Fisika egiten, generoa egiten

Emakumeak zientzian · Kolaborazioak


Estereotipoek, sinesmen tradizionalen inertziak eta irakasle eta aholkularien aintzatespenik ezaren eraginez, zientziari ekarpen handiak egin diezazkieten nesken konfiantza suntsitzen da.

Sarritan, ezaxolaz hartzen dira nesken lan onak, ideia bikainak eta ebazpen burutsuak, eta horrek adorea kentzen die emakumezko ikertzaile gazte askori, Chandralekha Singh fisikariak dioenez. Chandralekha Patnan (India) hazi zen, eta 1988an Kaliforniako Unibertsitatera iritsi zenean, ikaskideen artean aniztasun handiagoa aurkituko zuela uste zuen, baina ez zen hala izan: doktoregoa egiten ari ziren 36 ikasleko gela horretako emakume bakarra zen. Ordutik, egoera zertxobait hobetu da. Esaterako, 2019an, emakumeek fisikako gradu eta doktoretza tituluen % 20 jaso zuten Estatu Batuetan. Baina, erritmo horretan, genero parekotasuna ez da XXII. mendera arte lortuko.

Fisikako emakumezko ikasleen artean, ikasketekin jarraitzeko pisu handiena duen faktoreetako bat fisikako arazoak konpontzeko duten gaitasunean konfiantza izatea da, kalifikazioak alde batera utzita. 2015ean, estereotipoek eta itxaropen profesionalek fisikaren genero desorekan nola eragiten duten ikertu zuten Chandralekhak eta haren lankideek, eta horrek arazoaren zenbait alderdi aztertzera eraman zituen. Hasierako azterketak erakutsi zuenez, unibertsitateko fisikako graduko lehen mailako eskolen amaieran, kalifikazio bikainak jaso zituzten emakumeek kalifikazio kaskarrak zituzten gizonen konfiantza maila bera zuten beren trebetasunetan. Agian ez zaigu harrigarria iruditzen gizonek, oro har, beren buruarengan konfiantza handiagoa izatea fisikako ikasketak egiteko, baina kezkagarria da halako aldea egotea bi sexuen artean. Zerbaitek huts egiten du, baldin eta fisikako lehen urtean nota onak aterata neskek ez badute beren burua zientzialari gisa ikusten, eta mutilek, aldiz, ikasketak jarraitzeko eta amaitzeko erabakia hartzen badute.

fisika
1. irudia: Chandralekha Singh fisikaria. (Iturria: Wikimedia Commons – CC BY-SA 4.0 lizentziapean)

Era berean, ikertaldeak ikusi zuenez, emakumeak ez dira fisikari gisa oso identifikatuta sentitzen, ez baitira erabat onartuta sentitzen profesionalki jardungo duten eta beren bizitzaren parte izango den diziplina horretan. Neurri batean behintzat, ondorio horrek azal dezake emakumeek nola ulertzen duten beren burua: ez dute sentitzen barne hartzen dituztenik, “ez dute sinesten” (iruzurtiaren sindromea, “ez naiz behar bezain ona”). Anna Danielsonek horri buruzko datu oso argigarriak eman ditu bere doktorego tesian: fisika gizonekin eta maskulinitatearekin lotzen da sinbolikoki. Annak fisika, ikaskuntza eta generoa barne hartzen dituzten zenbait alderdi aztertzen ditu. Hark azaltzen duenez, “genero ikuspegia” ez da gizonezko ikasleak emakumezko ikasleekin alderatzearen parekoa; aldiz, generoa identitate sozialaren parte den alderdi gisa kontzeptualizatzen du, eta horrek aukera ematen du ikasleek “fisika” eta “generoa” nola egiten dituzten aldi berean aztertzeko.

Izan ere, zer da fisikaria izatea? Generoari eta fisikari buruzko eztabaidak sustatzea komeni da, baita generoari eta ingeniaritzari buruzkoak ere, besteak beste, eta karrera horietan finkatutako aurreiritziei buruzko hausnarketa kritikoetan inplikatu behar dira irakurleak. Ikasleek fisikari bihurtzen ikasten dute, fisika egiten dute, bai eta generoa ere, prestakuntza formalean oinarritzeaz gain, testuinguru pertsonal eta sozial zabalagoak barne hartzen dituen ikaskuntza batean. Ikaskuntza identitatea eraikitzeko prozesu bat da.

