Sistema endokannabinoideak emearen ugal-fisiologia modulatzen du

Argitalpenak · Dibulgazioa

Kannabinoideak kalamu landareak (Cannabis sativa L.) sintetizatutako metabolito sekundarioak dira. Bitxia badirudi ere, animalietan barne-sistema kannabinoide bat (sistema endokannabinoidea) deskribatu zen. Sistema hori honako hauek osatzen dute: kannabinoide-hartzaileek (CB1 eta CB2), barne-estekatzaileek (anandamida (AEA) eta 2-arakidonoilglizerol (2-AG) endokannabinoideak) eta sintesi- [N-arakidonoilfosfatidiletanolamina (NAPE-PLD), N-aziltransferasa (NAT) eta diazilglizerol lipasa (DAGL)] eta degradazio-entzimek [gantz-azidoen amida hidrolasa (FAAH) eta monoazilglizerol lipasaMAGL)].

Besteak beste, sistema kannabinoidea ugalkortasunean inplikatuta dagoela ikusi da: gametogenesian, ernalketan, enbrioiaren ezarpenean, plazentazioan, haurdunaldian eta erditzean eta sistema kannabinoidean parte hartzen duen makinaria guztia ugal-aparatuko organo, ehun eta zeluletan dagoela frogatu da. Gure taldeak, hala nola, sistema kannabinoidea bai giza obozitoetan eta granulosetan zein behien obozitoetan adierazten dela deskribatu du.

endokannabinoideak
Irudia: barne-sistema kannabinoidearen osagai nagusiak: kannabinoide-hartzaileak (CB1 eta CB2), barne-estekatzaileak (AEA eta 2-AG endokannabinoideak) eta sintesi- (NAPE-PLD, NAT eta DAGL) eta degradazio-entzimak (FAAH eta MAGL). (Iturria: Ekaia aldizkaria)

Jakina da kannabinoide exogenoen kontsumo kroniko sistemikoa kaltegarria dela ugalketa-prozesuetarako. Oro har, sistema endokannabinoidea kanpotik modulatzen denean, kannabinoideek HPO ardatzaren erregulazioa asaldatzen dute, ugaltze-sistema kaltetuz (adibidez, obulaziorik gabeko hilekoak izatea). Gainera, GnRH hormonaren jariaketa murrizten dute eta hormona horrek gonadotropinen (FSHa eta LHa) askapena ekiditen du, gonaden funtzioa erabat kaltetuz. Era berean, sistema endokannabinoidearen adierazpenean egon litezkeen kalteak antzutasunarekin erlazionatuta daude.

Sistema endokannabinoidearen edozein osagairen aktibazioak edo eraldaketek eragina duten bezala ugalketaren fisiologian, sistema endokannabinoidean egon daitezkeen gabeziak ere kaltegarriak dira. Saguekin egindako azterketa batzuek iradokitzen dutenez, obozitoetan kannabinoide-hartzaileen gabezia egoteak, ernalketaren ondorengo enbrioiaren garapenean akatsak eragiten ditu eta CB1 hartzailearentzako knockout genotipoko saguen % 40 inguruk haurdunaldiaren galera erakusten du. Are gehiago, gure emaitzek erakutsi zuten CB1 hartzailearen gabeziak efektu kaltegarriak zituela obarioaren morfologian, folikulugenesian eta obulatzen duten obozitoen kalitatean. Gainera, CB2 hartzailearen galerak aipatu berri ditugun prozesu horietan akats hain esanguratsuak sortzen ez dituen arren, kannabinoide-hartzaile biak ez egoteak areagotu egiten zuen kaltea, batez ere obulutegien tamaina txikiagoak eta folikulu kopuru gutxiago aurkituz; CB2 hartzaileak ere garrantzia zuela erakutsiz. Ez hori bakarrik, eCG hormonaren eraginkortasuna ere kaltetua ikusi da kannabinoide-hartzaile biak falta zaizkien animalietan. Horregatik, badirudi kannabinoide-hartzaileen faltak obulutegien bizitza funtzionala eta kalitatea okertzen dituela.

Hortaz, bai kannabinoideen gehiegizko esposizioa zein sistema endokannabinoidearen osagairen baten gabezia kaltegarriak izan daitezkeenez ugal-prozesuetan, ondoriozta genezake sistema endokannabinoideak prozesu horiek modulatzen dituela eta garrantzitsua dela barne kannabinoideen kontzentrazioa ondo erregulatua egotea. Horregatik, kannabinoideen erabilera aztertzen hasia da, antzutasunaren diagnostikoan biomarkatzaile posible gisa edota praktika klinikoan tratatzeko itu terapeutiko posible gisa. Esaterako, gure ikerketa-taldeak lerro interesgarri bat zabaldu du kannabinoideen erabilera terapeutikoa aztertuz obozitoen in vitro heltzeko (IVM) medioen eraginkortasuna hobetzeko. Posibletzat jotzen zen endokannabinoideen seinaleztapenak folikulugenesia eta obozitoen heltze-prozesuak modula zitzakeela, eta saguetan eta behietan egindako ikerketek frogatu dute lagunduriko ugalketa-tekniken eraginkortasuna hobetu daitekeela, teknika horietan erabiltzen diren hazkuntza-medioak kanabinoideekin aberastuz gero.

Artikuluaren fitxa:

  • Aldizkaria: Ekaia
  • Zenbakia: 42
  • Artikuluaren izena: Sistema endokannabioideak emearen ugal-fisiologia modulatzen du.
  • Laburpena: Sistema kannabinideak ugal-sistemaren prozesu desberdinetan parte hartzen du, eta jakina da kannabinoide exogenoen kontsumo kroniko sistemikoa kaltegarria dela ugalketa-prozesuetarako; sistema endokannabinoidean izan daitezkeen gabeziak, halaber, ez dira mesedegarriak. Frogatu da sistema endokannabinoidearen edozein osagairen aktibazioak edo eraldaketek eragina izan dezaketela ugalketaren fase desberdinen erregulazioan eta bizitza berri baten hasiera arriskuan jar dezaketela. Horregatik, kannabinoideen erabilera lagungarria izan liteke, antzutasunaren diagnostikoan biomarkatzaile posible gisa edota praktika klinikoan tratatzeko itu terapeutiko posible bezala.
  • Egileak: Lide Totorikaguena Iturriaga, Estibaliz Olabarrieta López, Naiara Agirregoitia Marcos, Ekaitz Agirregoitia Marcos
  • Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
  • ISSN: 0214-9001
  • eISSN: 2444-3255
  • Orrialdeak: 241-252
  • DOI: 10.1387/ekaia.22702

Egileez:

Lide Totorikaguena Iturriaga, Estibaliz Olabarrieta López, Naiara Agirregoitia Marcos eta Ekaitz Agirregoitia Marcos UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko Fisiologia saileko ikertzaileak dira.


Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko..