Osasuna
Sendagaien Europako Agentzia Errusiako Sputnik V txertoa aztertzen hasi da, Berriak jakinarazi duenez. The Lancet aldizkariaren artikulu batek dio txerto honek %92ko eraginkortasuna duela.
Txertoak nolakoak diren eta horien inguruko informazio baliagarria eman digu Ana Galarragak testu honen bitartez. Oraindik zalantzak badituzue gai honen inguruan, ezin duzue galdu bere oinarrizko azalpena.
Ia urtebete igaro da COVID-19aren amesgaiztoa hasi zenetik. Hein handi batean horri erreparatu diogu. Baina zer gertatu da gripearekin? Ia ez da kasurik izan Euskal Herrian. Artikulu honen bidez, horretan eragina izan duten aldagaiak aztertu dituzte.
Felix Zubia medikuak pandemiaren zenbakiak aurkeztu dizkigu testu honetan. Horietatik gogorrena: “4.812, Hego Euskal Herrian koronabirusagatik hildakoak. Eskoriatza, Ibarra, Berriz, Plentzia, Agurain, Senpere edo Zangozako herritar guztiak kolpetik hiltzea litzateke, adibidez, neurria”. Irakurri beharrekoa.
Astronomia
Perseverance ibilgailuari begira gaude denok, Marten bizitzarik egon ote den jakiteko gogoz. Ildo horri jarraiki, Uxune Martinezek azaldu digu Giovanni Virginio Schiaparelli astronomoa ospetsu bihurtu zuen lana: antza, XIX. mendean behatu zituen Marten kanal batzuk. Baina… Schiaparelliren behaketak ez ziren oso zehatzak eta finak izan. Ez galdu!
Eboluzioa
Neandertalen mintzatzeko gaitasuna gurearen parekoa zela ondorioztatu dute, Elhuyar aldizkariak kontatu digunez. Entzumen-egiturak eta haiei eboluzioa ikertu dute Mercedes Conde Valverdek gidatu duen azterlanean. Horri buruzko xehetasunak artikulu honetan topatuko dituzue.
Biologia
Birusen hautespen naturala eta horien aurrean antibiralek eta txertoek nola jokatzen duten azaldu digute artikulu honetan. Horretaz gain, nabarmentzen da garrantzitsua dela patogeno baten transmisioa saihestea, horrela ugaltzeko aukerak gutxitzen zaizkiolako.
Baztangaren birusaren errepaso historikoa egin du Ziortza Guezuragak testu honetan. Edward Jennerek aurkitu zuen baztangaren aurkako txertoa 1796an baina aurretik gertatukoari so egin dio ere. Ez galdu!
Kimika
Pisu atomikoaz idatzi du Cesar Tomék artikulu honetan, hori zehazten lan egin zuten zientzialarien eta eurek emandako urratsen kontakizun argia eginez.
Emakumeak zientzian
Ana Ruiz Ilundain ingeniariak leku itxietan, airearen kalitatea neurtzen duen gailu bat egokitu eta hobetu du. Ikasketen Amaierako Lanetarako Rural Kutxa Sarietako sari berezia eman diote lan horregatik. Bere ibilbide zientifikoari buruz irakurtzeko aukera paregabea duzue hau.
Biomaterialak
CIC Biomaguneko ikerketa talde batek tumoreak hazten ditu hiru dimentsioko aldamioetan, eta haien barne funtzionamendua aztertzen du, Berriak azaldu digunez. Tumorea sakon-sakonean ulertzea dute helburu. Clara Garcia Astrain eta Javier Plou ikertzaileen hitzak bildu dituzte honetan.
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
Egileaz:
Uxue Razkin (@UxueRazkin) kazetaria da.