Anna Danielsonek adierazten duen moduan, irakasleek beren jardunbideari eta ezagutzeko eta ezagutza hori transmititzeko dituzten moduei buruzko galderak egin behar dizkiote beren buruari, ikuspegi berritzaileak erabiliz. Irakasleen jarrerek inklusioa, bazterkeria eta hierarkiak sortzen dituzte ikasgelan. Irakasleen beren esperientzia pertsonalak ez dira oso baliagarriak ikasleei irakasteko modurik onena lortzeko. Hain zuzen ere, ikasleak ez dira kasuan kasuko irakaslearen bertsio txiki batzuk.

Hainbat ikerketak erakusten dutenez, zientzietako ikasketak egiten dituzten ikasle askok ez dute estrategiarik zientzian duten parte hartzeari zentzua emateko, lorpen akademikoen arrazoia norberaren motibazioa eta berezko trebetasunak direla dioen diskurtso indibidualista bat besterik ez dute. Horiek horrela, fisika egiten dutenak sarritan ez dira jabetzen arazoa areagotzen dutela eta, agian, horrek eragiten du, hein batean, emakumeek fisika uztea. Singh fisikaria konturatu zenez, bere lankide askok zera uste zuten: norbaitek behar adinako interesa badu, fisika egiteko gai bada, matrikulatzea erabaki badu eta beharrezkoak diren oinarriak baditu, bere helburuari eutsiko dio. Irakasle horiek ez diote garrantzirik ematen isiltasunari; izan ere, lan on batengatik zorionik edo aitorpenik ez jasotzeak kolokan jar dezake jendeak bere buruarengan duen konfiantza, are gehiago talde kalteberetan edo bazterketa egoerak bizi izan dituztenetan.

Eileen Pollack idazleak emaitza adierazgarriak aurkeztu ditu balioeste positiborik ez izatearen ondorioei buruz, 2015eko The Only Woman in the Room: Why Science Is Still a Boys’ Club memorietan. Haren esanetan, gizon zuriak dira nagusi STEM eremuetan, baina fisika eremu bereziki homogeneo bat da. NSF (National Science Foundation) erakundearen arabera, 2013an, doktorego bat zuten fisikarien % 90 gizonak ziren, eta % 74 zuriak. Pollacken liburuaren amaieran, emakumeek fisika uzteko dituzten arrazoiak aztertzen dituzten artikulu batzuen laburpena aurki daiteke.

fisika
2. irudia: Eileen Pollack-en liburuaren azala. Pollacken liburuaren amaieran, emakumeek fisika uzteko dituzten arrazoiak aztertzen dituzten artikulu batzuen laburpena aurki daiteke. (Argazkia: Mujeres con Ciencia)

Hark ere “Catskills juduek” ikasten zuten ingurune berean ikasi zuen. Han, zientzia aurreratua eta matematikako eskolak debekatu zizkioten, zuzendariak hau baitzioen: “Neskek ez dute inoiz zientziaz eta matematikaz askorik jakin behar”. Oztopo hori gorabehera, bere kabuz kalkulua ikastea eta proiektu bat modu independentean burutzea lortu zuen; hala, Yalen onartutako emakumeen laugarren ikasgelan sartu zen. Unibertsitatean, fisikan espezializatzea erabaki zuen, eta espezializazio hori lortu zuten lehen bi emakumeetako bat izan zen. Baina, zer preziotan? Yalen amesgaizto bat bizi izan zuen: elikadura portaeraren nahasmenduak, antsietate atakeak eta porrot egiteko etengabeko beldurra izan zituen. Inoiz ez zuen sentitu ondo ari zenik, eta inoiz ez zuen inolako estimulurik jaso irakasleen aldetik. Hala ere, zenbait seinale objektibok ondo baino hobeto ari zela adierazten zuten. Adibidez, zenbait irakaslek beraiekin ikerketa proiektu independenteetan lan egitera gonbidatu zuten. Geure buruari galde diezaiokegu zergatik zuen Pollackek halako konfiantza falta, baina honezkero sumatzen dugu arrazoia: haren azken urtean, zenbait idazketa ikastaro egin zituen, eta guztiz bestelako esperientzia izan zuen. Ikastaroan emakume gehiago zeuden, eta irakasle eta ikaskideek adoretu eta babestu egiten zuten. Esperientzia horretan oinarrituta, Pollackek astrofisikari izateko ametsa bertan behera utzi zuen. Gaur egun, idazle ezaguna da eta idazketa irakasten du Michigango Unibertsitatean.

Bere bizitzako garai batean, Pollack bere bigarren hezkuntzako institutura eta Yalera itzuli zen, han izan zituen irakasleekin hitz egitera. Institutuan, fisikako irakaslea orain emakumezkoa zen, eta eskola aurreratuan hiru neskato zeuden. Aldiz, matematikako irakasleetako batek zera esan zion: “Mutikoak zientziako ideia onak garatzeko prestatuago daude”.

