Ikertzaile talde batek baieztatu duenez, baso mistoek ekosistemen emankortasunean eragin positiboa duten arren, ez dute hobekuntzarik bermatzen lehorte handien aurrean.
“Zuhurtziagabeko presarekin basoak suntsitzen direnean, Europako landatzaileek Amerika osoan egiten ari diren moduan, iturburuak guztiz ahitzen dira, edo ur emaria gutxitu egiten da. Ibaietako ohantzeak, urte gehiena lehor ematen dutenak, uholde bilakatzen dira goiko eremuetan euri handiak izaten direnean”. Alexander von Humboldt jakintsu eta naturalista ospetsuaren hitzak dira. Gaur egun halakoak irakurtzea agerikotzat eta normaltzat hartzen dugu, baina kontuan izan behar dugu horiek XIX. mendeko lehen urteetan idatzitako ondorioak direla. Von Humboldt guztiz aitzindaria izan zen alor askotan, baina, horietatik guztietatik, ekologiaren sorrera zor diogu, hein handi batean. Adituen zirkuluetatik kanpo, behar baino gutxiagotan aitortzen zaio meritu hori. Haren biografo handienaren Andrea Wulf-en hitzei jarraiki, prusiarra “zientziaren heroi galdua” izan zen.
Humboldtek aurreikusi bezala, basoak ezinbestekoak dira ekosistemetako oreka mantentzeko, eta toki askotako berezko klima, hein batean, basoek uretan eta hezetasunean duten eraginaren menpekoak ere badira. Horien eragina ez da, noski, ahalguztiduna, eta bestelako faktoreek klima aldatzen dutenean, basoek aldaketa horren ondorioak nozitzen dituzte. Basoen osaketa zein den, horren arabera ezberdinak izan daitezke klimarekiko loturak, eta zientzialariek hori guztia zehaztasunez ezagutu nahi izan dute, are gehiago klima-aldaketaren arazoa guztion ahotan dagoen garaiotan.
Nahiko argi dago espezie askorekin osatutako basoek malgutasun handiagoa dutela arazoei aurre egiteko, eta logikak agintzen du hala beharko lukeela ere klima-aldaketari dagokionez. Bada, harreman hori ikertu du zientzialari talde batek, eta hasierako uste hori egiaztatu duten arren, ñabardura garrantzitsu bat ondorioztatu dute ere.
Oraingoan, klima mediterraneoko basoak aztertu dituzte. Madrilgo hiru unibertsitateren (Konplutentse, Alcala eta Autonomoa) eta Euskal Herriko Unibertsitatearen arteko elkarlan honen emaitzak Forest Ecology and Management aldizkarian argitaratutako zientzia artikulu batean aurkeztu dituzte. Zehazki, Madrilgo Guadarrama mendilerroan dauden basoetan egin dute landa lana. Bertako pinu gorriak (Pinus sylvestris) eta ametzak (Quercus pyrenaica) aztertu dituzte, eta kontuan hartu dituzte bai nagusiki espezie bakarrarekin osatutako basoak zein bi espeziez osatutakoak.
Horren atzean dagoen arrazoia da basoaren osaketaren arabera ezberdina dela lehorteekiko erantzuna. Ekologiaren alorrean ohikoa denez, espezieen artean sortzen diren harremanak oso konplexuak dira, eta, modu berean, harreman horiek aldatu daitezke klimaren bilakaeraren arabera. Kontuan izan behar da espezie ezberdinetakoak diren zuhaitzek ez dutela horrenbeste lehiatzen baliabideengatik, horietaz egiten duten erabilera desberdina delako. Ez da gauza bera gertatzen biodibertsitate baxua duten ekosistemetan.
Ekologoek jakin badakite uniformetasunak mesede gutxi egiten diela ekosistemei. Egoera are larriagoa da gizakiak basoetan monolaborantzak sartzen dituenean. Kasu horietan, gehienetan benetako triskantza ekosistemikoak eragiten dira, lehen itxura batean —eta adituenak ez diren begietatik ikusita— baso batek garbia eta polita eman dezakeen arren.
Adituek ikusi dutenez, klima-aldaketari aurre egiteko, biodibertsitatea lagungarria izan daiteke, baina ez da nahikoa muturreko eguraldiaren ondorioz sor daitezkeen lehorteei aurre egiteko, klima mediterraneoan ohikoak diren basoetan bederen. Lehorteen gaineko kezka ez da asmatutakoa. Izan ere, klima horren eragina duten eskualdeetan ura nahiko eskasa izan ohi da, eta, hortaz, adituek estres hidrikotzat jotzen dutena jasan ohi dute basoek.
Klimaren arabera zuhaitzek izan duten bilakaera historikoa aztertzeko, dendrokronologiara jo dute, haien eraztunak ikertuz. Orotara, 120 zuhaitzi erreparatu diete, eta batez ere ale horien bizitzaren azken 60 urteetan zentratu dira. Denbora tarte horretan lehorteen aurrean izan duten hazkundea aztertu dute.
Datuek diotenez, ametzak hobeto hazi dira baso mistoetan, batez ere lehorteak izan ez diren urteetan. Pinuak, berriz, hobeto moldatu dira lehorte garaietan. Lehorteen aurrean espezie bakoitzak erakutsi duen erantzuna desberdina izan da. Hala, baso mistoetan pinuek erresistentzia gehiago izan dute estres hidrikoari aurre egin behar izan diotenean, baina berreskuratze gaitasun txikiagoa erakutsi dute. Egoera berdinean, ametzek kontrako joera izan dute, erresistentzia txikiagoa baina berreskuratze handiagoa izanik.
Ikerketaren emaitzek erakusten dute espezie bakoitzaren erantzun espezifikoa kontuan hartzearen garrantzia. “Oro har, batezbesteko baldintza klimatikoetan, nahasteak eragin positiboa du epe luzerari begirako egonkortasunari dagokionez; baina gero eta maizago izaten diren muturreko lehorteei dagokienez, epe laburrean ez dago eraginik erresilientzia gaitasunean”, idatzi dute zientzia artikuluan. Horregatik planteatu dute egoera idorrei aurre egiteko estrategiak diseinatzean, espezieen nahastea “tentuz” aztertu behar dela, basoen produktibitatea indartu arren, ez dutelako bermatzen arazoaren arintzea gertatuko denik.
Hortaz, atera duten ondorio nagusia izan da klima-aldaketari aurre egiteko ez dela nahikoa izango basoetan biodibertsitatea handitzea, muturreko gertakariak handituko diren testuinguru batean bederen.
Erreferentzia bibliografikoa
Muñoz-Galvez, Francisco J., Herrero, Asier, Perez-Corona, M. Esther, Andivia, Enrique (2021). Are pine-oak mixed stands in Mediterranean mountains more resilient to drought than their monospecific counterparts? Forest Ecology and Management, 484, 118955. DOI: https://doi.org/10.1016/j.foreco.2021.118955.
Egileaz:
Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.
2 iruzkinak
[…] iraunkorra den abeltzaintza estentsiboa ahalbidetzen du. Gainera, eskualde horretako espezieen biodibertsitate zabalari eusten laguntzen dio. Hala ere, mende luzez mendi, baso eta zelaietan egon diren animalia […]
[…] batetik, kimikoki, orokorrean, banbuak ez du desberdintasun handirik erakusten pinu gorriaren konposizioarekin konparatzen denean. Beste aldetik, propietate mekanikoen emaitzek erakutsi dute […]