Plentziako Itsas Estazioa goi mailako ikerketa bioteknologikoko azpiegitura

EHUko ikerketa

Minbiziari, zahartze prozesuei edota osasunarekin lotutako hainbat gaixotasuni aurre egiteko itsas bioteknologia ezinbestekoa da egun. Itsas bioteknologiak itsasoko organismoak ikertzen ditu eta arlo horretan dihardu 2012tik aurrera Plentziako Itsas Estazioak (PiE). Sei urteko ibilbidean ikerketa, irakaskuntza eta ezagutzaren transferentzia jorratu ditu eta 2018an, jauzi berri bat emanez, European Marine Biological Resource Centre (EMBRC) goi mailako ikerketa azpiegiturako kide izendatu dute.

Itsas ekosistemen egoerak giza osasunean duen eragina aztertzen du PiEk eta baita ere, botikak edota produktu industrialak garatzeko, itsasoko organismoek eskaini ditzaketen konposatu aktiboak bilatzen ditu. Askotariko lanak gauzatu dituzten zientzialariek itsas estazioan oinarri berbera dutelarik ikerlerro gisa, itsasoa bere osotasunean ikertzea, ekosistema honek gizarteari eskaintzen dizkion baliabideak ezagutzeko xedearekin.

Plentziako Itsas Estazioak 2012. urtetik hona egindako lanak aitortza garrantzitsu bat jaso berri du: Europako ikerketa azpiegitura handienaren kide izendatu dute beste bederatzi herrialdeetako 24 zentroekin batera. Itsasoko baliabide biologikoen ustiaketarako Europar Ikerketarako Azpiegitura Partzuergoa osatzeko aukeratua izan da itsas estazioa. “Goi mailako ikerketatako azpiegitura honen barruan kokatzeak, azken urteotan egindako lanaren nazioarteko onarpena eta balioztatzea lortzea da” azpimarratu du PiEko Ibon Cancio ikertzaileak.

Irudia: Plentziako Itsas Estazioa (PiE).

UPV/EHUren baitan kokatzen da Plentziako Itsas Estazioa (PiE) eta hiru zutabe nagusitan oinarritzen du haren lana: ikerkuntza, ikaskuntza eta ezagutzaren transferentzia. Hainbat arloetako zientzialariez osatutako lantaldeek gauzatzen dute ikerketa itsas estazioan: biologoek, kimikariek, ingeniariek…, nazioarteko beste ikertalde batzuekin batera. PiEko zuzendariordeak, Manu Sotok ezinbestekotzat jotzen du ikerketa nazioartekotzea aurrera egiteko: “Prozesu hau ezinbestekoa izan da PiErako, bertan burutzen diren ikerketa eta ikaskuntza jardueretarako eta baita ere programa lehiakorrak gauzatzeko”. Nazioartekotasunari esker lortu dute bikaintasun sareen parte izatea, ikerketa proiektu berritzaileetan lan egitea eta etengabeko finantziazioa lanean jarduteko. Manu Sotoren esanetan: “Goi mailako ikerkuntza bideratu eta gauzatzeko bidea eman die” azken urteotako lan ildoak.

Itsas bioteknologiaren transferentziarako gune irekia

European Marine Biological Resource Centre, Europako Batzordeak kalitateko ikerkuntza jorratzeko sustatu dituen, ESFRI egituren artean (European Strategy Forum on Research Infrastructures) ikerketa azpiegitura handienen artean kokatzen da. Azpiegitura honen helburua nagusia da ikertzaileen eta enpresen eskura jartzea ikerketarako behar dituzten itsas baliabide biologikoak, molekularrak eta genomikoak. Itsas bioteknologiaren (bioteknologia urdina) inguruan batutako datu eta baliabideen ezagutza partekatzeko aukera honek ikerketa zentroak eta enpresak gerturatuko ditu, lankidetzarako bideak zabalduz.

Bioteknologiaren transferentziako zentro irekia izateko euskarria ematen dio PiEri European Marine Biological Reosurce Centrek (EMBRC). Ibon Cancio ikertzailearen esanetan aukera zabalak eskainiko ditu transferentzia irekiak: “Edozein ikertzailek zein enpresak eskura izango ditu, alde batetik, bere ikerlana egiteko behar dituen itsas baliabide biologikoak eta, bestetik, biologia molekularraren eta genomikoaren arloko know-how guztia, modu iraunkorrean ustiatu ahal izan ditzan”.

Transferentziarako gunea izateaz gain elikaduraren, osasunaren eta ingurunearen arloan konponbide jasangarriak bilatzeko oinarrizko eta aplikatutako ikerkuntza bultzatuko ditu Europako ikerketa azpiegiturak Plentziako Itsas Estazioaren eta gainontzeko 24 zentroetako lanaren bidez.

Iturria: UPV/EHU prentsa bulegoa: PiE, itsasoko baliabide biologikoen ustiaketarako Europako Ikerketa Azpiegitura handienean.

1 iruzkina

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.