Iraganaren lekukoak

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Ziur filmen batean eta geologiari eta klimari buruzko albisteetan noizbait entzun duzuela zientzialariak izotzaren, sedimentuen edo arroken nukleoak aztertzen ari direla, eta gauza horiei buruzko jakin-mina piztu zaizuela. Hasteko, hemen ez diegu “nukleo” deitzen. Termino hori ingelesezko “core” hitzaren itzulpen literala da eta, hain zuzen, “nukleo” esan nahi du. Baina, euskaraz, tresna geologiko horiei zundaketaren lekuko deritzegu.

zundaketa
1. irudia: Antartikan egindako izotz zundaketa bateko lekukoen erauzketa. (Argazkia: NASA)

Zundaketa lurra zulatzeko metodo bat da; hau da, metalezko edo plastikozko hodi baten bidez zulo bat egiten da lurrean –berdin dio lehorrean, izotzean nahiz itsas hondoan den–, ur sakonetan zer dagoen jakiteko. Eta lekuko deritzo zundaketa egitean atera eta hodiaren barruan sartuta geratzen den materialari (izotza, sedimentua edo arroka).

Zundaketa lur-barrunbeak ezagutzeko

Zulatzeko metodoak hiru motatakoak izan daitezke. Batetik, perkusio bidezko zundaketa mekanikoak ditugu; halakoetan, lurra zeharkatzen da, zundaketa hodia toki oso garai batetik askatu eta grabitatearen indarra aprobetxatuz, edo behin eta berriz kolpekatuta finkatu eta lurperatuz. Bestalde, errotazio zundaketak daude. Haietan, zundaketa hodiari koroa izeneko mutur bat jartzen zaio; koroak diamantezko edo wolframezko aho ebakitzaile bat dauka, eta abiadura handian biratu dezake kanpoko motor bati esker. Hala, lurra haginka zeharkatzen du, konparazio txiki bat egitearren. Azkenik, hirugarren zundaketa mota aurreko bien nahasketa bat da; hau da, zundatzeko makina batzuek, hodia presio bidez lurperatzen duten heinean, bira eginez lurra hausten doan koroa horzdun bat daukate.

Zundaketa lekukoek balio zientifiko aparta dute. Eremu jakin batek azken ehunka, milaka eta, batzuetan, milioika urteetan izan duen bilakaera geologikoaren erregistro bat gordetzen dute barruan. Hain zuzen ere, gure oinen azpian egonik, halako zulaketen bidez soilik irits gaitezkeen eremuak dira, esaterako, izotz geruzak eta kaskoak eta itsas hondoa.

zundaketa
2. irudia: perkusio bidezko zundaketen lekukoak hartzeko makina eta zundaketa hodiaren xehetasuna, Itsas Esploraziorako Frantziako Ikerketa Institutuaren (IFREMER) “Pourquois Pas?” ontzi ozeanografikoan. (Argazkia: Blanca María Martínez)

Antartikan eta Groenlandian, adibidez, izotz geruza ikaragarri lodiak aurki daitezke, ehun milaka urtean ur izoztua metatzen joan delako. Arreta handiagoz begiratzen badiogu, ikusiko dugu masa horiek gainjarritako hainbat izotz geruza mehek osatzen dituztela; hain zuzen ere, urte bateko prezipitazioak bata bestearen gainean dauden geruzotako bakoitza osatzen du. Gainera, izotz geruza bakoitza denbora kapsula bat da, zeinetan sortu den uneko atmosferaren ezaugarriak gorde diren. Hala, Antartikan eta Groenlandian ateratako izotz zundaketen lekukoak aztertuta, zenbait gasek –karbono dioxidoak (CO2) eta metanoak (CH4), kasu– denboran zehar izan dituzten aldakuntzak berreraiki ahal izan dira, baita azken 800.000 urteotan atmosferak izan duen tenperatura ere, urtez urteko zehaztasunaz.

