Lorerik ez Trigona erleentzat

Dibulgazioa

Ezagutzen ditugu denok erleak salbatzeko deiak. Zer demontre, nik neuk idatzi dut polinizatzaileen garrantziaz, ez bat, baizik eta bi artikulu. Agian, baina, ez dira sinestarazi diguten bezain babesgabeak. Erle sarraskijaleak baitaude.

Erle-zurginaren irudia, ez da erle sarraskijalea baina kolore ezohiikoa du.
1. irudia: Erle-zurgina (Xylocopa latipes) kolore askotariko erleak daude naturan: urdinak, berdeak, gorriak eta beltzak ere. (Irudia: Charles J. Sharp, Wikimedia Commons)

Bai. Erle sarraskijaleak. Putre edo hienaren parekoa baina intsektu munduan. Beraz, baditugu alde batetik nektarra eta polena elikagai dituztenak eta, bestetik, sarraskia jaten dutenak. Eta gutxi balitz, dieta konbinatua dutenak ere badaude: polena, nektarra eta sarraskia, ezeri muzin egin barik.

Berez, erleak bizimodu begetarianora aldatutako liztorrak dira, zientzialariek azaltzen dutenez. Ziur aski, liztorren arbaso komuna fitofagoa (landarejalea) bazen ere, erleek polenaz elikatzea beranduago garatu zen. Eta nondik? Seguruenik polenaz eta nektarraz elikatzen ziren harrapakinez elikatzen ziren arbaso harrapakariengandik.

Bada, badirudi zenbait erlek atzerako bidea egin dutela eta bizimodu begetarianotik sarraskiaz elikatzera pasa direla, haien proteina iturri nagusia sarraskia bilakatuta. Meliponini (eztenik gabeko erleak) taldeko zenbait erle, zehazki.

Erleak vs liztorrak

Entomologiari begira, Hymenoptera ordenean kokatzen diren intsektuak dira bai erleak bai liztorrak, inurriekin batera. Zelan ezberdintzen dira erleak eta liztorrak, baina?

Anatomikoki, eta besteren artean, liztorrek kortsea eramango balute bezalako gorputz forma izaten dute, erleek, aldiz potoloagoa (biologian ohikoa den moduan, ez denak, ez beti). Hortik etorriko da, agian, erdarazko cinturita de avispa delakoa. Erleak, gainera, iletsuak izaten dira, liztorrak ez bezala.

Erle eta liztorren arteko ezberdintasun anatomikoak
2. irudia: Liztorren (ezk.) eta erleen (esk.) arteko ezberdintasun anatomiko nagusia sabelaldean dago. (Irudia: WikipedianProlific liztorra eta erlea, Wikimedia Commons, eraldatuak)

Eta, aprobetxatuz, ideia bat azpimarratu nahiko nuke: erle guztiak ez dira da burura etorri zaizun hori-beltz iletsu horren tankerakoa. Asko bai, badira hori-beltzak. Baina kolore askotarikoak daude naturan: badira urdinak, berdeak, gorriak ala beltzak. Baita marradunak. Eta distira metalikoa dutenak ere.

Horretaz gain, gutxi gorabehera 20 000 erle espezie daude eta gehienak ez dira erlauntzetan bizi. Erleen gehiengo zabalena (85 % baino gehiago) erle bakartiak dira eta %70 lurpean egiten dute habia. Baina gaitik desbideratzen ari naiz.

Putre-erleak, erle sarraskijaleak

Kontua da zenbait Meliponini erle sarraskijaleak direla. Eta aldaera ezberdinekoak daude, gainera. Batetik, nekrofago fakultatiboak daude: eskura animali gorpuak badituzte, elikagaitzat hartuko dituzte; bestela, polena eta nektarra bilatu eta baliatuko dute. Talde honetan daude T. pallens eta T. fulviventris, esaterako.

Trigona pallens erle sarraskijale fakultatiboak dira.
3. irudia: Trigona pallens erle eztengabeak nekrofago fakultatiboak dira, animali gorpuak eskura badituzte, elikagaitzat hartuko dute. (Irudia: Julio Pupim, Flickr)

Bestetik, nekrofago hertsiak daude. Trigona espezian baino ez dira topatu, zehazki elkarrengandik oso hurbil dauden hiru espezietan: T. hypogea, T. necrophaga eta T. crassipes. Momentuz, behintzat.

