Itsasoa ez da guretzako gizakiok, ohiko bizi-eremua. Ez da gure habitata eta gure historiaren zati nagusienean lur-eremuak banatzen zituen pasabidea edo amildegia baino ez da izan. Horretan, eta bertan bizi diren organismoak eta berauen berezitasunak arrotzak izan zaizkigu gizaldietan zehar. Itsasoarekiko hurbilketan izan dugun zailtasun horretan trebezia eta azpiegitura bereziak garatzeko beharrean aurkitu gara. Itsasoan bizi diren izakion azterketarako itsasontziak eta laginketa-metodo aproposak garatu behar izan ditugu, eta baita ere itsasotik hurbil egonkorki kokaturiko ikerketa-azpiegiturak eta “egoitzak”. Izan ere, eta orokorrean, kostaldeetan aurkitzen da itsaso guztietan bioaniztasun ugariena, lurraren eta itsasoaren arteko mugak biziaren loratzea ahalbidetzen baitu.
Aniztasun honen ikerketa izan da itsas estazio biologikoen xedea, Pierre Joseph Van Benedenek lehen itsas-kostaldeko laborategia 1843. urtean Ostenden (Belgika) zabaldu zuenetik. 1910. urterako 40 itsas estazio biologiko baino gehiago zeuden zabalduak Europako geografian barrena, ekosistema desberdinen ikerketarako ate gisa. UNESCOren 2017. urteko txosten baten arabera badira gaur egun izaera honetako 758 instituzio, 98 lurralde desberdinetan barreiaturik. Erakunde hauek berebiziko garrantzia izango dute UNESCOk 2021 eta 2030 urteen bitartean deitu duen “Garapen Jasangarrirako Itsasoaren Ikerketarako Hamarkada”-ren egitasmoen baitan. 150 urte luzez egin duten bezala, oraindik ere, itsasoaren bioaniztasuna eta bertan diren izakien biologiaren ikerketa da beraien misioa.
Egitura hauek, besteak beste, zientifikoei egoitza eskaintzeko sortutako ikerketa azpiegiturak dira. Itsas estazioak babesa, tresneria eta trebatutako laguntza eta ingurunearen ezagutza eskaintzen dituzten “itsas-geltokiak” izan dira. Ikerketa-lana tren-bidai batekin alderatzekotan, bioaniztasun aberats edo berezietako guneak markatzen dituzten geldiuneak markatuko lituzkete ikerketa-erakunde hauek. Historia naturalaren irakaskuntzarako tresna izan dira, bai eskola mailako heziketan zein Unibertsitate mailakoan, eta gizartean sortu den itsas-ingurunearekiko kontzientzia sortzaile izan dira. Hiru mendetan egindako bidai honetan itsasoko organismoek lehen lerroko oinarrizko ikerketarako bideak eman dituzte, itsas eredu biologikoen erabileraz. Hau da, zenbait espezie itsastar laborategiko akuria baliagarrirenetarikoak izan dira. Adibide bat ematearren, itsas trikua ezinbesteko baliabidea izan da ernalketaren, enbriologiaren eta garapen biologiaren ikerketan, edota, minbiziaren biologia molekularraren hastapenetan eta beste hainbat esparrutan ere. Ikerketa neurofisiologikoa, bestetik, ulertezina da XX. mendeko erdialdean hasita itsas-moluskuekin egindako ikerketak alboratzen badira. Ez dago gaur egun animali transgenikoekin ikerketa molekularrik egiterik itsas marmoketatik eratorritako proteina fluoreszente berdea erabili gabe.
Itsas estazioetan ostatu hartuta, zuzeneko lana burutu dute edo denbora laburreko harremana izan dute, 80 Nobel saridun baino gehiagok (Thomas Hunt Morgan, Otto Warburg, Santiago Ramon y Cajal, Hans Spemann, Bernard Katz, Tim Hunt, Avram Hershko, Eric Kandel…). Gainera, itsasoko izakiok gizakiontzako ezinbesteko baliabideak lortzeko eta ustiatzeko aukerak eman dituzte, ez bakarrik arrantzuaren eta itsas akuikulturaren bidez, baita “bioteknologia urdina”-ren bidez ere. Itsasotik datozen izakien erabilera bioteknologikoa itsas eskualdeen garapen sozioekonomikorako etorkizunezko promesa bilakatu dira eta horrela jasotzen dute Europar Elkartea edo OECD bezalako erakundeek. Hori sustatzeko jaio zen Plentziako Itsas Estazioa (PiE-UPV/EHU) eta horretarako elkartu da Europako 9 lurraldeetako beste hainbat itsas estazioekin, ikerketa azpiegitura pan-europar berria sorraraziz, “European Marine Biological Research Center” . Urte askotarako!
Artikuluaren fitxa:
- Aldizkaria: Ekaia
- Zenbakia: 2020ko ale berezia
- Artikuluaren izena: Itsas estazio biologikoen historia eta kostaldeko bioaniztasunaren ikerketa.
- Laburpena: Itsasoa ez da guretzat, gizakiontzat, ohiko bizi-eremua. Ez da gure habitata eta gure historiaren zati nagusian lur-eremuak banatzen zituen pasabidea edo amildegia baino ez da izan. Horretan, bertan bizi diren organismoak eta haien berezitasunak arrotzak izan zaizkigu mendeetan zehar. Itsasoarekiko hurbilketan dugun zailtasun horretan gizakiok trebezia eta azpiegitura bereziak garatzeko beharrean aurkitu gara. Itsasontziak eta laginketa-metodo aproposak behar ditugu, baina baita itsasotik hurbil egonkorki kokatuak dauden ikerketa-azpiegiturak eta «egoitzak» ere. Izan ere, eta oro har, kostaldeetan aurkitzen da itsaso guztietan bioaniztasun ugariena, lurraren eta itsasoaren arteko mugak biziaren loratzea ahal- bidetzen baitu. Aniztasun horren ikerketa izan da itsas estazio biologikoen xedea XIX. mendetik.
- Egileak: Ibon Cancio
- Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
- ISSN: 0214-9001
- eISSN: 2444-3255
- Orrialdeak: 29-55
- DOI: 10.1387/ekaia.21074
Egileez:
Ibon Cancio EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Zoologia eta Animalia Zelulen Biologia Saileko eta Plentziako Itsas Estazioko (PiE) ikertzailea da.