Giza espeziean, gainerako animalietan bezala, norbanakoek –gure espeziearen kasuan, emakumeek gehienbat– eskuragarri duten elikagai kopuruak eragin erabakigarria izango du ugalkortasunean. Hori, agerikoa dirudien arren, ez da erraza izan dokumentatzeko, batik bat egungo herrialde garatuetan bikoteek ugalketaren inguruko kontrol nahiko eraginkorra dutelako eta ugalketarekin lotutako erabakien atzean askotariko arrazoiak daudelako.
Zorionez, industriaurreko gizartearen inguruko informazio historikoa baliatu ahal izan da gai horien inguruan aztertzeko. Ikerketa talde batek parrokia erregistroetara jo du ikusteko ea erlaziorik baden, batetik, ugalkortasunaren eta, bestetik, estatus sozioekonomikoaren, elikagaien eskuragarritasunaren eta beste faktore batzuen artean. Horretarako, Finlandiako nekazaritza eremuetako parrokia erregistroak aztertu dituzte, 1649. eta 1900. urteen bitartekoak; horrez gain, zekale uztaren inguruko datuak baliatu ahal izan dituzte, hori aztertutako parrokien eremuetako zereal eta elikagai iturri nagusia izanik. Ikertzaileek jakin nahi zuten ea bikoteen nutrizio baldintzen adierazle egokia den ezkontzatik erditzera arte igarotako denbora tartea.
Ezkontzaren eta lehenengo umearen jaiotzaren artean igarotako batez besteko denbora 25,9 hilabetekoa zen, baina alde nabarmenak zeuden ikertzaileek zehaztutako hiru maila sozioekonomikoen artean: altua, ertaina eta baxua. Emakume txiroak aberatsak baino 2,6 hilabete geroago erditzen ziren lehenengo umeaz, eta maila ertainekoak baino 3,0 hilabete geroago. Bi maila horietako –ertainak eta altuak– emakumeen arteko desberdintasunak ez ziren esanguratsuak.
Nutrizio baldintzek –urte bakoitzeko pikor uztan ikus daitekeenaren arabera– eragina zuten ezkontzaren eta lehen erditzearen arteko denbora tartean, baina soilik maila ekonomiko baxuko emakumeen kasuan. Hortaz, ugalketarako gaitasunari dagokionez, emakume txiroengan zuen eragina elikagaien eskuragarritasun txikiagoa izateak. Maila ertaineko eta altuko emakumeek, berriz, uzta txarren eragina ekidin edo neutralizatu ahal izateko beste baliabide batzuk zituzten eskuragarri.
Azterketa honi esker, ikerketa taldea bere hasierako helburutik haratago joan ahal izan zen, ikusi ahal izan baitzuten ugalketarekin erlazionatutako bestelako aldagaiek lotura zutela ezkontzaren eta lehen erditzearen arteko denbora tartearekin. Bada, tarte hori zenbat eta txikiagoa izan, orduan eta luzeagoa zen erreprodukzio bizitza, jaiotzen arteko tarteak, berriz, laburragoak eta, beraz, ugalketa arrakasta globala, handiagoa. Hori horrela izanik, baliabide gutxien zituzten emakumeek, geroago erditzeaz gain, urte gutxiagoko aldi batean izaten zituzten umeak, eta jaiotzen artean igarotako denbora tarteak luzeagoak ziren.
Ugalketa funtzioan eragin handia izango du eskuragarri izandako elikagai kopuruak edo eskuratu daitekeenak. Nutrizio baldintzek, ziklo menstrualean eragiteko adinako gogorrak ez direnean ere, hormona esteroide kopuruari eragiten diote. Horren ondorioz, kontzebitzeko aukerak murriztu egiten dira elikadura baldintzak txartzen direnean. Jaiotza tasa kontrolatzeko bitartekorik ez duten Afrikako nekazaritza herrietan, ugaltzeko adinean dauden emakumeen esteroide kopurua txikiagoa da uztaren aurretik, horren ondoren erregistratzen dena baino. Eta aldaketa horiek azaltzen dute herri horietako jaiotzei dagokien urte sasoiaren araberako eredua. Fenomeno horrek egokitze balio argia du, erreprodukzioa handitzen baitu uztaren ondorengo urteko sasoietan, hau da, energia balantzea positiboa denean eta garapen bidean dagoen umekiaren beharrak asetzeko adina baliabide daudenean.
Normalean ez da aztertzen elikagai kopuruaren inguruko aldaketa txikiek ugalkortasunean izan dezaketen eragina. Hobeto ezagutzan dira gosete handien ondorioak; horietan jaiotze tasaren beherakada handiak ikus daitezke, orokorrean, populazioan. Bereziki ondo ezagutzen dira Finlandiako 1866-1868 aldiko goseteen ondorioak, baita Holandako 1944-1945 aldikoak ere; horietan gizarte maila guztietako emakumeen ugalkortasunak beherakada handia izan zuen, baxuenetan eragin larriagoa izan arren.
Ikerketa honek eta antzekoek aldagai demografikoen eta faktore nutrizionalen arteko erlazioa erakusten dute. Eta erakusten dute, orobat, aldagaien arteko erlazioa muturreko egoeren –lehenago aipatutako goseteak– aurrean ez ezik, tamaina txikiagokoetan ere azaltzen dela. Komeni da gogoratzea hautespen naturala ugalketa arrakastaren aldeen eta desberdintasunen araberakoa dela; hori horrela izanik, mota honetako ikerketek gure espeziearen –bai, baita gure espeziaren ere– eboluzioan eragina izan duten eta oraindik ere baduten mekanismoak ezagutarazteko balio dute.
Erreferentzia bibliografikoa:
Nenko, Idona; Hayward, Adam D.; Lummaa, Virpi (2014). The effect of socio-economic status and food availability on first birth interval in a pre-industrial human population. Proceedings of the royal society B, 281, 20132319.DOI: 10.1098/rspb.2013.2319
Egileaz:
Juan Ignacio Pérez (@JIPerezIglesias) UPV/EHUko Fisiologiako katedraduna da eta Kultura Zientifikoko Katedraren arduraduna.
1 iruzkina
[…] batez beste, emakumezko 100 haur bakoitzeko. Herrialdea eta historiaren unea alde batera utzita (erregistro fidagarriak daudenetik), beti mutil gehiago jaiotzen dira neskak baino, eta horrek agerian uzten du […]