Asteon zientzia begi-bistan #413

Dibulgazioa · Zientzia begi-bistan

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

izurrite"

Ingurumena

Ikerketa berri batean, UPV/EHUko Zelulen Biologia Ingurumen Toxikologian taldeko ikertzaile batzuek ikusi dute pestiziden dosiak lurzoruaren ezaugarrietara egokitu behar direla. Ikertzaile hauek lau pestizidak zoruko bi organismo-motatan zer arrisku eragiten dituzten ikertu dute, Europaren iparraldean, erdialdean eta hegoaldean. Azaldu dutenez, lurzoruaren ezaugarriak eta ingurumen-aldagaiak aldatu egiten dira Europa zeharkatzen duen ardatz latitudinalaren arabera. Horregatik, lurzoruen ezaugarrien arabera toxikotasuna desberdina bada, ezin da aplikazio-dosi bakarra izan Europa osoan. Gehitu dute, gainera, garrantzitsua dela kontzentrazio horiek eragiten dituzten ondorio toxikoei erreparatzea. Azalpen gehiago Zientzia Kaieran.

AZTI zentro teknologikoa Bizkaiko golkoko uretan plastikoen banaketa espaziala zehazteko ikerketa baten buru izan da. Lau urtez aritu da zaborren banaketa hau definitzen, eta emaitzek erakutsi dute Bizkaiko golkoa irteerarik gabeko eremua dela mikroplastikoentzako. Hain zuzen, mikroplastikoak aztertutako laginetan dagoen plastikoaren % 93 dira. Gainera, datuen arabera, Frantziako uretan Espainiako kostaldean baino bost aldiz plastiko gehiago dago. Oro har, km2-ko 739.395 eta 2.625.271 plastikozko pieza dago uretan. Datu guztiak Elhuyar aldizkarian: Bizkaiko golkoa “kale itsua da” mikroplastikoentzat.

Seabin Pasaia gailuak bi urte daramatza Pasai San Pedroko ontziralekutik hondakinak biltzen. Saskibaloiko baloi baten diametroa duen ahoa du gailuak, eta horren azpian, sare bat. Uraren gainazaletik jasotzen ditu zaborrak, eta Pasaiako Mater Ontzi Museo Ekoaktiboa arduratzen da gero hondakinak aztertzeaz, eta baita aparatua kudeatzeaz ere. Astero jasotako hondakinen sailkapena egiteaz arduratzen dira, eta azaldu dutenez, bi urtean 181.196 hondakin zati bildu dituzte itsasotik, gehienak txiki-txikiak, hiru eta bost milimetro artekoak. Azalpenak Berrian: Itsasoko hondakinen ehiztari isila.

One Earth aldizkarian argitaratu dutenez, itsas eremu babestuek, bertako animalia eta landareentzat babesleku izateaz gain, eragin positiboa dute klima-aldaketan. Ondorio honetara iristeko, 241 itsas eremutan egin diren 22.403 ikerketa-lan berrikusi dituzte ikertzaileek. Jasotako datuekin ikertzaileek ikusi dute karbono-metaketa nabarmen handitzen dela babestutako eremuetan. Horrez gain, biodibertsitatea eta bertako bizidunen ugaltze-gaitasuna ere handitu egiten dira, eta baita arrantzaleen etekinak ere. Informazio gehiago Elhuyar aldizkarian.

Biologia

Eduardo Anguloren “Errezeta egiteko osagaiak: tomatea” artikulu-sortaren bigarren alea irakurgai dago Zientzia Kaieran. Oraingoan, tomatearen jatorri eta barietateez jardun du Angulok. Tomate landarea Mexikon etxekotu zen, hain zuzen ere, Maiek landatzen zuten XVI. Mendean. Dozena bat basa tomate espezie baino ez daude, baina bakar bat etxekotu zuten, Solanum lycopersicum izenekoa. Amerikaren konkistaren ondorioz tomatea mundu osora zabaldu zen ia, eta jatorrian zuen gene-aniztasunaren zati txiki bat baino ez zen hedatu. Hala ere, oraindik ez dago zientzialarien arteko adostasunik tomatearen bilakaeraren inguruan.

Harrigarria badirudi ere, animalietan barne-sistema kannabinoide bat deskribatu zen, sistema endokannabinoidea. Kannabinoideak kalamu landareak (Cannabis sativa L.) sintetizatutako metabolito sekundarioak dira, eta animaliok sustantzia hauekin erlazionatutako molekulak ditugu gure barnean. Besteak beste, ikusi da sistema kannabinoidea ugalkortasunean inplikatuta dagoela, eta jakina da kannabinoide exogenoen kontsumo kroniko sistemikoa kaltegarria dela ugalketa-prozesuetarako. Horregatik, kannabinoideak antzutasunaren diagnostiko posible gisa aztertzen hasi dira. Datu guztiak Zientzia Kaieran: Sistema endokannabinoideak emearen ugal-fisiologia modulatzen du.