Yalen ere, Pollackek zenbait aldaketa ikusi zituen, baina ez aurrerapen askorik. Neska askok oraindik kezka hau zuten: “Feministatzat hartzen badituzte, mutilek ez dituzte beraiekin ibiltzera gonbidatuko”.

Eileen Pollacken ustez, honako hau da emakumeek ikerketako ikasketak uzteko arrazoia: “Zientzia espezializatuetako emakumezko ikasleek gizonek baino errefortzu positibo gehiago behar dituzte, baita haien irakasleentzat laudorio eskaera «barregarri» horiek ikerketan arrakasta izateko beharrezko seriotasunik edo konpromisorik ez dagoelako seinaleak direnean ere”.

Pollackek berak azaldu du nola sentitu zen bere graduatu aurreko proiektuko zuzendariaren bulegora joan zenean, bere tesirako arazo teoriko bat ebatzi ondoren: “Azkenik erantzuna aurkitu nuenean, pozaren pozez eta irribarre batez jo nuen zuzendariaren atea. Hala ere, ez dut oroitzen inolako laudoriorik egin zidanik. Sekulako gogoa nuen arazoa konpontzeko izan nuen trebetasunak fisikari teoriko gisa jarraitzeko behar bezain ona nintzela esan nahi ote zuen galdetzeko. Baina, jakina, hori galdetzeko beharra banuen, nire segurtasunik ezak oraindik prest ez nengoela iradokitzen zidalako izango zen”.

3. irudia: emakumeak ez dira fisikari gisa oso identifikatuta sentitzen, ez baitira erabat onartuta sentitzen profesionalki jardungo duten eta beren bizitzaren parte izango den diziplina horretan. (Argazkia: geralt – domeinu publikoko irudia. Iturria: pixabay.com)

Hainbat urte geroago, Yalera itzuli eta zuzendari izan zuenari bere fisika teorikoko proiektuaz zer pentsatzen zuen galdetu zionean, lan bikaina zela esan zion. Pollackek galdetu zion ea inoiz ikasleren bati graduondoko ikasketak egiteko adore eman zion, eta hark erantzun zion halakorik ez egiten saiatzen zela, oso eremu zaila zelako eta ikasleek beren kabuz erabaki behar dutelako.

Badakigu jarduteko modu hotz eta urrun horrek adorea eta ilusioa galtzea eragin eta segurtasun gabeziak sortzen dituela. Aholkulari askok fisikako ikasketak podiumaren gorenean mantentzeko duten asmoa diskriminatzailea, elitista eta oso etsigarria da. Ondo legoke ikasleen lorpenak positiboki aitortu eta balioesten ez dituztenean haiengan duten eraginaz jabetzea. Gainera, agerikoa dirudi aitorpen falta horrek eragin kaltegarria izango duela talde kalteberetako, gutxiengo sozial eta etnikoetako eta bizitza akademikoan bazterketaren ondorio asko pilatuta dituzten ikasleentzat. Zientzia esparru askotarikoa eta inklusiboa izateko, eta berori aberastuko duten ikuspuntuak izan ditzan, konponbide multzo bat eta erabaki sendo bat behar dira. Hurbileko tutoretzak egitea eta ordezkaritza txikia duten taldeei laguntzea mesedegarria izan daiteke talentua duten ikertzaileek akademia utz ez dezaten.

Ikerketa askoren ondorioak eta zientziako emakumeen kontakizunak ikusita, eszeptikoek ulertu beharko lukete fisikaren kulturak pertsona askorentzat eremu hori zaila izatea eragiten duela, baita ikuspuntu berriak emateko eta ezagutza sortzeko gai direnentzat ere, jarraitzeko eta ametsak betetzeko gogoa dutenentzat. Baina dibertsitatearen arloan benetako hobekuntzak lortzeko, beharrezkoa da inertziekin amaitu eta inplikatzea, erabakitasunez, fronte guztietan orokortutako ekintzak egiteko, baita ingurune hurbilenean ere. Hurbileko ingurunean, mesedegarria litzateke ondo egindako lanak goraipatzea, besterik ez, paternalismorik gabe, lana edozeinek egin duelarik ere (pertsona beltz batek, itsu batek, judu batek zein bizarrean rastak dituen pertsona zis batek); ez du kostu handirik eta ondorio harrigarriak ditu.


Egileaz:

Marta Bueno Saz (@MartaBueno86G) Salamancako Unibertsitatean lizentziatu zen Fisikan eta Pedagogian graduatu. Gaur egun, neurozientzien arloan ari da ikertzen.


Jatorrizko artikulua Mujeres con Ciencia blogean argitaratu zen 2022ko apirilaren 112an: Haciendo física, haciendo género.

Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko..