Nekazaritzaren albo-ondorioa: aisialdi gutxiago edukitzea

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Nekazari izateak denbora librea kendu zigulako hipotesia berretsi dute antropologoek, landa lanean: gizarte tradizional batean egiaztatu ahal izan dute ehizan eta bilketaren ekonomiari lotuta mantentzen direnek aisialdi gehiago daukatela.

Lehen aldia zen AEBtako presidente bat Hiroshima bisitatzera zihoana, Bigarren Mundu Gerraren amaieran izandako pasarte latzaren orrialdea behin-betiko atzean uzteko asmoz. Marine One helikopteroan zihoala, alboan zuen Ben Rhodes segurtasun aholkulariari irakurtzen ari zen liburu bati buruz hitz egin zion Barack Obamak. “Interesgarria da ikustea nola gizakiek ez dioten onura gehiegirik atera nekazaritza-iraultzari. Aitzitik, bizitza hobeagoa zuten ehizan eta bilketan aritzen ziren gizarteetan zeudenean”, laburbildu zion. Rhodesek berak jaso ditu orduko azalpenak, Obamaren alboan igarotako urteak kontatzeko plazaratu duen The World as It Is liburuan.

1. irudia: nekazaritzak izugarrizko onurak ekarri dizkio gizateriari, baina, norbanakoen ikuspuntutik, antropologo askok uste dute ehiza eta bilketan oinarritutako ekonomikak abantailak zituela, bai nutrizioaren zein denbora librearen aldetik. (Argazkia: BBH Singapore/Unsplash)

Azalpen herretan sakondu zuen Obamak. “Nekazaritza iraultzaren hasieran jendea zerealetan zentratu zen. Baina alean oinarritutako dieta bat ez da proteinan, frutan eta fruitu lehorretan oinarritutakoa bezain nutritiboa eta orekatua. Ehiztari-biltzaileen gizarteetako kideak komunitate txikietan bizi ziren, hamar-hamabi lagunez osatutakoa, eta nekazaritzan aritzeko jendeak halabeharrez seme-alaba gehiago izan behar zituen. Horrek gaixotasunak biderkatu zituen, eta haurren heriotza tasa handitu zen ere. Funtsean, bizitzak txarrera jo zuen”.

Esku artean zuen liburua Yuval Noah Harari historialariaren Sapiens zen, eta, seguruenera, garai horretan munduan botere gehien zuen pertsonaren altzoan egotea nolabaiteko bermea izan zen gizateriarentzat. Honetan, eztabaida askorako zirrikiturik ez dago: Fox News baino aholkulari dezente hobeagoa da Harari. Orain euskaratu berri duten Sapiens liburu horretan zabaldu da, luze eta zabal, nekazaritzan zentratutako ekonomiara egindako jauziari buruzko hausnarketa hori, baina antropologoen artean aspaldiko eztabaida da hori.

Izan ere, adituek behin baino gehiagotan zalantzan jarri dute eskola garaian horrenbeste errotu ziguten ideia; edo, gutxienez, ñabardura ugari gehitu dizkiote. Ohiko planteamendu horrek dio Neolitoan gizakiak landareen eta animalien gaineko kontrola eskuratu zuela, eta horrek ahalbidetu ziola garapenaren bidezidorrean sartzeko, ehiza eta bilketaren garaiko ziurtasunik ezak eta arriskuak atzean utzita. Oro har, gizarte batean nekazaritza garatuta dagoenean, elikagaiak gertuago izateko abantaila dago, eta *ehiza eta bilketa neketsuan ibili beharrean, bizitza hobeagoa gozatzeko aukerarekin lotu ohi da. Trukean, —ohiko gizarteetan bederen—, nutriente aukera estuagoa eskuratzen da, ereiten diren landareen araberakoa baita nutrizioa, eta osasun egoera ere kaltetu ohi da.

Ondorio sozioekonomiko itzelak ekarri zuen ere nekazaritzak, noski. Nekazaritza garatu ahala, gero eta jende gehiagok aukera izan zuen ekoizpenari lotuta ez zeuden jardueretan aritzeko, uztak handitu ahala soberakina zegoelako. Hor hasi ziren loratzen, bada, zibilizazioak, eta, horiekin batera, soberakin horretaz profitatzen ziren apaizak, soldaduak, funtzionarioak, filosofoak, abokatuak, bertsolariak, JavaScrip programadoreak, kazetariak eta gainerako jendilajea.

Behar material gutxiago

Ideia horren aurkako planteamendua aspaldi jarri zuen mahai gainean Marshall Sahlins antropologoak. Haren ikuspuntutik, nekazaritzan oinarritutako ekonomiarako trantsizioak lan karga gehiago eta denbora libre gutxiago ekarri zituen, albo-ondorio modura. Funtsean, Sahlinsek proposatu zuen gizarte tradizional horiek behar material gutxiago zituztela, eskura zituzten baliabideen arabera bizi zirelako.