Geologia

Zumaiako flyscha munduan interes geologikoa duten ehun ondareen zerrendan sartu dute. Zerrenda honetan azaltzen diren tokiek ekarpen nabarmena egin diote denek jakintzari, haiei esker eraiki baitira geologia zientziak. Asier Hilario, Euskal Kostaldeko Geoparkeko arduradun zientifikoaren ustetan, Zumaia da munduan dagoen lekurik hoberena lurraren historiaren zati konkretu bat irakurtzeko eta ulertzeko.Aitortza horri esker, Zumaiako geoparkeko arduradunek espero dute tokian-tokian kontserbaziorako edo hezkuntzarako egitasmoak sustatzea. Azalpenak Berrian: Geologiaren sorlekuak.

Paleontologia

Kantabriako Unibertsitateko zientzialari talde batek aurkitu du kantauriar eskualdeko neandertalak ehizaren atzetik joan zirela hegoalderantz. Espezie horren desagerpena mende oso batean zehar mantendu den misterioa da, baina egileek diote gero eta argiago dagoela prozesu hori Europako lurralde desberdinetan gertatu zela, eta seguru aski, arrazoi desberdinengatik. Iberiar penintsularen kasuan, egileek korrelazioa aurkitu dute garaiko ekosistemen eta neandertalen banaketaren artean. Mediterraneo aldean baldintza egonkorragoak aurkitu dituzte kantauriar eskualdean baino, eta tamaina ertain edo handiko belarjaleen biomasa ere handiagoa zela ondorioztatu dute. Informazio gehiago Zientzia Kaieran: Ehizaren atzetik joan ziren neandertalak hegoalderantz.

Osasuna

The Lancet-en Atzerako kontaketa taldearen arabera, osasuna erregai fosilen mende dago. Erregai fosilek giza osasunaren eta ongizatearen oinarriei eragiten die, eta populazioa zaurgarriagoa egiten du aldi berean gertatzen diren osasun-mehatxuekiko. Energia garbira trantsizionatzeak klima-aldaketa apalduko luke, aireko partikulen heriotzak saihestuko lirateke, eta guzti honekin osasun-zerbitzuak gainezka ez egitea ekarriko luke. Etorkizunerako, beraz, osasunean oinarritutako erantzuna proposatu dute, hori baita, haien ustez, klima- eta energia-krisiei eta hilkortasunari batera aurre egiteko modurik onena. Azalpenak Elhuyar aldizkarian.

Duela 700 bat urte Yersinia pestis bakterioak sortutako izurrite bubonikoak oraindik ere eragina du gure osasunean, ikerketa berri batek ondorioztatu duenez. Izurriteak gogor astindu zituen Afrika, Asia eta Europa, eta bizirik jarraitu zuten horien artean botila-lepo ebolutiboa eragin zuen. Argitaratu berri den lanaren arabera, sistema immunologikoko proteinen ekoizpenean inplikatuta dauden lau generen aldaerek baldintzatu zuten izurritearen aurrean babestuta egotea edo bizitza galtzea. Horrela, aldaera “egokiak” zituzten pertsonak biziraun zuten, eta horiek gailendu dira gure genoman. Ikerlariek ikusi ahal izan dutenez alabaina, aldaera horiek gaur egun gaixotasun immunologikoekiko joera handiagoarekin lotzen dira. Informazio gehiago Berrian: Eboluzioaren ordaina.

Psikologia

Rosa Mindegia Petrirena ikertzailea da ekarri du portadara Unibertsitatea.net atariak. UPV/EHUko Psikologia Fakultatean eta Herbehereetako Tilburg Unibertsitateko Giza Baliabideen ikerketen departamentuan dihardu. 2021eko maiatzean defendatu zuen bere tesia, erakunde bateko zuzendaritza-taldearen eta langileen arteko harremanean emozioek duten garrantziaren inguruan. Azaldu duenez, emozioak gu garenaren eta kanpora erakusten dugunaren zati handi bat dira, eta hauek lan-arloan aztertzea, beraz, ezinbestekoa da. Erakundeen eta lanaren testuinguruak intentsitate handiko emozio asko eragiten ditu, eta hau dela eta, lanean pertsonek duten portaera ulertzeak emozioak ulertzea ekartzen du. Lortu zituen emaitzen arabera, adimen emozional altuko lider taldeek hobe ulertzen dute beraien jarraitzaileek behar dutena, eta hauei hobe erantzuteko gai dira.


Egileaz:

Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta unibertsitate berean Biodibertsitate, Funtzionamendu eta Ekosistemen Gestioa Masterra egin zuen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.