Hiru espezie hauek sozialak dira, hau da, kolonietan bizi dira eta erlauntzak sortzen dituzte. Bi teoria nagusi daude erle nekrofago hauek sarraskia zelan baliatzen duten azaltzeko.

  • Noll et al.-ek (1) Hypogea aztertu zuten. Sarraskia hartzen dute gorputik, koloniara eramaten dute eta han erlauntzeko gelaxkatan uzten dute, non eztiarekin nahasten den. Nahasketa hori 14 egunez ontzen da aminoazidoetan eta azukrean aberatsa den pasta moduko bat sortu arte.
  • Roubik, Buchmann eta lankideek (2), bere aldetik, bestelako hipotesia dute: erle langile gazteek kontsumitutako sarraskia baliatzen dute sekrezio hipofaringeoak sortzeko, ezti-erleen antzera. Kasu honetan, sekrezio hori litzateke erlauntzaren gelaxketan gordeko litzatekeena.

Edozein dela, badirudi hiru espezie hauek erabat eman diotela bizkarra loreei. Lorez kanpoko nektarioengandik lortzen dituzte karbohidratoak eta ornodunen gorpuengandik proteinak. Noski, galdera bat izan dute zientzialariak polenaz elikatzetik sarraskiaz elikatzera pasa diren erle hauek aurkitu zirenean: zer-nolako papera izan du mikrobiomak?

Izan ere, aldaketa bortitzaz ari gara. Bada, Figueroa et al.-ek kontua aztertu dute eta aldaketa honek sinbionteen ordezkapena ala mikrobiomaren moldapena ekarri zuen argitu nahian, polena bakarrik jaten duten erleen, nekrofago fakultatiboen eta nekrofago hertsien arteko mikrobioma konparatu dituzte.

Eta zer aurkitu dute? Putre-erleek zenbait mikrobio galdu dituztela, beste batzuei heldu dietela eta mikrobio azidofilikoekin asoziazio berriak sortu direla. Sarraskian eta ingurumenean topa daitezkeen mikrobio azidofilikoak, hain zuzen. Erle sarraskijaleek hotzikarak sortzen badizkizute, albiste ona: euri-oihan tropikaletan bizi dira erle-putre hauek. Ikerketa honetakoak, Costa Rican, zehatz mehatz. Albiste txarra: Liztor asiarra ere Asian bizi zen….

Baina tira, laburbilduz, erleak begetariano bilakatutako liztorrak dira eta erle batzuk begetarianismoa alde batera utzi eta haragijale ala orojale barik, zuzenean sarraskijale bihurtu dira. Egun, erle sarraskijaleak eta erle begetarianoak aurkitu daitezke, beraz. Hau guztia gutxi balitz, bi erlastar espezie (Bombus terrestris eta Bombus ephippiatus) ere behatu izan dira sarraskiaz elikatzen.

Bibliografia:

Figueroa, L. et al. (2021), Why Did the Bee Eat the Chicken? Symbiont Gain, Loss, and Retention in the Vulture Bee Microbiome. mBio. https://journals.asm.org/doi/10.1128/mBio.02317-21

(1) Noll, F. B., Zucchi, R., Jorge, J. A., & Mateus, S. (1996). Food collection and maturation in the necrophagous stingless bee, Trigona hypogea (Hymenoptera: Meliponinae). Journal of the Kansas Entomological Society, 69(4), 287–293.

(2) Gilliam, M., Buchmann, S. L., Lorenz, B. J., & Roubik, D. W. (1985). Microbiology of the larval provisions of the stingless bee, Trigona hypogea, an obligate necrophage. Biotropica 17:28–31. https://doi.org/10.2307/2388374

Camargo, J.M.F., Roubik, D.W. (1991). Systematics and bionomics of the apoid obligate necrophages: the Trigona hypogea group (Hymenoptera: Apidae; Meliponinae). Biological Journal of the Biological Journal of the Linnean Society, Vol. 44, Issue 1, , 13–39, https://doi.org/10.1111/j.1095-8312.1991.tb00604.x

Rasmussen C, Camargo JMF. (2008). A molecular phylogeny and the evolution of nest architecture and behavior in Trigona s.s. (Hymenoptera: Apidae: Meliponini). Apidologie 39:102–118.


Egileaz:

Ziortza Guezuraga (@zguer) kazetaria da eta Euskampus Fundazioko Kultura Zientifikoko eta Berrikuntza Unitateko zabalkunde digitaleko arduraduna.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.