Pestiziden dosiak lurzoruaren ezaugarrietara egokitu behar dira

Dibulgazioa · EHUko ikerketa

Elikagai Segurtasunaren Europako Agintaritzak (EFSAk) plagiziden erregulazioan erabiltzen duen PERSAM eredua nola hobetu ikertu dute UPV/EHUko Zelulen Biologia Ingurumen Toxikologian taldeko ikertzaile batzuek. Lau pestizidak zoruko bi organismo-motatan zer arrisku eragiten dituzten ikertu dute Europaren iparraldean, erdialdean eta hegoaldean.

Produktu fitosanitarioak kezka-iturri dira gaur egun, eragina izan baitezakete haien helburu ez diren zoruko organismo batzuetan, espezie horiek plagizida batzuekiko oso sentikor izan litezkeelako. Elikagai Segurtasunaren Europako Agintaritzak (EFSA, Europako nekazaritzako jardunbideak, produktu fitosanitarioen erabilerak eta abar arautzen dituen agintaritza) PERSAM (Persistence in Soil Analytical Model) izeneko gida eta tresna informatikoa garatu zuen orain urte batzuk, zoruko esposizioaren ebaluazioak egiteko.

Orain arte, PERSAM programak laguntzen zuen kalkulatzen zer kontzentrazio espero zitekeen produktu fitosanitarioen aplikazio jakin batetik. “Orain, lortu dugu estrapolatzea kontzentrazio horiekin zer arrisku izan litekeen, eta arrisku horretan zer faktorek eragiten duten ere. Ez bakarrik lurzoruaren baldintzak kontuan hartuta, baita uzta-motaren eta pestizida-motaren arabera ere”, azaldu du UPV/EHUko irakasle Manu Sotok.

lurzoruaren
Grafikoa: Esfenbalerato izeneko produktu fitosanitarioa aplikatu ostean, lurzoruan (a) eta lurzoruko poro-uretan (b) (1 cm-ko sakoneran) aurkitu daitezken kontzentrazioen banaketa-mapak. Konpartimentuetako kontzentrazioen arteko aldeak ageri dira (a vs b), baita eskualdeen arteko kontzentrazio-aldaketak ere, produktu fitosanitarioa Europa osoan antzera aplikatu den arren. (Iturria: UPV/EHUko prentsa bulegoa)

Lurzoruaren ezaugarriak eta ingurumen-aldagaiak aldatu egiten dira Europa zeharkatzen duen ardatz latitudinalaren arabera. “Lurzoruen ezaugarrien arabera toxikotasuna desberdina bada, ezin da aplikazio-dosi bakarren logika jarraitu Europa osoan; izan ere, baliteke dosi batek inolako eraginik ez izatea Suedian, adibidez, baina bai Espainian edo Frantzian. EFSAk hori bereizi nahi zuen, eta gurekin jarri ziren harremanetan, nahitaezkoa baitzen eskualdeetako aldakortasuna kontuan hartuko duen eta paisaian oinarritzen den ebaluazio-metodo bat garatzea”, azaldu du Erik Urionabarrenetxea UPV/EHUko ikertzaileak.

Lurra eta ur-poroak

Horrenbestez, Zoologia eta Animalia Zelulen Biologia Saileko ikertzaileek ikertu dute lau pestizidak zer eragin duten bi organismo-mota desberdinetan Europaren iparraldeko, erdialdeko eta hegoaldeko hainbat tokitan. Ikerketa zizareekin eta kolenboloekin (artropodoen taldeko izakiak, intsektuetatik hurbil daudenak) egin dute; izan ere, zizareei lurrean bertan dagoen kutsadurak eragiten die, eta kolenboloei, zoruko ur-poroetan dagoen kutsadurak. “Organismo bakoitzak dituen elikadura eta beharren arabera, batzuk besteak baino zaurgarriagoak dira lurzoruko konpartimentu batean edo bestean dagoen kutsadurarekiko”. Ikertzaileek diote arriskua kalkulatzeko faktore asko izan behar direla kontuan.

Hortaz, egindako ikerlanaren arabera, ikertzaileek ikusi dute aldea oso handia dela zoruko konpartimentu batetik bestera kontzentrazioek eragiten dituzten arriskuetan, eta adierazi dute hori kontuan hartu beharko litzatekeela araudia doitzeko unean, baita euroeskualdeen barnean izan daitezkeen paisaia-aldaketak ere. “Europaren iparraldetik hegoaldera aldakortasun handia antzematen da, baina baita eskualdeen barnean ere”, diote. Pestizida-motari dagokionez ere, ikusi dute “pestiziden ezaugarriek garrantzi handia dutela konpartimentu batean eta bestean duten partizioan”.

“Kontua da arriskua hobeto kalkulatzea, kontzentrazioetan bakarrik ez gelditzea, hori oso aldakorra izan baitaiteke. Garrantzitsua da kontzentrazio horiek eragiten dituzten ondorio toxikoei erreparatzea: zer efektu izan dezaketen eta horrek zer arrisku eragin dezakeen, gero nekazaritzako jardunbideetan aplikatu ahal izateko —diote ikertzaileek—. Gaur egun, lurzoruaren ezaugarriak kontuan hartu behar direla planteatzea aurrerapauso handia da, orain arte ez baitzen kontuan hartzen”. Lanean jarraitzen dute arlo honetan, “horrek guztiak ikuspuntu ekologiko batetik zer inpaktu izango lukeen aztertzen ari gara orain”.

Iturria:

UPV/EHU prentsa bulegoa: Pestiziden dosiak lurzoruaren ezaugarrietara egokitu behar dira

Erreferentzia bibliografikoa:

Urionabarrenetxea, Erik; Casás, Carmen; Garcia-Velasco, Nerea; Santos, Miguel; V. Tarazona, Jose; Soto, Manu (2022). Predicting environmental concentrations and the potential risk of Plant Protection Products (PPP) on non-target soil organisms accounting for regional and landscape ecological variability in european soils. Chemosphere, Volume 303, Part 2. DOI: 10.1016/j.chemosphere.2022.135045

1 iruzkina

  • […] Ikerketa berri batean, UPV/EHUko Zelulen Biologia Ingurumen Toxikologian taldeko ikertzaile batzuek ikusi dute pestiziden dosiak lurzoruaren ezaugarrietara egokitu behar direla. Ikertzaile hauek lau pestizidak zoruko bi organismo-motatan zer arrisku eragiten dituzten ikertu dute, Europaren iparraldean, erdialdean eta hegoaldean. Azaldu […]

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko..