Denok dakigu bi punturen arteko distantziarik laburrena lerro zuzena dela. Baina baieztapen hori ez da beti betetzen ozeanografiaz ari garenean, eta ideia hori defendatzeko bi adibide emango ditut.
Kristobal Kolon Mundu Berria deituko zena arakatu eta aurkitzeko bidaiatzen hasi zenean, XV. mende amaieran eta XVI. mende hasieran, ez zituen belak Andaluziako portuetatik mendebalderantz abiatu eta berehala zabaldu. Hori egin beharrean, Kanariar Uharteetaraino jaitsi zen, eta, handik, arku txiki bat egin zuen hego-mendebalderantz; hala, zuzenean Karibe itsasoko uharteetaraino iritsi zen. Baina ibilbide hura ez zen kasualitatea izan.
Kolon esperientzia handiko marinel bat zen, eta bazekien inguru hartan ipar-mendebaldeko haize alisioek ia etengabe jotzen zutela, eta horrek erraztu egiten zuela itsasontziek Ozeano Atlantiko ezezagunerantz nabigatzea. Hortaz, besterik gabe, Kanariar Uharteak inguratzen zituen korronteari jarraitu zion, artean nola funtzionatzen zuen ongi ulertzen ez bazuen ere.
Bigarren adibidean XVIII. mendearen amaierara arte bidaiatu behar dugu. Garai hartan Ipar Amerikako baleontziek bazeukaten Karibe itsasotik Europarantz zihoan itsas korronte bero baten berri, eta ehizatu nahi zituzten zetazeoek korronte haren eragina saihestu nahi zuten, ahal zela ertzetan bilduz. Balea arrantzale haiek Golkoko itsaslaster izena jarri zioten, eta Ipar Amerikako itsasontzietako kapitainei korrontearen beraren eta korrontearen funtzionamenduaren berri eman zieten.
Korronte hura zeharkatzen hainbat urteko esperientzia lortu ondoren, Ipar Amerikako kapitainek aurkitu zuten batez beste bi astez laburtu ahal zituztela Ipar Amerikako eta Britainia Handiko kostaldeen arteko bidaiak Golkoko itsaslasterraren barruan nabigatuz gero, Britainia Handitik Ipar Amerikara bidaiatzeko behar zen denborarekin erkatuz gero. Britainiarrei zalantza sortu zitzaien aurkikuntza hura zela medio eta, hortaz, Benjamin Franklini berari ikerketa sakonagoa egiteko eskatu zioten, artean Ingalaterra Berriko Postaren arduradun nagusia zela.
Termometro bat hartuta, Franklinek Golkoko itsaslasterraren eragin eremua zehazki kartografiatu zuen, inguruko eremuek baino ur beroagoa zuen, eta gomendioa egin zien britainiarrei: nabigazioa ekialderantz eginez gero, ibilbidea laburragoa zen Golkoko itsaslasterra jarraituz gero; aldiz, mendebalderantz eginez gero, itsaslasterraren eragina saihestu egin behar zen, bestela ontziek astiroago joatea besterik ez zutelako lortuko. Hasieran britainiarrek ez zuten gomendio hura oso serio hartu; epe luzera, ordea, gomendioa jarraitu zuten.
Gaur egun Ipar Atlantikoko itsaslasterren dinamikak pixka bat hobeto ulertzen ditugu azterketa ozeanografikoetan aurrerapenak egin direlako. Eta gai hau Kolonek eta Franklinek haien garaietan imajinatu zutena baino konplexuagoa den arren, haien lanari esker lortu ditugu gaur egun ondorioak.
Lotura zuzena dago atmosferaren eta ozeanoen jokabideen artean eta, gainera, horrek gure planetaren klima ere baldintzatzen du, beroa eta CO2a trukatzen baitituzte. Ozeano Atlantikoan dauden ur masa batzuek uhal garraiatzaile gisa funtzionatzen dute, eta bero energia banatzen dute, latitude baxuko eremuetatik latitude altuko eremuetara. Itsas korronteen sistema horri Zirkulazio Atlantiko Meridionalaren Iraultze Zirkulazioa deitzen zaio, edo AMOC, ingelesezko Atlantic Meridional Overturning Circulation izenaren siglekin. Eta puntu horretan aipatu behar ditugu gure bi protagonistek antzemandako korronteak.
Golkoko itsaslasterra ur beroa eta ez oso trinkoa daraman azaleko korronte bat da; Florida hegoaldean sortzen da, eta Ozeano Atlantikoaren erdialderantz doa. Hor bi adarretan banatzen da; batetik, Ipar Atlantikoko Korrontea edo Adarra, Europa iparralderantz doana, eta, bestetik, Azoreetako Korrontea edo Kanarietako Korrontea; azken hori ur masa hotzagoa eta trinkoa da eta hegoalderantz egiten du; biratu egiten du, erlojuaren orratzen noranzkoan, Karibe itsasora itzultzeko, eta han berriz ere dena hasten da.
Hala, argi geratu da ozeanoen dinamika ezagutzea zein garrantzitsua den gure planetan klimaren jokabidea ulertu ez ezik, baita gure arbasoek egin zituzten itsas ibilbideak ulertzeko ere, gaur egun oraindik ibilbide horiek egiten baitira.
Hasieran esan dudan moduan: lerro zuzena ez da beti bi punturen arteko biderik laburrena, ezta azkarrena ere. Itsasontziz bidaiatzen dugunean, hobe da korronteari jarraitzea.
Egileaz:
Blanca María Martínez (@BlancaMG4) Geologian doktorea da, Aranzadi Zientzia Elkarteko ikertzailea eta EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Geologia Saileko laguntzailea.
3 iruzkinak
[…] Jada Kolonek Amerikarako bidaia egin zuenean, bazekien Ipar Atlantikoko haizeek eta korronteek nabigazioa erraztu edo zaildu zezaketela. Gaur egun, ozeano horretako itsaslasterren dinamikak pixka bat hobeto ulertzen ditugu, azterketa ozeanografikoetan aurrerapen asko egin baitira. Ozeano Atlantikoan dauden ur masa […]
[…] fokua jarri zuenean, gure ozeanografoak dena eman zuen kostaldeko ikerketan. Isurien fluxuen eta korronteen eragina aztertu zuen, eta epe luzeko datuen analisi batean, frogatu egin zuen kostaldean eginiko […]
[…] Hegoaldeko Iraultze Zirkulazioa —gehienetan AMOC gisa ezagututa, ingelesezko siglen arabera—. Itsaslaster hori funtsezkoa da gaur egungo egoera klimatikoa ulertzeko, tartean Mendebaldeko Europako klima epeltzen […]