Kutsatzen diren minbiziak

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Gizakiotan eta beste animaliotan, tumoreak sortzen dira zelulek beren burua kontrolik gabe bikoizten dutenean.

Zelulen bikoizketa kontrolatzen duten geneetan gertatzen diren mutazioek eragiten dute kontrolaren galtze hori. Beste gene batzuetan gertatzen diren mutazio gehigarrien ondorioz, zelula horiek aska daitezke eta zabaldu odol- hodietan zehar. Hala, tumoreak gorputzeko beste atal batzuetara hel daitezke. Baina, beti ere, hori guztia indibiduo beraren baitan gertatzen den prozesua da. Tira, ia beti: espezie gutxi batzuetan aurkitu egin baitira indibiduoen artean salto egiten duten minbizi-zelulak.

Txakurretan, Tasmaniako deabruan eta hainbat molusku bibalbiotan –hala nola, txirletan, berberetxoetan eta muskuiluetan– aurkitu dira indibiduo artean transmititu daitezkeen minbiziak. Kutsakorrak badira ere, indibiduo bakarretik eratorri diren minbizi-zelulak dira eta, ondorioz, beren DNA erabilita beren jatorria eta hedapena azter daitezke. Azken finean, tumorea osotzen duten zelulak klonikoak baitira. Hau da, indibiduo ezberdinetan ugaritzen ari badira ere, tumore horien gene-materiala antzekoa da beren artean; eta, aldiz, haien gene-materiala ezberdina da inbaditzen ari diren indibiduoaren gene-materialarekin erkatuta.

Tasmaniako deabrua
1. irudia: minbizi kutsakor batek desagerraraz dezake Tasmaniako deabrua (Argazkia: pen_ash – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)

Halako minbizi kutsakorren lehenengo kasua txakurretan aurkitu zen 1877an. Sexu bidezko transmisioa du eta uste da orain dela 11.000 urte hasi zela kanidoak infektatzen. Tasmaniako deabruan aurkitu den tumore kutsakorra aurpegian garatzen da, Tasmaniako deabruak elkarri hozka egiteko duten ohitura baliatuta. Uste da animalia honen populazioaren % 80 kutsatu dela eta Tasmaniako deabruaren desagerpena eragiten ari dela. Ugaztunen artean ezagutzen den beste minbizi kutsakor bat aurkitu da hamster urrekaran, Aedes aegypti eltxoaren bitartez indibiduo batetik bestera salto egin dezakeena. Oraingoz, ez da ugaztunetan halako minbizi kutsakor gehiagorik aurkitu.

Esan bezala, halako minbizi kutsakorrak bakan ikusten badira ere, badirudi bibalbioetan badagoela mota horretako minbiziak garatzeko joera. Orain arte, molusku talde horretako espezieetan zazpi minbizi kutsakor identifikatu dira. Gaixotasun ezberdinak badira ere, minbizi hori guztiei “odol-neoplasia” esaten zaie eta odoleko zelulen kontrolik gabeko bikoizketaren ondorioz garatzen dira. Gainera, minbizi-zelula horiek indibiduotik atera daitezke, ozeanoko uretan bizirik iraun, eta espezie bereko beste indibiduo batekin topo egiten dutenean, indibiduoan sar daitezke –kutsa dezakete– eta, ondorioz, indibiduo horrek odol-neoplasia gara dezake. Hortaz, minbizi hauek arrisku ekologiko bat izan daitezke itsas ingurunerako. Ikerlan berri batean aztertu dute txirla-espezie batek garatzen duen minbizi kutsakor bat, halako minbiziei buruz gehiago jakiteko.

2. irudia: txirlak gaixotzen dituen tumore kutsakorra ikertu dute (Argazkia: GonzaKnox – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)

Ikertzaile talde batek 400 txirla garatxodun (Venus verrucosa) inguru jaso zituen Europako kostaldeko hainbat lekutatik: Espainiako, Portugaleko, Frantziako, Irlandako, eta Kroaziako kostaldetik, hain zuzen ere. Txirla horietan odol-neoplasia zantzuak bilatu zituzten eta Espainiako kostaldeko bi lekutako txirletan aurkitu zituzten: Balear Uharteetako bost txirlatan eta Galiziako Atlantikoko kostaldetako hiru txirlatan. Txirla horietan aldakorra zen gaixotasunaren larritasuna: lau indibiduok gaixotasunaren formarik larriena zuten, hiruk formarik arinena eta batek erdibideko forma.

Indibiduo horien tumoreak sekuentziatu zituzten eta ikusi zuten tumoreen arteko gene-aldakortasunik ez zegoela. Hala, tumore horien gene-materiala hainbat teknika erabilita aztertu ostean, ikertzaileek ondorioztatu zuten bi populazio horietan aurkitutako minbizi-zelulek jatorri berdina zutela. Horrek baieztatuko luke minbizi-zelula horiek kutsakorrak direla eta gaitza hainbat populazio artean zabaldu dela. Bi populazio horietan minbizi-zelulak hain antzekoak izateak iradokitzen du tumore mota hori orain dela gutxi sortu dela; edo giza jarduerak, nahi gabe, haren hedapenean lagundu duela. Horrela balitz, gizakien esku-hartzearen bidez saihets liteke tumore horien zabalkuntza.

3. irudia: giza jarduera ustekabean lagungarri izan daiteke minbizi kutsakorren hedapenean (Argazkia: dendoktoor – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)

Are gehiago, egindako gene-analisiek agerian jarri zuten minbizi-zelula horiek ez zirela soilik txirla garatxodunetan garatu. Minbizi horien gene-materialean txirla txikien (Chamelea gallina) gene-sekuentzien zantzuak aurkitu zituzten. Bi espezie hauek Mediterraneo itsasoan gertu bizi direnez, ikertzaileek iradoki dute minbizi hori txirla txikian hasi zela eta, gero, txirla garatxodunera egin zuela salto. Hori dela eta, ikertzaileek toki horietako 200 txirla txiki aztertu zituzten odol-neoplasiaren zantzuak bilatzeko, baina ez zuten minbiziaren arrastorik aurkitu. Ondorioz, badirudi odol-neoplasia horiek txirla garatxodunetan soilik garatzen direla orain.

Laburbilduz, sakon aztertu da txirlak gaixotzen dituen tumore kutsakor bat, jatorria beste txirla-espezie batean duena eta, agian, giza jarduerak hedatzen lagundu duena. Zorionez, indibiduo artean bidaiatzen duten tumoreak oso urriak dira. Baina kasu bitxi honek gogorarazten digu nahiko genukeena baino konplexuagoa dela bizia.

Iturria:

Garcia-Souto, Daniel et al. (2022). Mitochondrial genome sequencing of marine leukaemias reveals cancer contagion between clam species in the Seas of Southern Europe. eLife, 11:e66946. DOI: 10.7554/eLife.66946


Egileaz:

Koldo Garcia (@koldotxu) Biodonostia OIIko eta CIBERehd-ko ikertzailea da. Biologian lizentziatua eta genetikan doktorea da eta Edonola gunean genetika eta genomika jorratzen ditu.

1 iruzkina

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.