aurre egiteko gai dira -esaterako, horixe da batataren kasua-.

Bigarren mitoa: azenarioa eta Gilen I.a Orange-Nassaukoa

Azenarioaren ezaugarri bereizgarri bat baldin badago bere kolore laranja bizia da. Nondik dator, baina, kolore hori? Lehenik eta behin esan behar da karotenoideak eta azenarioa guztiz lotuta daudela. Karotenoideen izena bera hortik dator: azenariotik –D. carota isolatu ziren lehen aldiz karotenoideak. Pigmentu horiek fruta eta barazkien kolore hori eta laranja gehienen erantzuleak dira –betakarotenoa, xantofilak zeaxantina- eta baita tomatearen, sandiaren eta piperminaren kolore gorriaren erantzuleak -likopenoa eta kapsantina, adibidez-. Kolore gorria salbuespena da; izan ere, frutek duten kolore gorria normalean antozianinen presentziagatik izaten da. Karotenoideetara itzuliz, pigmentu organiko horiek landare-zelulen bi ataletan egoten dira: kromoplasto delako pigmentu-gorputz berezietan edo kloroplastoen mintz fotosintetikoetan. Kromoplastoen kasuan, pigmentuak bertan metatzen dira fruta heltzen doan neurrian -animalientzat ere heldutasunaren indikatzaile gisa ere balio du-. Mintz fotosintetikoetan karotenoideek funtzio garrantzitsua dute: klorofila babesten dute uhin luzera kaltegarriak eta fotosintesian sortutako azpiproduktu kaltegarriak xurgatuz. Proportzioei dagokienez, gutxi gorabehera, sei molekuletatik bat karotenoidea da eta beste bostak klorofila. Azpiproduktu kaltegarriak xurgatzeko gaitasunean dago karotenoideen eragin antioxidatzailea; izan ere, gure organismoan ere antzeko lana egin dezakete, batez ere begietan.

Elikaduraren kasuan, hamar bat karotenoide daude nutrizioan garrantzi berezia dutenak. Horietako bat da azenarioaren betakarotenoa. Betakarotenoa gizakion hesteetako paretan A bitamina bihurtzen da eta horregatik diogu betakarotenoa A bitaminaren aitzindaria dela. A bitamina animalia jatorriko elikagaietan bakarrik dago, baina, A bitaminaren aitzindariak landare, barazki eta frutetan badaude -bide batez, elikagai horiek jaten dituztelako dago A bitamina animalietan-. A bitaminak hainbat funtzio garrantzitsu ditu organismoan, esaterako, begiko erretinako pigmentuetarako beharrezkoa da, artikulu honen hasieran aipatu dugun bezala.

azenarioa
3. irudia: Laranjaren kasuan, frutaren izena lehenagokoa da kolorearena baino. Horregatik ez daude dokumentatuta azenario laranjak XVI. mendea baino lehen. (Argazkia: S. Hermann & F. Richter – domeinu publikoko irudia. Iturria: pixabay.com)

Horrela, azenarioen atzean dagoen bigarren mitoa iraultzeko ordua iritsi da. Ziur asko, noizbait entzun duzu azenarioek kolore laranja dutela Holandako nekazariek XVII. mendean haien printzeari, Gilen I.a Orange-Nassaukoari, egindako opariarengatik. Hori ere mitoa da; izan ere, egun badakigu azenario laranjak XVII. mendea baino askoz lehenago bazeudela. Litekeena da uste horren jatorria 1957ko Otto Banga botanikari holandarraren ikerketan egotea, baina, ez dago oso argi. Bangak esan zuzen esan zuenez, egun arruntenak diren azenario barietateak Herbeeretan garatu ziren XVII. mendean, baina, horrek ez du esan nahi laranja koloreko azenarioak bertan sortu zirenik ezta Holandako monarkiarengatik egin zenik. Litekeena da arazoa hizkuntzan egotea; izan ere, azenarioen kolorea deskribatzeko laranja ez beste hitz batzuk erabili ziren antzinako liburuetan eta dokumentuetan. Zergatik? Bada, laranja koloreari ez zitzaiolako laranja deitu gutxienez XVI. mendera arte. Laranja kolorea beste izen batzuk erabiliz deskribatu zen eta frutaren ondoren jarri zitzaion izena koloreari. Baliteke hori izatea arrazoia, baina, edozein kasutan, azenario laranjak ez ziren Holandan sortu. Orangeko printzearen kolorea laranja zen, bai, eta kolore laranja espainiarren aurkako iraultzaren eta Orangeko etxearen aldeko kolorea bilakatu zen, baina, azenario laranjak lehenagotik zeuden.

Azenarioak zientziarekin eta historiarekin loturak egiteko hainbat aukera eman dizkigu, Herbereetako matxinadatik Bigarren Mundu Gerrara joan gara eta laranja kolorearen jatorrira jo behar izan dugu. Azenarioak hainbat nutriente interesgarri ditu, betakarotenoa kasu, baina, ikusmena hobetzeko elikagai miragarria izatetik urruti dago. Nolanahi ere, hurrengo azenarioa jaten duzunean baduzu zer pentsatu eta, agian, gogo onez -edo hobez- jango duzu plateraren bazterrean utzitako zati laranja hori.

Informazio gehiago:


Egileaz:

Josu Lopez-Gazpio (@Josu_lg) Kimikan doktorea, irakaslea eta zientzia dibulgatzailea da. Tolosaldeko Atarian Zientziaren Talaia atalean idazten du eta UEUko Kimika sailburua da.

2 iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.