2. irudia: Filipina uharteetan bizi da agta herria, eta bertako kide batzuk nekazaritzan hasi badira ere, beste batzuk ehiza eta bilketan mantendu dira. Horrek aukera eman die ikertzaileei aspaldiko hipotesi bat egiaztatzeko. (Argazkia: Mark Dyble/University of Cambridge)

Dena dela, jakina da zientzian gauzak proposatzea libre dela, baina, ideiez harago, mahai gainean jartzen diren ebidentzien pisuaren araberakoa izango dela idea batek jasotzen duen onarpena. Horretaz jabetuta, antropologo talde batek hipotesia egiaztatzeko eredu baten bila ibili dira.

Agta herriaren hamar kanpamendutan egindako landa lana baliatu dute horretarako. Ez da lehen aldia Filipinetako herri hori halako ikerketa batean erabiltzen dutena. Duela gutxi bertan beste hipotesi bat mamitzeko baliatu zuten agta herria: istorioen narrazioak balore adaptatiboa izan dezakeela dioen ideia, hain zuzen.

Oraingoan, eta agta herriaren baitan ehizan eta bilketan oinarritutako ekonomian aritzen direnak zein nekazaritzarako pausua egin duten populazioak badaudela aprobetxatuta, ikusi nahi izan dute ea hautu horrek zer nolako aldaketak dakartzan aisialdiari dagokionez. Horretarako, funtsean, haien jarduna zein den ikusi dute, eta hori kuantifikatu eta sailkatu dute.

Landa antropologiaren ohitura onei jarraiki, tokian bertako jarraipena egin dute, bi urtez. Zehazki, 359 lagunen jarraipena egin dute, goizeko 6etatik arratsaldeko 6ak arte uneoro zer egiten ari ziren erregistratuz. 11.000 behaketa inguru, orotara. Modu horretan, bereizi ahal izan dute noiz ari ziren umeen zaintzan, etxeko lanetan, kanpamendutik kanpoko lanean eta aisialdian.

Nature Human Behavior aldizkarian argitaratutako zientzia-artikulu batean jaso dute ikusi eta ikasitakoa. Emaitza garbia atera dute. Batez bestean, nekazaritzan ari direnek astean 10 ordu gutxiago eskaintzen diete aisialdiari. Nekazariek astean 30 orduko “lan astea” dute, eta ehiztari-biltzaileek, berriz, 20 ordukoa.

Oro har, haien jarduna modu horretan antolatzen da: 24 ordu lanean kanpamendutik kanpo, 20 ordu kanpamenduan, etxeko lanak egiten, eta 30 ordu aisialdian. Baina aurretik aipatutako alde nabarmen hori ikusi dute jarduera ekonomiko bakoitzean aritzen direnen artean.

Lanaren banaketa sexuala dagoela egiaztatu dute ere: gizonezkoek denbora gehiago ematen dute kanpamendutik kanpo eta emakumezkoak kanpalekuan, etxeko lanetan eta umeen zaitzan. Baina nekazaritzaren heltzearekin batera, emakumeek nekazaritzan ere parte-hartzen dute, eta horiek galtzen dute aisialdi gehien. Aisialdi gutxiago duten agtarrak 30 urte ingurukoak dira, bai emakumezkoetan zein gizonezkoetan, baina aisialdirako aukera handitzen da zahartzen direnean.

Zientzia-artikuluarekin batera argitaratutako iruzkin batean, Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko ikertzaile Victoria Reyes-Garciak ohartarazi du kontuz ibili behar dela datu hauek Historiaurreko gizarteekin alderatu nahi baditugu, besteak beste, gaur egungo paisaiak oso desberdinak direlako, eta orain egiten den nekazaritzak ez duelako zerikusirik Historiaurrean egin zitekeenarekin. Ohartarazi du ere gaur egun Mendebaldeko gizarteetan aisiari buruz dugun kontzeptua aisialdia ongizateari lotzen zaiolako, baina hau ez da izan behar halabeharrez gizarte txikietan edo Historiaurrean.

Reyes-Garciaren aburuz, bada ikerketan atera daitekeen irakaspen garrantzitsu bat, eta, horretarako, jatorrizko teoriara jo du. “Sahlinsek argudiatu zuen ehiza eta bilketan oinarritutako gizarteek aisialdi gehiago zutela behar ‘mugatuak’ zituztelako. Gaur egun, krisi ekologikoan gaudelarik, eta materialen kontsumo mugagabeagatik baliabideak gehiegi xahutzen ditugun honetan, badirudi Sahlinsen argudioak garrantzi handia duela. Agian atzera begira jar gintezke, ehizan eta bilketan oinarritutako Historiaurreko gizarteei begira, gure desio materialak mugatzeko, eta, aldi berean, aisialdi pixka bat berreskuratzeko“.

Erreferentzia bibliografikoa

Dyble, M., Thorley, J., Page, A.E., Smith, D. & Migliano, A.B. (2019): Engagement in agricultural work is associated with reduced leisure time among Agta hunter-gatherers. Nature Human Behaviour (2019). DOI: 10.1038/s41562-019-0614-6


Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

1 iruzkina

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.