zundaketa
3. irudia: perkusio bidezko zundaketaren lekukoak lortzen, Nafarroako Errege Bardean. (Argazkia: Blanca María Martínez)

Izotzari buruzko azterketa klimatikook itsas erregistroekin osatzen dira. Ozeanoko eremurik sakonenetan, sedimentu mehez (lohiak eta buztinak) osatutako geruzak pilatzen dira, eta ia ez dute aldaketarik izaten itsas hondoko korronteen ondorioz. Hortaz, izotz geruzekin gertatzen den moduan, sedimentu geruzok azken ehun milaka urteetako itsas historia jasotzen dute etengabe. Alabaina, ez dira izotzezkoak bezain zehatzak, eta sedimentuen erregistroak hamarkada bateko aldizkakotasuna du, oso gutxitan urtebetekoa.

Itsas sedimentuen zundaketa lekukoak lortzea ez da izotzeko zundaketen lekukoak lortzea bezain erraza. Azken horien kasuan, lekukoak jasotzeko ekipamenduak ontzi ozeanografikoetan eraman behar dira, ontziok benetako laborategi zientifiko flotatzaileak direlako, eta, itsas hondoa ukitzeko, ur zutabeak dituen ehunka eta milaka metroak egin behar dira beherantz. Hori egin ondoren, zundaketa makinak itsas hondoa zulatu behar du, eta zundaketa lekukoa ontzira itzul dadin lortu behar da, bidean galdu gabe. Baina lanok oso zailak diren arren, merezi dute. Itsas zundaketen lekukoekin lortutako sedimentua zehaztasunez aztertzen badugu, ur masen tenperaturaren, gazitasunaren, pH-aren eta abarren denborazko bariazioa zein izan den jakin dezakegu, eta aukera izango dugu korronte ozeanikoen zirkulazioan azken ehunka mila urteetan egon diren aldaketak ezagutzeko.

4. irudia: zundaketa lekuko baten sedimentuaren laginketa, azterketa geologikoa egiteko. (Argazkia: Blanca María Martínez)

Izotzaren eta itsas sedimentuaren zundaketa lekukoen azterketa klimatikoak konbinatzea funtsezkoa izan da klima azken milurtekoetan nola aldatu den zehatz-mehatz ikusteko. Erregistrooi esker, gure planetaren aldakortasun klimatikoaren ideia orokor bat egin dezakegu, eta konparaziorako oinarritzat har daitezke edozein ingurunetan –kontinentala zein itsasokoa– paleoingurumenaren arloan gaur egun egindako edozein ikerketarako, esaterako, laku eta estuarioen sedimentuen zundaketa testiguen ikerketetarako. Munduko erregistroekin egindako konparazio horiei esker, xehetasun handiz identifikatu daitezke eremu geografiko mugatu batzuetan soilik eragin eta mundu mailan inpaktu klimatikorik izan ez zuten tokiko gertakari klimatikoak eta ingurumen baldintzak.

Iraganeko lekuko horiek izan ezean, ezinezkoa izango litzateke klima azken milurtekoetan nola aldatu den jakitea, eta hori funtsezkoa da gure hurbileko etorkizunean nola aldatuko den jakiteko, iristear denari aurrea hartu eta horretara egokitze aldera.

Informazio osagarria:


Egileaz:

Blanca María Martínez (@BlancaMG4) Geologian doktorea da, Aranzadi Zientzia Elkarteko ikertzailea eta EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Geologia Saileko laguntzailea.

1 iruzkina

  • […] Zundaketek lur-barrunbeak ezagutzeko aukera ematen dute, eta metodo honekin lortutako datuek balio zientifiko aparta izaten dute. Izan ere, eremu jakin batek azken ehunka, milaka edo milioika urteetan izan duen bilakaera geologikoaren erregistro bat gordetzen dute barruan. Antartikan eta Groenlandian […]

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.